Aitor Gorosabel: 'Geure ilusinoa gustetan jakun honetan segidutea da'

Koldo Isusi Zuazo 2014-01-03 14:45   Barriketan
Su Ta Gar taldeko abeslaria

Bizirik gaude hamargarren diskoa dabe eibartarrek eta taldearen 25. urteurrenagaz bat egin dau, izan be, 1988ko abuztuaren 14an igon ziran lehenengo aldiz agertoki batera.

Astegoienean amaituko dabe Bizirik gaude birea, Bilboko Kafe Antzokian, urtarrilaren 4an eta Atarrabian, urtarrilaren 5ean emongo dituen kontzertuakaz. Aitor Gorosabel abeslariak gustora erantzun ditu gure galderak:


1.- Bizirik gaude Bira 2013 amaitzeko kontzertu bi falta jatzuez, Bilboko Kafe Antzokian, Urtarrilaren 4an eta Atarrabiako Totem aretoan, 5ean. Azken txanpan, danetara zenbat kontzertu izan dira? Gustora zagoze jentearen erantzunagaz, ze balantze egiten dozue?

Hogei bat kontzertu edo izango dira danetara baina segiduteko gogoagaz gagoz; Bilbokoa eta Atarrabiakoa oraingoz zerrendako azkenak dira baina kontzertu gehiago emoteko prest gagoz. Bilbon, Eratu (21:45) taldeagaz batera joko dogu eta Atarrabian, barriz, Insomnio Kronikogaz (22:15).

Gu geu disfrutetan gagoz eta jentearen erantzunagaz oso pozik gabilz, balantzea sano positiboa da. Hasieratik igarri genduan zaleei asko gustau jakela diskoa eta zuzenekoetan be jentearen berotasuna sentidu dogu. Euskal Herriko txokoetan zein estadu mailan gustora ibili gara, aurreikusitako itxaropen edo asmo guztiak bete dira.


2.- Bartzelonako Razzmatazz eta Valentziako Rockcity lako areto klasikoetan jo dozue eta oso oker ez bagagoz telonero barik. Zelako esperientziak izan dira?

Esperientzia zoragarriak. Etxetik kanpora eta holako areto mitikoetan jotea polita izaten da. Era berean, Madrileko eta Logroñoko kontzertuak be azpimarratuko neukez. Madrilen 300 lagun inguru izango ziran eta topera ibili ginan lehenengo kantuetan hasita. Logroñoko kontzerturako sarrerak agortu egin ziran eta bira honetan bigarrenez pasau jaku hori.

Zuk esandakoen ganean, Razzmatazzekoa bombazo bat izan zan, 400 persona inguru egon ziran eta kontzertu ederra izan zan. Valentziako hitzordura ehun bat lagun hurreratu ziran eta ondo egon zan baina holako areto handietan ehun lagun ez dira asko; holako jente kopuruaren aurrean joteko egokiagoak dira tabernak edo areto txikiak.


3.- Guadalajarako kontzertuaren aurretik, bakarrizketa saioa izan zan J. J. Vaquero eta Nacho Garciagaz. Arraroa edo bitxia behinik behin...

Bai. Guretzat ederra izan zan ze logistika aldetik mikrofonoak kentzea besterik ez egoan gu kantetan hasteko. Jentea erakarteko formula barrien bila aretoko arduradunei lehenengoz okurridu jaken umorezko bakarlariak sartzea kontzertuen aurretik. Baina publikoa bat zan bakarlariei begira egoana eta beste bat, barriz, kontzertura hurreratu zana. Hori bai, esperientzia ederra begitandu jakun.


4.- Krisi sasoi betean, lanbakoentzako sarrerak be zozketatu izan dozuez. Zelan okurridu jatzuen ideia?

Borxa eta Xabiren ideia izan zan eta aukera ona da krisi sasoi betean estu dabilzanek aukerea izan deien kontzertuetara joateko. Badakigu batzuk ezin dabela gure kontzertuetarako sarrerarik ordaindu; egoera tristea da eta jenteak premina handiagoak eta bestelako lehentasunak izan leikezan arren, ideia ona da eta honezkero ikasleek be eskatu ditue antzeko neurriak. Izan be, dana beharrean dago jente asko eta sarrerak zozketatzearena ez da ideia txarra.


5.- Atarrabiako Totem aretoan emongo dozuen birako azken kontzertuan zeozer berezirik egingo al dozue?

Ez. Birako azkena da baina birako gehientsuenak lez, geuk antolatutakoak dira eta espero dogu Atarrabiakoa kontzertuaren ostean, jentea deika hastea kontzertu gehiago berbatuteko. Diskoa aurkezten gustora gabilz eta nik neuk behintzat ez daukat buruan Atarrabiakoa azkena danik. Kontzertutik kontzertura errepertorio aldaketatxu batzuk egin izan doguz baina Atarrabian be diskoa aurkeztuko dogu; kontzertu indartsua izatea espero dogu, gure betiko estiloan.


6.- Bizirik gaude, 25 urteko ibilbidean, estudioko 10. diskoa dozue. 25 urteko ibilbidea daben taldeak ez dira asko eta diskoaren izenburuagaz horixe nabarmendu gura izan dozue?

Ez, izenburua ez dago lotuta gure 25 urteko ibilbideagaz, ez ipintekotan be egon ginan jenteak horixe pentsauko ebalakoan. Langile mobimentuari eskainitako kantua da Bizirik gaude; botere ekonomiko eta politikoen aurrean burrukarako deia da, oraindino bizirik gagozalako. Egoera gogorrei aurre egiteko deialdi hori indartzeko balio dau diskoaren azalak be, mundu apokaliptiko batean tente dagoan mutil bat agiri baita. Diskoaren azala Xanti Rodriguez Legen Beltzako abeslari eta argazkilari azpeitiarraren lana da.

Dana dala, taldea be bizirik dago 25 urte geroago eta normala da jenteak Bizirik gaude diskoaren izenburua ikusita, gugaitik dala pentsetea.


7.- Su Ta Gar taldearen betiko estiloa agiri da lan barrian be baina atentzinoa emon deuskuna, Zure baitan kantua da. Bideoan orain 25 urteko irudiak agiri dira eta dokumentu lez ederra da, ule luzea, gogoa, ilusinoa... Taldea zelan aldatu da 25 urteotan?

25 urte geroago nork esango euskun hemen jarraituko genduanik... Taldea baino personak aldatu dira. Gaztetasuna galdu egin dogu, freskotasun hori, lainoetan gengozan, ideia eta asmo handiakaz; gaur egun, barriz, hankak lurrean daukaguz eta esperientzia hartu dogu. Ganerakoan, betiko ilusinoagaz gabilz baina badagoz gorabeherak, izan be, lehen kontzertuak emon eta ondo pasetea zan gure asmoa eta gaur egun, barriz, beste gauza batzuk baloretan doguz, berbarako, publikoari barruan daukagun guztia eta ahalik eta ondoen emoteko ikasteko goseari eustea eta hogeita bost urte geroago, geure ilusinoa gustetan jakun honetan segidutea da.


8.- Jo ta Ke Ekoizpenak zigiluagaz atara dozue diskoa eta grabazinoa eta masterizazino be Lorentzo Records estudioan egin dozuez. Etxean gustora?

Bai. Diskoagaz oso pozik gagoz. Ez dogu izan tentazinorik kanpoko jenteagaz behar egiteko, oso eroso eta gustora gagoz etxean. Lagunak gara eta estudioa nire etxetik 10 minutura edo dago. Akaso, komertzialagoa bai izan daiteke atzerrira joatea eta izen handiko produktore bategaz behar egitea baina gustora zabilzanean aldaketek bildurtxua eragiten deutsue.


9.- Joandako urriaren azkenetan diskoa aurkeztu eta birea amaituta, ze erronka ditu taldeak aurrera begira?

Orain arte behar asko egin dogu, ez zuzenekoakaz bakarrik, diskoa preparau, grabau, aurkeztu, medioetarako alkarrizketa asko egin doguz eta hemendik aurrera fase lasaiagoa biziko dogulakoan nago nahiz eta jakin laster udaletako aurrekontuak zarratu ostean eta aurtengo jaietarako kontzertuetarako deika hasiko jakuzala.

Horrezaz gan, aurten amaiera alderako edo disko barria pentsetan hasiko gara segurutik.


10.- Bizimodua taldeagaz ataratea presinoa ala bizigarria da?

Bien buztarketea nabarmenduko neuke. Aspaldi hartu genduan profesionalizazinorako erabagia eta hor segiduten dogu. Horren aldeko apostua egin dogunok Xabi, Borxa eta neu gara eta hor gabilz burrukan eta urte batzuetan behintzat holan jarraitu gura geunke. Badakigu hau mundua aldrebesa dala eta egunetik egunera aldaketak izan daitekezala baina egiten dogun honetan sinisten dogu eta gure indar guztiakaz saiatuko hara taldeagaz aurrera egiten.


11.- Amaitzeko, zaleentzako mezurik?

Jarraitu deiela orain arte lez zintzo eta leial gure ondoan (Kar, kar, kar). Ganerakoan, bateren batek ez badaki, gure nondik norakoak jarraitzeko bideak bat baino gehiago dira: batetik, gure webgunea; bestetik, akaso mobimentu gehien daukana, gure Facebook perfila, kontzertu zein anekdoten barri gura izan ezkero. Horrezaz gan, naiz.info helbidean bloga daukagu, kontzertuen kronika eta bestelakoakaz Xabi Bastidaren eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu