Osakidetzako II. Euskera Planak zerbitzuaren kalidadea hobetzea dakar
2013-12-05 14:38 Euskerea berbagaiOsakidetzako II. Euskera Planaren ardatz nagusietako bat da aurrea hartu behar jakola herritarren eskariari, euskerazko arreta eskatzeko ardurea euren esku itxi barik. Ondorioz, neurriak hartuko dira erabiltzaileei egin beharreko harreran eta emon beharreko asistentzia zerbitzuetan eurek lehenetsitako hizkuntzea erabiltea bermatzeko, Lehen Mailako Arretatik hasi eta Arreta Espezializaturaino.
Osakidetzaren II. Euskera Planak zerbitzuaren kalidadea hobetzea dau helburu nagusitzat, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz, eta progresibidadea oinarri hartuta. Abenduaren 3an, Administrazio Batzordeak onartu eta eguen honetan aurkeztu dan plan barrian, Osakidetzako zuzendaritzeak, profesionalek eta langileen ordezkari sindikalek hartu dabe parte.
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak emon dau planaren barri, Gasteizen, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeagaz eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiagaz batera. Jaurlaritzako ordezkarien eretxiz, Osakidetzako II. Euskera Planaren bidez, euskerearen presentzia eta erabilerea bermatu nahi da, ahoz zein idatzizko hizkuntza moduan, bai kanpo, bai barruko hartu-emonetan, euskerea lan-hizkuntza bilakatuz horretarako baldintzak dituen zerbitzu eta guneetan.
Jakina danez, Osakidetzaren I. Euskera Planaren ebaluazino eta ondorioak joan dan maiatzean aurkeztu ziran, eta behin lehenengo plangintzaldia amaituta, bigarren aldiari ekin behar jako orain. Hain zuzen, abenduaren 3tik hasita, sei urteko plangintzaldia izango da, bi ebaluazinogaz: hiru urtera eta sei urtera.
Holan, alderdi bi hartu ditu planak oinarritzat: bata, aurreko planagaz abiarazotako prozesuaren gaur egungo egoerea (aurrerapausuak eta ahulguneak), eta bestea, azken urteotan sortu diran eta bigarren plangintzaldia baldintzatuko daben zenbait egoera eta elementu barri; izan be, alde batetik, euskerazko ikasketa akademikoak orokortu egin baitira jakintza arlo guztietara eta euskerearen ezagutza egiaztatua etorten baitira gero eta hautagai gehiago, eta bestetik, Euskadiko administrazino guztietarako bateratu egin baitira zenbait arau eta jarduera, besteak beste, hizkuntza ofizialen erabilera erispideak eta Bikain ziurtagiria.
Kontuak kontu, Osakidetzako II. Euskera Planaren abiaburu orokorrak ondokoak dira: hizkuntza eskubideen errespetua, zerbitzu asistentzialen kalidadea hobetzea (euskerazko zerbitzuak eskainita) eta progresibidadea, hau da, lehentasun handiagoa daukie zonalde euskaldunetako zerbitzuek eta herritarrakandik hurrago dagozan zerbitzu orokorrak.
Ardatz nagusiak
Jaurlaritzako ordezkariek azaldu dabe Osakidetzako II. Euskera Planaren ardatz nagusietako bat dala aurrea hartu behar jakola herritarren eskariari, euskerazko arreta eskatzeko ardurea euren esku itxi barik. Ondorioz, neurriak hartuko dira erabiltzaileei egin beharreko harreran eta emon beharreko asistentzia zerbitzuetan eurek lehenetsitako hizkuntzea erabiltea bermatzeko, Lehen Mailako Arretatik hasi eta Arreta Espezializaturaino.
Beste alde batetik, osasun asistentziaren eremuko dokumentuetan arreta berezia jarriko da, bai eta historia klinikoa osotzen daben dokumentu klinikoetan be.
Hirugarrenik, barruko hartu-emonei jagokenez, aurrerapausuak emongo dira zerbitzu erakundeek beren langileakaz izaten dituen komunikazinoetan, eta profesionalei euskeraz lan egitea errazteko baliabideak eskainiko jakez.
Azkenik, nabarmendu dabe Osakidetzako eta zerbitzu erakundeetako zuzendaritza taldeen konpromisoa, bultzadea eta lidergoa behar dauela Euskera Plan barriak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!