Gozogileek Sokonuskoa, Bizkaiko turroi bakarra aurkeztu dabe

Bizkaie! 2013-12-19 13:11   Jan edanak

Turroi honen errezetearen oinarria Iñigo Urrutiak ekarri eban Bilbora XVII. mendearen hasieran. Urrutia, Mundu Barrian dirua egiten ahalegindu zan eta Espainia Barriko Erregeordetzara joan zan (Mexiko). Zenbait probintzietatik pasau ondoren, Santa Ana de Soconusco herrira heldu zan, herrialde aztekako hegoaldean eta bertan kalidade handiko kakaoa topau eban eta berau prestetako formula sekretu bat.

José Ramírezek, Jose Manuel Angulok eta Juanjo Molinuevok, Bizkaiko Gozogileen presidente, presidenteorde eta gerentea, hurranez hurran, Bizkaiko turroi bakarra aurkeztu dabe, Sokonuskoa, jadanik lurraldeko gozotegi eta artisau gozo dendetan salgai.

Bizkaiko Gozogintza Eskola Profesionaleko Lantegian, turroi honen jatorria eta elaborazinoa azaldu dabe. Euskadin bakarra dan gozo honek 300 urte baino gehiago ditu. Turroi honen errezetearen oinarria Iñigo Urrutiak ekarri eban Bilbora XVII. mendearen hasieran. Urrutia, Mundu Barrian dirua egiten ahalegindu zan eta Espainia Barriko Erregeordetzara joan zan (Mexikori holan deitzen jakon orduan). Zenbait probintzietatik pasau ondoren, Santa Ana de Soconusco herrira heldu zan, herrialde aztekako hegoaldean eta bertan kalidade handiko kakaoa topau eban eta berau prestetako formula sekretu bat.

Bilbora itzuli zan kakao horregaz familiako gozo dendan dirua egin guran. Helburu horregaz errezetea moldatu eta gaur egun Sokonusko izenagaz ezagutzen doguna sortu eban. Bizkaiko Gozogile Nagusiek modan jarri eben aurrerago.

Iñigo Urrutiak eta antxinako gozogileek eskuz idatzitako errezetea gorde egin dabe eta bertan Bilboko eta Bizkaiko turroi propio bakarraren sekretuak dagoz. Bertan irakurri daitekeenez, lehenengo pralin zuria egiten da, almendrak, azukerea, kakao gurina eta esne estalgia nahastauta. Ondoren, almendradun txokolate txigortua, kakao gurina, esne kondensadua eta trufa dauen geruzea egiten da. Azkenik, % 50eko kakao gurinaren erredukzinoa dauen txokolate estaldureagaz atxikitzen dira bi geruzak eta trufa nahasketa bategaz estaltzen da guztia eta distiradun txokolate estaldura bategaz amaitzen da.

Laburbilduz, pralin zuria eta txigortua, trufea eta txokolate estaldurea. Sekretua osogaien kalidadea eta bere lanketeak eskatzen dauen profesionaltasun maila gorena dira. Barra, lingote edota tabletan aurkeztu daiteke.

Produktu gozo eta berezi hau Bizkaiko gozotegi artisauetan erosi daiteke dagoeneko beste gozo batzuen artean, besteak beste, gloriak, bisigu formea daben mazapanak, deliziak edota gorringoak.


Bizkaiko artisauak

Bizkaiko Gozogileen Alkartasuna 1976. urtean sortu zan arren, 1940. urtetik gozogileek isilpeko bilerak egiten zituen Café Boulevardeko lehen pisuan. Alkartasun honek Bizkaiko bizitzan modu eraginkorrean parte hartzen dau Carolinaren festaren edota Begoñako Amabirjinearen egunean, urriaren 11an, urtero egiten dan Begoña tartearen banaketearen bitartez.

Bizkaiko gozogileen helburuetariko bat elaborazino klasiko eta propioei eustea da, besteak beste, Carolina, arroz pastela, gurinezko opila edota gaur aurkeztutako Sokonusko turroia. Aldi berean, gozo-maisu honeek, sorkuntza barriak aurkezten saiatzen dira, Gernikako tartea, turisten artean arrakasta handia dauena, edota Baldosa tartea, azkenaldiotan gozotegietan klasiko bihurtuta.

Hezkuntzea Bizkaiko gozogileen beste lehentasun bat da. Honetarako, Bizkaiko Gozotegi eta Komertzioa Eskola Profesionala dabe; bertan araututako hezkuntza desbardinak dagoz eta urtero 300 bat ikasle izaten ditue. 2002. urtetik instalazino barriak ditu Masustegi auzoan (Bilbo), 1.000 m2ko azalereagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu