Terraza Zientifikoa Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren harian

Bizkaie! 2013-12-13 15:40

Euskal Herriko hainbat ikerlarigaz batera, munduko leku debardinetatik etorritako ikerlari eta inprobisatzaileak izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusten: Kuba, Mexiko, Estadu Batuak, Gales, Katalunia eta Mallorkatik etorri dira. Guztira, 38 kide inguru izango dira.

Mintzola Fundazinoak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren harira, abenduaren 15erako, antolatu dan Terraza Zientifikoaren barri emon dabe gaur prentsaurrean.

2008an sortu zanetik, Mintzola Fundazinoak ahozko tradizinotik euskerearen ahozkotasunean eragitea dau ardatz, bi helburuon bidez: ahozko tradizinoaren behatoki dinamikoa izatea eta gaur egun gizarteak dituan beharrizanei erantzutea. Gaurko gizartean emoten diran ahozko kultur sorkuntzak ardatz hartuta, Mintzola, Bertsolaritzearen Ikertegia eta Ahozko Kultur Sorkuntzan dabilzan genero bizien Elkargunea da.

Bertsolaritzearen Ikertegiaren bidez, besteak beste, Munduko Kantu Inprobisatuaren inguruan dabil beharrean Mintzola. Bertsolaritzaz gan munduan dagozan beste kantu inprobisatuak ezagutarazo eta alkarren arteko trukea sustatu nahi da. Batetik, beste ahozko inprobisazino kantatuen esperientzietatik ikasteko; eta bestetik, bertsolaritzea, eta beragaz euskerea, munduan ezagutarazoteko.

Bide horretan antolatu dira Munduko Kantu Inprobisatuari buruzko Jardunaldiak Mintzolan, urrian hasi eta aste honetako jardunaldiakaz amaituko diranak. Jardunaldi horreei amaierea emon asmoz eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izango dan Terraza Zientifikoa aurkeztu asmoz antolatu da gaurko ekitaldia. Bertan izan dira Iñaki Murua: Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; Zigor Etxeburua: Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskera zuzendaria eta Mintzola Fundazinoko patronatu kidea; Andoni Egaña: Bertsolaria eta ikerlaria. Ahozkotasunean eta bertsolaritzan aditua, 1993-2009 urte artean Euskal Herriko bertsolari txapelduna; Ana Zarina: Mexiko. Trobadorea eta ikerlaria. Etnomusikologian aditua; John Zemke: AEB. Ikerlaria. Missouriko Unibersidadeko Center of Studies in Oral Traditioneko Zuzendaria; Patricia Tápanes: Kuba. Ikerlaria. Soziologian aditua; Jone Miren Hernández: Euskal Herria. Ikerlaria. EHUko Gizarte Antropologia irakaslea.

Zigor Etxeburuak hartu dau berbea lehenik. Mintzola Fundazinoaren proiektuaren oinarriaz egin dau berba. Bertsolaritzearen Ikertegiaren barruan, ikerketa egitea, eragitea eta egiten laguntzea da helburua. Aurten, Laboa Katedra eta EHUko Euskara Errektoreordetzeagaz batera sortu da, bertsolaritzea ikertzeko 3 urterako ikerketa-kontratua. Bertsolaritzearen Ikerkuntza Plan Estrategikoa be garatu da, Euskal Herri osoko hainbat personen eretxia batuta IEPH metodologia bidez (Ikerketa-Ekintza Parte-Hartzailea).

Bertsolaritzea Unescoren Ondare Ez-Material izendapena jaso ahal izateko bidea be urratu da. Eta beste lanen artean, txapelketa nagusiko hainbat adituren analisiak sustatu eta ikerketa-aholkularitza ugari eskaini dira.

Era berean, Kantu Inprobisatua Munduan atalean, euskerea mundura leloari jarraituz bertsolaritzea munduan zehar hainbat lekutan existiduten dan kantu inprobisatuen mapan kokatu nahi da. Batetik, besteen tradizinoen esperientzietatik ikasteko, eta bestetik, bertsolaritzea, eta haregaz batera, euskerea, munduan ezagutarazoteko.

Jarraian Andoni Egañak Barakaldoko finalean izango dan Terraza Zientifikoa aurkeztu dau. Andonik azaldu dauenez, Mintzolako Munduko Kantu Inprobisatuaren atalak Bertsozale Elkarteak aspaldi hasitako hartu-emonetan ditu sustraiak. Hainbat herrialdeetako jardunaldietan parte hartu da, eta etorkizunean Euskal Herrian egin nahi dira barriro be Kulturarteko Jardunaldiak, gurera etorrita alkar ezagutu, aberastu, eta gurea munduan ezagutarazoteko.

Egun, Mintzola Fundazinoagaz bide horretan pausuak emonez, Txapelketa Nagusiako finalaren atxakia hartuta, antolatu dira urritik martxan diran Munduko Kantu Inprobisatuari buruzko Jardunaldiak Mintzolan, eta gaur aurkeztu dan Terraza Zientifikoa: Bertan Euskal Herriko hainbat ikerlarigaz batera, munduko leku debardinetatik etorritako ikerlari eta inprobisatzaileak izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusten: Kuba, Mexiko, Estadu Batuak, Gales, Katalunia eta Mallorkatik etorri dira. Guztira, 38 kide inguru izango dira.

Egun horretan zehar izango dan bertso-sorkuntza berehala itzuliko da hiru hizkuntzatara: katalana, gaztelania eta ingelesa. Bertsolari Txapelketako Finalaren atxakian, Mintzola izan nahi da guztion topaleku.

Erantzunak

Iñaki 2013-12-14 18:53 Erantzuna | #1

Nik uste nuen Egaña behean egongo zela, aulkiak jartzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu