Ikus-entzunezko Erakusketeak bere 15. edizinoa bete dau aurten
2013-12-17 13:19 KultureaErakusketan 100 bat artelan izango dira ikusgai, tartean UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleek egin eta Artea eta Teknologia Saileko irakasleek hautatutako lanak, eta baita edizino honetan artista konbidaduak izango diran Christa Sommerer, Laurent Mignonneau eta Andy Gracieren proposamenak be.
Gaur, abenduak 17, ateak zabalduko ditu 25. Ikus-entzunezko Erakusketeak, hau da, UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleek sortutako ikus-entzunezko artelanak bertatik bertara ezagutu ahal izateko ezinbesteko hitzordua. Aurreko edizinoetan lez, erakusketa hau BBVA Fundazinoaren babes eta laguntzinoagaz antolatu dau Arte Eder Fakultadeak. Bertan, 100 bat artelan izango dira ikusgai, tartean UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleek egin eta Artea eta Teknologia Saileko irakasleek hautatutako lanak, eta baita edizino honetan artista konbidaduak izango diran Christa Sommerer, Laurent Mignonneau eta Andy Gracieren proposamenak be.
Ikus-entzunezkoen Erakusketea BBVA Fundazinoko erakusketa-gelan (San Nikolas plaza) ikusi ahal izango da urtarrilaren 15era arte, astelehenetik zapatura, 16:30etik 20:30etara bitartean. Sarrera librea izango da.
Ikus-entzunezko erakusketearen aurkezpenean izan dira Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea, Silvia Churruca BBVA Fundazinoko Komunikazino eta Erakunde Harremanetarako zuzendaria, Josu Rekalde Arte Eder Fakultadeko dekanoa eta erakusketearen komisarioa, Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, eta baita Christa Sommerer, Laurent Mignonneau eta Andy Gracie, edizino honetako artista konbidaduak be.
25. edizino honetan, 100 bat proposamen artistikok osotuko dabe Ikus-entzunezko Erakusketea. Horreen artean, UPV/EHUko Artea eta Teknologia Saileko irakasleek aukeratutako lanak dagoz, tartean 14 instalazino multimedia, 57 bideo (bideo-sorkuntzak, animazinoak eta fikzinozko bideoak tartean), artista gazteen 9 argazki, eta baita be Christa Sommerer eta Laurent Mignonneauren proposamena, interaktibidadean eta bizitza artifizialaren sorkuntzan oinarritutakoa, eta Andy Gracieren lana, artea eta biologiaren arteko loturearen inguruan kokatzen dana. Beste alde batetik, urte honetan, nobedade lez, atal barri bat izango dau egitarauak, Overload deitutakoa; hiru saiotan zehar artea eta zientziari buruzko arlo desbardinez eztabaidatuko dabe artistek.
Josu Rekalde, erakusketearen komisarioak, adierazo dauenez, Ikus-entzunezko Erakusketearen 25 edizinoek, guztiak ilusino eta esfortzu handiz betetakoak, Arte Ederretako ikasleen sormena erakusteaz gan, gure lurraldean ikus-entzunezkoen arloan egin dan artearen kultur transmisinoaren eroailea be izan da. Teknologia barrien bitartez sortutako artea da honako hau, orain 25 urte zalantza askogaz eta baita errezelo askogaz be begiratua izan dana sektore batzuetatik. 25 urte honeetan, ikuslegoari hurreratu deutsagu gaur egun guztiz onartua eta errespetatua dan sormen mueta hau.
Konbidautako artistak
Laurent Mignonneau eta Christa Sommerer
Laurent Mignonneau eta Christa Sommerer aitzindariak dira artearen mundura aplikautako bizitza artifizialen sistemen ikerketan eta garapenean, batez be instalakuntza interaktiboen eremuan. Gaur egun, Linz-eko (Austria) Arte eta Diseinuaren Unibersidadeko Interfaze Culture-ko eta Gifu-ko (Japonia) International Academy of Media Arts and Sciences-ko (IAMAS) irakasleak dira. Nazinoarte mailako sari ugari irabazi ditue, besteak beste Golden Nica eta Ars Electrónica 1994, eta euren artelanak mundu osoan erakutsi ditue, Centre George Pompidou, Helsinkiko Arte Modernoko Museoan, Ars Electronica Center-en edota Tokioko Inter Communication Center Gallery-n, besteak beste. Erakusketa honetan erakutsiko daben lanak Escape dau izena eta 2002an, The View Contemporary Art Space-n (Suitza) garatutako instalazino interaktibo bat da. Hain zuzen be, Salenstein-go hegazkinen erasoetatik babesteko aterpe zibilerako sortutako interfaze arkeologiko mediatiko bat da.
Andy Gracie
Andy Gracie artista ingelesak adimen artifizialean eta biologian oinarrituta dagoan diziplina anitzeko sistema bat erabilten dau gizakiaren eta makinaren arteko komunikazino lotura bat edegiteko, baina intensidade poetikoa jagonez. Azken 15 urteetan, bere lanaren zati handi bat, dezente inteligentea dan errobotikea, eta baita teknologiaren sistema alkartuak be, ekologia hibridoetara erantsiak izan daitekezan era desberdinei buruzko miaketeagaz lotuta egon da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!