'Kresala' eta 'Piztiak eta piztitzarrak' Erroa argitaletxearen eskutik

Bizkaie! 2013-12-26 11:15   Kulturea

Liburu biak egokitu dituan Xabier Monasteriok nabarmendu dau euskerazko irakurketan abiatzen diranei zuzenduta dagozala bi liburuok, Euskara errazean bildumea osotzen daben aurreko lau izenburuak bezela, batez be euskaltegietan eta A eta B ereduetako ikastetxeetan dabilzan ikasleei begira.

Euskara errazean bildumearen barruan, liburu barri bi aurkeztu ditu oraintsu Erroa argitaletxeak: Sakiren Piztiak eta piztitzarrak ipuin bildumea eta Txomin Agirreren Kresala eleberria. Klasiko biren egokitzapenak dira biak, egungo idazmoldeetara ekarriak eta ilustrazinoakaz horniduta.

Kafe Antzokian eginiko aurkezpenean liburu biak egokitu dituan Xabier Monasteriok nabarmendu dau euskerazko irakurketan abiatzen diranei zuzenduta dagozala bi liburuok, Euskara errazean bildumea osotzen daben aurreko lau izenburuak bezela, batez be euskaltegietan eta A eta B ereduetako ikastetxeetan dabilzan ikasleei begira.

Idazketa eskuragarri honek munduko hainbat herrialdetan zabalduta dagoan Easy to Read izeneko mobimentuagaz bat egiten dauen arren, Imanol Berriatua zanaren ekimena gogora ekarri dau Monasteriok, euskalduntze bidean dagozan herritarrei literatura egokia eskaini behar jakela eretxita, eta Berriatuak 1981ean esandakoa ekarri dau gogora, gurean kontu barria ez dala azpimarratzeko: Literatura erraz hau behar-beharrezkoa da. Euskal Herrian miloe bi herritar euskaldundu behar doguz, eta lagun horreei euskera erraza emon behar jake, jakina.

Willy Pradera ilustratzaileak egin ditu bi liburuotako ilustrazinoak eta Kresala lanean, ilustrazinoez gan dagozan 34 argazki zaharrak Ondarroako Historia Zaleak alkarteak emondakoak dira. Kresala-k, gainera, Iban Arantzamendi ondarroarraren testu osogarriak ditu kapitulu bakotxean. Arantzamendik azaldu dauenez, testuotan orduko egoera sakonago azaltzen saiatu naz, gai horreek garatzen. Lanean hasi eta berehala jaubetu zan, ostera, orain dela gitxi gertatutako historia oso ahaztuta dagoala: Gure belaunaldia ez da itsasora joan, ehun urteotan kostaldeko herriak erabat aldatu dira eta guk katea eten dogu. Nire kasuan zorra sentiduten neban, mundu horregaz apurtu dauen belaunaldia garelako, adierazo dau Arantzamendik.

Ondarroako Historia Zaleak taldeak ekimenagaz kolaborau dau, Arantzamendiri informazinoak emonez eta liburuan agiri dan argazki aukera ederra emonez. Alkartearen izenean berba egin dauen Fernando Agirrek azaldu dau garai bateko Ondarroaren argazki ederra osotzen dauela liburuak eta, liburukoez gan, beste 4000 argazki zahar inguru dituala alkarteak eta prest dagoala holako zabalkunde helburuak dituan edozein ekimeni laguntzeko, azken batean, herritarren oroitzapenak gorde, artxibo fonografikoa osotu eta argazki zaharren bildumea zaindu, egokitu eta gaurkotzeko helburuak dituala 2001ean sortutako alkarteak.

Beste alde batetik, Willy Praderak azpimarratu dau ilustrazinoak egiteko izan dauen askatasuna eta bi gaiek berarengan piztu daben interesa: Kresala itsasoari buruzko amodio istorioa da eta mende hasierako garaia erakustea oso gustoko izan dot. Sakiren ipuinakaz bat irakurten hasi orduko, beste guztiak irakurteko beharra sentiduten dozu. Biekaz oso gustora ibili naz, adierazo dau Praderak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu