Antton Etxeberri: 'Azkenengo hamarkadearen ulermena ez zan bardina izango 'Journala' barik'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-12-16 11:16   Barriketan

Abenduaren 21ean, Le Journal du Pays Basque - Euskal Herriko Kazetak azkenengo zenbakia kaleratuko dau. Hamabi urteko ibilbidearen ostean, 3.000 zenbaki baino gehiago aterata, Ipar Euskal Herriko barripapera itxi egingo dabe. Hamazazpi behargin kalean geratuko dira, eta hilaren 22tik aurrera itxiko dauen hutsunea benetan handia izango da.

Antton Etxeberri Le Journal-eko zuzendariagaz egunkariaren ibilbidea eta itxierearen ganean jardun dogu.


1.- Inoiz baino irakurle gehiago daukanean zarratuko da Le Journal du Pays Basque. Kontraesan handia emoten dau, egia esan.

Prentsa idatzian salmenta eta irakurle kopuruen artean diferentzia dala gauza jakina da. Gure kasuan esperientziak holan erakutsi deusku. Are gehiago orain, Internet hor dala. Beragaz ohitura barriak dabilz sortzen. Gure webgunea, adibidez, nahiko sinplea da, ez da dinamikoa, ez da bape aldatzen egunean. Halanda be, egunero milaka bisitari daukaguz. JPB-k dinoenak jente askori interesetan deutso.


2.- Asko aldatu dira irakurleen ohiturak egunkaria sortu zanetik?

Bizitza bezela, prensa mundua biziki dinamikoa da, eta azken hamarkadan sekulako iraultzea emoten dabil. Jentartea orokorrean eta belaunaldi barriak batez be, komunikazino, informazino, hartu-emon... arloetan emoten dabilzan aldaketakaz ohitura barriak hartzen dagoz. Honegaz ez dogu esaten eboluzino honek ez daukala alde baikorrik, baina eragina dau urteetako prensa eredu batean. Hainbat eta hainbat kasutan, txarrerako.


3.- Zerk eragin dau itxierea? Arrazoi bat baino gehiago izango dala pentsetan dot...

Bai, sekulan ez da erraza holako egoera baten atzean arrazoiak sinplifiketea. Elementu asko gehitzen dira eta momentu batean, egoera guztiz jasangatxa bihurtzen da. Hainbat mailetan eragin daben faktoreak aitatu geinkez: Sud Ouest eta statu quo deitzen dan horren pisua, Ipar Eukal Herriak daukan neurri txikia, gaur egun kazeta bat egiteak dituan kostuak, jentartean informetako hedatzen dabilzan ohitura barriak, krisiak eta honek ekarri dauen publizidade apaltzea... arrazoi asko.


4.- Eragile politikoen boikota be aitatu izan dozue, zenbaterainoko eragina izan dau horrek?

Euskal Herriko beste eskualdeetan bardina jazoko dala pentsetan dot. Lehen statu quo aitatu dot. Pisu handia dauka. Journala eta statu quo hori baldintzatzera dator, gauzak beste molde batez agertzera, hausnartzera. Beste jente bati ahotsa emoten deutsazu. Azken urteetan, orain ikusten gagozan Ipar Euskal Herri dinamiko horren erakusle izan gara.

Guk Euskal Herria dogu erreferentzia. Bistan da, podere eremuetan diranentzat hori ez da ona, eta hasieratik holan ulertu dabe. Halako estigmatizazino bat erabili dabe gu baztertzeko. Horren ondorioz erakunde handien boikota argia izan da, enpresa handiena bere bai, eta abar. Gure erosle eta irakurleek eskubide bardina daukie informazino instituzionala eukiteko, baina dana Sud Ouest bidez egiten da. Beraz, boikot informatiboa eta ekonomikoa batzen dira.


5.- Hamabi urte egin ditu Le Journal du Pays Basque-k. Zein helburugaz abiatu zan egitasmoa?

Euskal Herritik Euskal Herriarentzat, bi hitzetan esana. Ipar Euskal Herrian zan Sud Ouest-en monopolioari aurre egin, eta Euskal Herria eta bere interesak lehen lerroan emon. Ondorioz, Euskal Herriaren onarpen politiko eta instituzionala dira gure erreferentzia.

Ondorioz, hainbat aldarrikapenagaz bat egiten dogu eta gure ildo editorialaren ardatz bihurtzen doguz: euskerearen ofizialtasuna, instituzinoa eta eskumenak, laborantzea, kostalde-barrualde orekea, Euskal Herrian lan, bizi eta erabagi, gatazka politikoaren konponbide demokratikoa, Euskal Herriaren artikulazinoa... Ikusten danez ez gara bape jakobinoak!

