#mundiala ekimenak 25.465 parte-hartzaile izan ditu, horreetako % 61 34 urtetik beherakoak

Bizkaie! 2013-12-12 10:09   Euskerea berbagai

Zemendiaren 20tik abenduaren 3ra arte batutako datuen arabera, www.mundiala.net webguneak 25.465 bisita izan ditu eta, horreetatik, 21.000 behin bakarrik sartu diran parte-hartzaileak izan dira. Oso kopuru handia da, duda barik, eta aurreikuspen onenak gainditu doguz, esan dau Baztarrikak.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak Euskerearen Nazinoarteko Egunaren inguruan abiarazotako #mundiala egitasmoaren balorazino oso positiboa egin dau Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ekimenak aurreikuspenak gainditu eta 25.465 parte-hartzaile izan baititu, horreetako % 61 34 urtetik beherako lagunak izanik.

Baztarrikak kanpainea baloretako prentsaurrekoa emon eban bart Bilbon, egitasmoaren arduradun izan diran Jokin Azkue Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskerea Sustatzeko zuzendariagaz eta Ana Esther Furundarena Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako aholkulariagaz batera.

Holan, zemendiaren 20tik abenduaren 3ra arte batutako datuen arabera, www.mundiala.net webguneak 25.465 bisita izan ditu eta, horreetatik, 21.000 behin bakarrik sartu diran parte-hartzaileak izan dira. Oso kopuru handia da, duda barik, eta aurreikuspen onenak gainditu doguz, esan dau Baztarrikak.

Parte-hartzaileek 12.805 txio bialdu ditue guztira, hau da, #mundiala traola 12.085 alditan erabili da eta, lehenengo txioa bialdu zanetik Euskerearen Egunera arte, danetara 8.092.052 kilometro egin dira, euskerazko txioak hara eta hona ibili diralarik.

Edadeari jagokonez, parte-hartzaileen % 61 34 urtetik beherako personak izan dira, eta horreen artean, 18-24 urte bitartekoak % 27,50 izan dira, eta 25-34 urte bitartekoak, barriz, % 33,50. Beraz, #mundiala gaztea, euskerea gaztea da, eta honek badauka loturarik euskal hiztunen ezaugarriakaz edadeari jagokonez. Orain dala 20 urte, euskal hiztunik gehienak 45 urtetik gorako edade taldeetan pilatzen ziran. 20 urte geroago, oso modu nabarmenean, euskal hiztun gehienak 35 urtetik beherakoak dira eta horrek loturea dauka hemen emon dogun datu honegaz, azpimarratu dau Baztarrikak.

Generoari jagokonez, parte-hartzaileen % 45,85 emakumeak izan dira, eta % 54,15 gizonezkoak. Era berean, batez beste, parte-hartzaileek minutu bat eta 17 segundo emon ditue mundiala.net webgunean, eta horrek esan nahi dau jakin-mina ez eze, interesa be izan dabela, hau da, parte-hartzaileek webgunean agertzen diran edukiak interesez aztertu dituela.

Parte-hartzaileak nondik datozen aztertuz, gehienak Euskal Herrikoak izan dira. Bilbon 5.020 izan dira, Donostian 4.743, Gasteizen 2.241 eta Iruñean 664. Iparraldeko hiru lurraldeen datuak eskuratzea ezinezkoa izan jako Jaurlaritzeari, Departamentuka baitagoz banatuta, eta beraz, Akitaniako parte-hartzaileak erabili ditue: danetara, 141 izan dira.

Estadu espainiarraren mailan, Madril (1.540), Bartzelona (749), Valentzia (74) eta Santander (61) izan dira parte-hartzaile gehien izan dituenak, eta azkenik, mundu mailan, Frantzia (282), Mexiko (267), Amerikako Estadu Batuak (265) eta Erresuma Batua (198) izan dira parte-hartzaile gehien izan dituen estaduak.


Balorazino oso positiboa

Patxi Baztarrikak #mundiala egitasmoaren balorazino oso positiboa egin dau eta, erronkea euskerearen bizi indarra danez, eta hori Informazino eta Komunikazinoen Teknologiketan jokatzen danez, ekimenari jarraipena emon nahi deutsie, eta zelan dinamizau eta egokitzeko aukerak aztertzen dagozala jakinarazo dau. IKTak ez dira arerioak euskerearentzat, aliatuak baino argi eta garbi, eta ez doguz galdu nahi, euskerearentzat fidelizau baino. Euskerearen bizi indarrak IKTetan erabilia izatea eskatzen dau, gazteen mundu naturala dalako, adierazo dau Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu