Bilboko Arte Ederren Museoko zaharbarritze programeagaz, hamar artelan lehengoratu dira aurten
2013-12-02 14:27 KultureaSortu ziraneko itxurea berreskuratuta, gaur aurkeztu ditue XV. mendeko margolan bi, Joan Gonzalezen sei marrazki eta euskal artista biren koadro bana, Aurelio Arteta eta Rafael Balerdirenak hain zuzen. Ganera, zaharbarritze teknikak ikasten dabilzan gazteentzat, prestakuntza beka barria aurkeztu dabe.
Sortu ziraneko itxurea berreskuratuta, gaur aurkeztu ditue XV. mendeko margolan bi, Joan Gonzalezen sei marrazki eta euskal artista biren koadro bana, Aurelio Arteta eta Rafael Balerdirenak hain zuzen. Ganera, zaharbarritze teknikak ikasten dabilzan gazteentzat, prestakuntza beka barria aurkeztu dabe.
Jose Luis Merino, Arte Ederren Museoko konserbazino eta zaharbarritze saileko buruak azaldu dauenez, urtero, teknika ugaritako artelanak barritzeko ahalegina egiten dogu, adibidez, aurten badaukaguz oholean marraztutako piezak, papelean egindakoak eta abar. Aurten lehengoratu diran artelanen artean, zaharrenak XV. mendearen hasierako eszena erlijioso bi dira. Egileaz, Nicolas Solana zaragozarraz, ezer gitxi dakie adituek, 1400 eta 1441. urteen artean dokumentauta daukie haren lana. Zaharbarritze programan barritu dituen Igokundea eta Noli me tangere koadroen ganean, barriz, Merinok azaldu dau, seguruenez erretaula baten zati izan zirala hasieran. Kristoren bizitzako eszenak agiri dira eta estilo gotiko koloretsuan eginda dagoz. Jose Luis Merinok dinoanez, aurretik be zaharbarritze prozesu gehiago euki ditue honeek koadro biek, baina halamoduzko zaharbarritzeak izan dira, orain erabat biluztu eta Erdi Aroan euki eben itxurea emon deutsegu barriro.
Beste alde batetik, Joan Gonzalez artista katalanaren sei marrazki zaharbarritu ditue, XIX. mendearen eta XX.aren artean egindakoak. Gonzalezek ezin izan eutsan nahi beste denpora eskani arte munduari, familiaren negozioa bere esku egoalako eta gazterik hil zalako, Merinoren arabra. Dana dala, 850 marrazki egin zituan, horreetatik 126 Bilboko Arte Ederren Museoaren jaubetzakoak. Lehengoratu diran seirak, papel ganean eginda dagoz, teknika ugari erabilita: grafitoa, ur-margoa, ikatz-ziria eta gouachea, zehatz esateko.
Aurelio Artetaren Ataria lana zaharbarritzeko orduan, Merinok dino zailtasunak izan dituela, koadro handia da eta euskarria txarto euki dau. Beraz, pinturea bera lehengoratu ez eze, atzeko armazoia be sendotu egin behar izan deutse. Orain, margolanaren jatorrizko koloreak barriro ikusi leitekez, urteakaz ilun-ilun geratu ziran eta. Rafael Balerdiren Kardinala I koadroa, ostera, barriagoa da, baina honek be goitik beherako zaharbarritzea behar izan dau, Jose Luis Merino konserbatzailearen esanetan. Besteak beste, armazoian egon diran zomorroak hil behar izan ditue. Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, zorionak emon behar jakez museoaren konserbazino taldekoei.
Museoaren Lagun diranentzat, zaharbarritu diran hamar obren aurkezpentxua egin dabe goizean, arrakasta handiz. Izan be, museoaren auditorioko leku guztiak bete ditue konbidapena lortu daben ehundazak artezalek.
Zaharbarritze lanen fruitua erakusteaz ganera, Bilboko Arte Ederren Museoak ekimen barri bat aurkeztu dau, Artelanak Konserbetako eta Zaharbarritzeko Iberdrola Fundazinoaren Prestakuntza Bekea hain zuzen. Zaharbarritzearen alorreko diplomea daukienei zuzendutako laguntza-programea da, hamar hile iraungo dauena. Holan, mundu horretan sartu nahi daben gazteek, kontserbazinoaren teknikak bertatik bertara ezagutu ahal izango ditue. Espazio pribilegiadua emongo jake museoan, praktikak egiteko aukera parebakoa da, azpimarratu dau Jose Luis Bilbaok. Programan parte hartzeko baldintzak 2014ko zezeilean argitaratuko dira, www.museobilbao.com webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!