'Le Week-end'
2013-12-18 10:18 Zinema kritikakGai honegaz film asko egin dira, kolore guztietakoak. Hanif Kureishi idazle britainiarrak gidoi interesgarri bat idatzi dau, umorea eta mina nahasten dituana. Batzuetan alkarrizketak sekulakoak begitantzen jakuz, eta gerotxuago nahiko artifizialak emoten dabe.
- Zuzendaria: Roger Michel
- Gidoilaria: Hanif Kureishi
- Interpreteak: Jim Broadbent, Lindsay Duncan, Jeff Goldblum, Olly Alexander, Judith Davis
- Generoa: komedia erromantikoa
- Iraupena: 93 minutu
- Herrialdea: Britaina Handia
Denporeak aurrera egin ahala, bikoteak ahuldu egiten dira sarritan. Maitaleak hasieran zituan birtuteak akats bihurtzen dira. Arazoak, burrukak, desengainuak... pilotutetan doaz oroimenean, eta daborduko ezer ez da bardin. Eta halanda be, aurrera egiten dogu. Atzera begiratzen dogu, eta alkarregaz emondako bizitza oso bat ikusten da. Maitasuna-gorrotoa-hoztasuna, danetarik dauka bikotearen hartu-emonak.
Gai honegaz film asko egin dira, kolore guztietakoak. Hanif Kureishi idazle britainiarrak gidoi interesgarri bat idatzi dau, umorea eta mina nahasten dituana. Pantailara eroateko arduraduna Roger Michel izan da, 1999n Nothin Hill komedia erromantikoagaz diru piloa irabazi eban zuzendaria, hain zuzen be.
Le Week-end pelikulan 60 urte inguru daukien andra-gizonak, Lindsay Duncan aktorea eta Donostiako Zinemaldian aktorerik onenaren saria jaso eban Jim Broadbent, Parisera doaz, aspaldiko urrezko sasoiak gogoratzera. Baina gauzak asko aldatu dira, bestelakoa da dana, eta asteburua katarsian amaituko dala emoten dau.
Batzuetan alkarrizketak sekulakoak begitantzen jakuz, eta gerotxuago nahiko artifizialak emoten dabe. Lar azpimarratutakoak, akaso. Diskurso handien ostean, istorioak erromantizismorantz norabidea hartzen dauen momentuan, puntu asko galtzen ditu. Penea da, izan be, huts hori izan ezean puntako pelikulea izan eikean eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!