Gure lurralde honetan ikusle, kontari, baina aktore be izan nahi genduan, gure lanaren bidez, besteengan eragin, eta uste dogu zati handi batean lortu dogula. Gai askok presentzia publikoa izan dabe guk atera doguzalako, eta besteak behartu doguz gai horeek lantzera. Azken hamarkadearen ulermena ez zan bardina izango Journala barik.


6.- Eta lortu dozuez helburu horreek? Zer gelditu da egin barik?

Oso baikorrak gara emoitzeagaz. Helburuak beteak dirala uste dogu. Gure txikitasunean, gure muga guztiekaz, dogun eragina jentartean eta giro politiko eta sozialean handiak dira. Erreakzino asko izan dira azken asteetan, eta danek gauza bera dinoe: hutsune handia izango da 21etik aurrera. Barriz be, Sud Ouest bakarrik geratuko da.

Baina esan daigun beste gauza bat. Gure sabeletik beste egitasmo bat sortu zan orain dala hainbat urte, kazeta.info, Internetez eta euskeraz jarduten dauena. Hau seme kuttuna da, eta bera itxiko dogu bere bidea egiten, guk ateak itxi eta gero.


7.- Euskal Herriaren kontzeptua azaleratu dozue, jente askoren ikuspegia aldatu da?

Guk beste errealidade bat ekarri dugu agirian. Hori eginez, Sud Ouest batek bere burua behartua ikusi dau gauza bera egitera, beti be ikuspegi frantses eta jakobino batetik. Baina jarrera horri ezin deutso gehiago eutsi. Eta agirian ixte horrek, errealago bihurtu ditu errealidade horreek, indar gehiago emonez, zilegitasun gehiago emonez.

Irakurle kopuru handia dogula aitatu dot lehen. Beste gauza bat gehituko dot: egunero segiduten gaituenen profila oso anitza da. Eremu politiko eta sozial askotatik irakurten gaitue. Sektore sozial oso bat ordezkatzen dogu, antza danez. Sektore biziki dinamikoa, ezkertiarra, abertzalea. Eta sektore sozial horrek zer pentsetan dauen gero eta gehiago interesetan jake danei. Funtsik bako harrokeria batean jausi barik, bai, ikuspegiak aldatzen lagundu dogu, zalantza izpi barik.


8.- Hutsunea itxiko dozue, zein egoeratan gelditzen da Ipar Euskal Herriko kazeten panoramea?

Hutsunea geldituko da. Journala ez dogu eukiko abenduaren 24ean, 25ean... eta hor konturatuko gara danak. Monopolioa izango da barriz erreferentzia bakarra, Sud Ouest eta Frantzia mailako kazetak. Hori ez da ona. Eta gitxiago Ipar Euskal Herrian batez be, eta Euskal Herri osoan orokorrean, biziten gagozan momentuan. Arin bete beharreko hutsunea da.


9.- Beraz, aurrera begira, izango da antzerako beste egitasmorik?

Hori nahi geunke. Hutsuneak beharra sortuko dauelakoan naz. Ondorioz, herritar eta herri eragileen ekimenez beste egitasmo batek laster argia ikusiko dauela espero dot. Nik eta beste jente asko prest gara barriz ahalegintzeko, seguru baietz. Esperientzia honetatik ikasi behar dogu, eta aurrera begiratu. Euskal Herriak holako tresnak behar ditu, orduan dana esana da, egin beharko da!


10.- Irakurleen eritxirik jaso dozue, zer dinoe itxieraz?

Mezuak heltzen jakuz, jentea ikusten dogu kalean, senitartakoak, lagunak, eragileak... kezka handia da. Askok dinoskue: Ezagutu dogu zer zan lehen, bakarrik Sud Ouest zala. Uf, ez da gauza ona izango. Errotze maila bat sentiduten da. Horregaitik, Journala moduko loratxua emon dauen lurrak beste lora batzuk emoteko gaitasuna izan beharko dau. Halan izan bedi!


12.- Abenduaren 21ean argitaratuko dozue azkenengo zenbakia. Zelako zenbakia izango da?

Ez da izango Jounal normal bat eguneko barriekaz. Ez geuntson zentzurik ikusten. Hamabi urte honeen begiradea egin nahi dogu. Irakurle, abonadu eta lagunekaz gure eta gure Herriaren bizitzearen azken hamarkada luze honi begiradea emon, eta esan: hau dana jaso da, eta gu ikusle, kontari eta aktore izan gara. Hor izan gara, lekuko eta protagonista. Gure moduan lagundu dogu eta harro gara. Zailtasun guztiekaz, merezidu izan dau.

Milaka ale aterako dira eta doban zabalduko da Ipar Euskal Herri osoan. Hegoaldeko abonaduek ohiko kioskoetan eukiko dabe, Gara egunkariagaz banatuko dogu eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu