Garbiñe Ubeda: 'Gerreaz lehen gitxi esan da, eta gitxi esan dalako orain asko esan beharra daukagu'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-12-30 10:57   Barriketan
Idazlea eta kazetaria

Jose Bermejo miliziano anarkistearen bila dabil haren loba Bakartxo. Izekoak gordetako gutun batzukaz hasten dau bidea, eta hortik aurrera, apurka-apurka, pausuz pausuz, aititaren inguruko sekretuak argitzen joango da. Makina bat urtean gordetako mina, halan edo holan urten egiten da sarritan. Eta hori da Garbiñe Ubedaren (Tolosa, 1967) lehenengo nobelearen abiapuntua, izan be Hobe isilik (Elkar) bada egilearen beraren eta familiaren historia bere.


1.- Hauxe dozu zure lehenego nobelea, eta lehenengo aldiz be fikzinoa idatzi dozu. Gustura ibili zara fikzinoa idazten?

Lehenengoz idatzi dot nobela formatuan, baina ez dau esan nahi ez dodanik lehenago fikzinorik idatzi. Adibide bat jartearren, orain dala urte bi edo Berria egunkarian kronika batzuk idatzi nituan, egunero kronikatxu bat, eta nahiz eta benetako kontakizunen itxurea izan, asmatutakoak ziran, errealidade itxurea eben baina. Maila batean, fikzinoa idazten ibilia naz, baina holako proiektu luze bati orain arte ez deutsat ekin. Nobela bat idaztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Entrenamendu moduko bat izan dot, bai.


2.- Eta zelan buztartu dozu hori danori kazetaritzegaz?

Jenteak gauza guztiz desbardin bezela ikusten ditu kazetaritzea eta literaturea, nik ez dodaz hain urrun ikusten bata eta bestea. Urrun dagoz, beharbada, egunkari baten eguneroko albisteak idatzi behar dituan kazetariaren lana eta nobelea idazten dauenarena. Guk Argia-n, esaterako, landu doguzan erreportaje luzeek-eta aukera gehiago emoten deutsuez. Besterik ez bada be, kazetaritzeak laguntzen deutsu lumea zorrozten, edo estilo bat osotzen.


3.- Beraz, zuri lanbideak lagundu egin deutsu.

Bai, nire kasuan lagundu egin deust, duda barik. Ez dot hain urrun ikusten nire kazetaritzea eta literaturea, nik uste dot nahikoa urrekoak dira kasu askotan. Errealidadean oinarritutako nobela bat idazteko, laguntzen dau, bai, akaso poesia fantasiosoa idazteko, ba ez.


4.- Augustin Zubikarai beka irabazi zenduanez, ganera epe jakin baten amaitu behar izan dozu lana. Mesede egin deutsu, ala lar estutu zaitu?

Orain urtebete edo emon eustien saria, eta horregaz batera epea emoten deutsue. Beti dago aukerea, kasu batzuetan, epea luzatzeko. Nik, barriz, amaitu egin behar neban. Estutu nau, baina polita izan da. Epeari ez badeutsazu zorrotz heltzen amaituezinak bihurtzen dira lanak, eta azkenean jasanezinak dira. Nik ez dot hori nahi, nik gozau nahi neban maila batean.

Gatxa da norbere buruari diziplinea ipintea, eta egunero apur bat egitea, nahiz eta oso nekatuta etorri, nahiz umeekaz firin-faran ibili. Hori izan zan nire erronkea, akuilu hori ona izan da, bestela ez dira amaitzen lanak. Ni bezelako desastreek ez leukie sekula amaituko, kar, kar. Kirolean lez, ez dau balio egun baten sekulako balentria egitea, eta gero hilabete bi ezer egin barik egotea, egunero egin behar da zeozer. Antzera ikusten dot nik, egunero ipini behar deutsazu erronkea zure buruari.


5.- Bakartxo da protagonistea. Gerra ostean desagertutako aititaren bila hasten da, hori da abiapuntua. Zeure historiagaz, familiaren historiagaz zerikusia dauka, ezta?

Bai, guk badaukagu aitita bat desagertua, 36ko gerrea eta gero desagertu zan. Ni horren bila ibili nintzan. Neurri baten, nobela honetan kontetan dana egia da, neuri jazotakoa. Liburuko personaiak, gure aita, izeko, amama, aitita eta abarretan inspirauta dagoz. Gauza asko egia dira, baina fikzionauta dagoz. Funtsean, oinarrian, historia hori hartzen badozu, bada gure historia. Baina itxurea aldatuta dago, personaia batzuk exagerau egin dodaz, beste batzuk asmautakoak dira.


6.- Lobea bila hasten da, izekoak emondako gutunak aztertu, eta lehenengo inguruan dabil, gero urruntxuago... detektibeen antzera. Eta irakurleak bera be, protagonisteagaz batera joango da istorioan aurrera.

Bakartxok ez dauka sekulako logikea, detektibe lana da maila apalean, akaso. Ez dauka Sherlock Holmesen moduko logikarik. Beste zeozer dauka, sena, imajinazinoa. Ez da beste munduko gauzea, ez da aparta. Atal txikiak idatzi dodaz, amaieran badaukie halako loturea hurrengo atalera eroaten zaituena, segiduteko gogoa biztuko deutsuna. Intrigea, komatxu artean, liburu osoan gordetea izan da nire asmoa, arreta handia ipini deutsat. Ahalegin handia egin dot, pixka bat kostau jat. Egitura oso sinplea dauka liburuak, baina beti dauka atal batetik bestera salto egiteko irrikea.


7.- Ez dakit Bakartxok azkenean nahi duena topatzen dauen, ala nahi ez dauena.

Horri erantzutea oso gatxa da. Ez dot uste erraza izango danik Bakartxoren kasuan aurkitu dauena gustau jat edo ez jat gustau esatea, hemen itxiko dot ikerketea, ala aurrera egingo dot esatea. Erabagi gatxak dira. Topetan dozuna be tantaka-tantaka izaten da, ez da informazinoa osoa izaten, beti dira hipotesi desbardin moltso bat egitera bultzatzen zituen datuak. Orduan, persona hori ezin da epaile bihurtu hain erraz. Mekaguen, hau da putakumea, haizeak hartzera! esatea, gauzak ez dira bape sinpleak. Gauzak ez dira zuri edo baltz. Egoera horretan dagoan personeak sekulako gerrea dauka barruan. Garbi itxi nahi neban hori amaieran. Horregaitik amaierea ez da benetako amaiera bat, oso aske dago, eta beharbada bigarren liburu bat iradoki daiteke... Izan daiteke, ez dakit.

Momentu batean badino Bakartxok, hementxe itxi behar dot, harek eskubidea eukan sekretuak izateko, eta bakean itxiko dot. Baina, aldi berean, bere garunaren beste aldean, pentsetan hasten da Bartzelonara joan ezkero beste daturen bat topauko dauela, eta gehiago osotu daitekela historia. Beti daukazu talka hori; gelditu beharko neuke, edo ez, segidu aurrera. Inor ez da hain sinplea esateko bai edo ez, zuri edo baltz. Danok daukaguz mila bataila barruan, bakotxak egiten dau ahal dauena. Erabagi bat ez da hartzen gaur eta betirako, gaur beharbada horrela izango da, baina bihar kontrakoa erabagiko dau.


8.- Aititak egin dauena ulertzeko, bere lekuan ipinteko ahalegina egiten dau Bakartxok. Baina ez daerraza, ez.

Momentu batean konturatzen da ikertzen dana ikertzen dala ez dala inoiz jakingo zergaitia, erabagi bat zergaitik hartu eban, ze hori bere barruan sartzea izango litzateke, eta hori ezinezkoa da. Jakin ahal izango dozu gerran ze graduko soldadua izan zan, ze batailatan hartu eban parte, zeintzuk ziran bere kideak... holako datuak, baina behin be ez dogu jakingo persona batek zergaitik egiten dauan gauza bat. Eta hori da Bakartxok jakin nahi dauena. Zergaitik ez eban familiagaz harremana jarraitu? Ez dau jakingo zergaitia, horregaitik dauka barruko gatazka hori: bakean itxiko dot edo aurrera segiduko dot?


9.- Hobe isilik. Hori da protagonisteari behin baino gehiagotan gomendatzen deutsiena.

Hori gauza askoren isla da. Izekoarena errefleju bat dala uste dot, hainbeste urtetan gorde behar izan eben gauzea da, hitz egingo eben euren artean, baina Frankismo sasoian inork ezin eban ezer esan, eta esan ezkero, akabo. Kontua ez zan ezin zala berbarik egin, ganera umildu eta lotsarazo egin eben 40 urtez. Lobea ikusten dau ikerketea hasi nahian, itxi bakean esatea da bere erreflejua. Gero hor dago komando autonomoetako tipo bat Iparraldean... Badago jentea esango deutsuna, oroimen historikoa dala eta ez dala, gauza asko nahi doguzala jakin baina beste gauza asko bakean itxi behar dirala. Hori jente askok esango deutsu. Eta beste alde batetik, Bakartxo dago, pentsetan dabilena topautakoa kontau behar dauan ala ez. Eta zelan kontau, benetan jakin barik zergaitik egin eban? Eta kontau ezkero zer jazoko da? Ba, jente bat minduko dot, eta akaso alperrik minduko dot. Ezin ditu zergaitiak azaldu, hortik dator hobe isilik esatea.


10.- Nebek, Bide Ertzean taldekoek, Non dira diskoa argitaratu eben orain urte batzuk, eta zeuk nobelea. Bistan da 36ko gerreak eta gerra osteak eragin handia izan dauela zuenean, zauri handiak itxi dituala. Liburuaren amaieran disko horretako kanta baten zatiak agiri dira.

Gure etxean eragin handia izan dau, bai, eta uste dot etxe askotan izan dala horrela. Beste etxe askotan ez dira gauzak esan, nik orain dala gitxi deskubridu dot, esaterako, nire gizonaren osaba fusliau egin ebela. Mina ez jaku danori bardin transmitidu, baina mina hor dago, eta etxe askotan dago min hori. Gurean oso nabarmena izan zan, ganera askoran errepetidu jaku. Gerrearen bildur hori hazurretaraino sartuta daukagu, transmitidu jakulako; ez da bakarrik aitita desagertu zala, birraitita Urbasako zulo batean dago, batek daki non, beste batzuk deserria ezagutu eben, gure aita Altsasutik bialdu eben... Dana holan izan da. Ume horreek, gure aita berbarako, umezurtzak izan dira, min horregaz hasi da, eta bere seme-alabei transmitidu deutsie. Ez da harritzekoa, beraz, anaiek disko bat egitea eta nik nobela bat ateratea. Min antzekoa jaso dogu txikitatik. Liburuan sartu dodan kanta zatia keinu bat da, ez besterik.


11.- 36ko gerrearen ganeko liburuak eta saiakerak argitaratu dira azkenaldian. Gehiegitxu dira batzuen eretxiz. Eta zure ustez?

Ez dakit ba, maitasunaz be asko idazten da, eta ez da gauza bera esaten. Nik uste dut gerreari buruz gauza asko eta modu askotara esan daitekezala, eta ganera esan egin behar dirala. Ez deutsut esango txikizioz eten barik hitz egin behar danik, zeinek akatu eban zein eta abar, baina hor min asko dagoz oraindino, eta ona da horreek ateratea. Ulertu neike nonor nekatuta egotea, ez badauka aparteko irrikarik gaiagaz... Zergaitik ez dot ulertuko, ba? Normala da. Bakotxak bere eretxia dauka.

Beti egon dira gauzak ateraten, egia da orain gehiago dirala, baina errazagoa be badalako orain lehen baino. Guk errazago daukagu gure gurasoak baino, horrek be eragina dauka. Gu ez ginduan inork lotsarazo, eta lotsarazo ebena akaso ez da berba egiten ausartuko baina mina transmitidu egin dau. Gerreaz lehen gitxi esan da, eta gitxi esan dalako orain asko esan beharra daukagu.

12.- Lehenengo nobelea kalean daukazula, ba ete daukazu besterik buruan?

Badaukat idazten segidute plana, baina oraindik ez dakit. Liburu hau itzuli nahi dot, batez be aitak, izekoek, euskeraz ez dakienek nik idatzitakoa ulertzeko. Ez daukat beste lanik eskuartean, baina bai idazteko asmoa. Noiz helduko deutsadan ez dakit, urte barriagaz akaso, urte hasierako asmo onen artean akaso...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu