Xabier Olarra itzultzaileak Dabilen Elea Saria jasoko dau eguenean
2013-12-17 11:53 KultureaEuskal Liburuaren Gaua ekitaldian emongo deutsie Xabier Olarra itzultzaile eta argitaratzaileari Dabilen Elea Saria. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan izango da ekitaldia, abenduaren 29an, 19:00etan.
Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian emongo deutsie Xabier Olarra itzultzaile eta argitaratzaileari Dabilen Elea Saria. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan izango da ekitaldia, abenduaren 29an, 19:00etan.
Liburugintzearen inguruko bost alkartek antolatzen dabe Euskal Liburuaren Gaua: Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak. Seigarren edizino honetan, EHUko Mikel Laboa Katedrea, DSS2016 Fundazinoa eta Donostia Kultura izan ditue laguntzaile.
Dabilen Elea Saria emoten jako liburugintzako eragile bati urtero, eta aurten Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta argiratzailea izango da saritua. Olarrak 1983an itzuli eban bere lehenengo lana, eta ordutik hainbat eta hainbat lan euskeratu ditu, tartean, Antropologo bat Marten (Oliver Sacks), Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain), Azken hitzordua (Sandor Márai) eta Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce). Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuaren itzulpenari esker jaso eban 2006an Euskadi Saria, eta 2012an ere sari bera emon eutsien, Arantzazu Royogaz batera, Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina lanaren itzulpenagaitik. Ediorea be bada Olarra, 1989an Joseba Urteaga eta Jose Manuel Gonzalezegaz batera, Igela argitaletxea sortu eban.
Aurtengo ekitaldian, Mikel Laboa Katedrearen proiektu baten barri eskainiko dabe, izan be Shakespeareren Sonetoak liburuan eta CDan argitaratzeko asmoa daukie. Juan Garzia da lanaren euskaretzailea.1 995eko edizinoa osotu eta hobetu egin dau, eta Joxean Goikoetxeak musikaz eta Koldobika Jauregik irudiz hornidu dabe. Ehun lagunek baino gehiagok grabauko ditue sonetoak CDan. Eguenean proiektu horren lagin bat eskainiko dabe, Shakespeareren soneto musikatuak-Zeru horren infernuak izenekoa. Joxean Goikoetxeak, Olatz Pratek, Pettik, Josune Marinek eta Oriol Floresek parte hartuko dabe emonaldian,
2008an egin zan lehenengoz Euskal Liburuaren Gaua. Helburu nagusi bi ditu: alde batetik, euskal liburugintzearen sektorea gizarteratzea eta ikusarazotea, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten deutson ekarpena agirian ipiniz; eta beste alde batetik, sektore horretan parte hartzen daben eragileen topaleku izatea, argitaratzaile, idazle, irudigile, itzultzaileak eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!