William A. Douglass: 'Zentzu askotan, euskal kulturea sakonago bizi izan dot kultura amerikarra baino'
2013-12-02 10:12 BarriketanAbenduaren 6an jasoko dau William A. Douglassek Argizaiola saria, Durangoko San Agustin aretoan. Renon, AEBetan jaio zan, 1939an. AEBetako mendebaldeko euskal immigrazinoaren aditurik garrantzitsuenetakoa da, berak sortu eban Basque Studies Program (Euskal Ikasketen Zentroa) Nevadako Unibersidadean, gaur egun mundu osoan erreferente dan gunea.
20 liburutik gora idatzi ditu, eta makina bat artikulu; tartean, Death in Murelaga (1969), Amerikanuak, Basques in the New World (1979, Jon Bilbaogaz alkarlanean) eta Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism (1996, Joseba Zulaikagaz). Ohorezko euskaltzaina da, eta 1998an, Eusko Jaurlaritzeak Lagun Onari saria emon eutson.
Euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatzea da Gerediaga alkarteak 1992an sortutako omen-sariaren helburua. Douglassen aurretik, Argizaiola jaso dabe, besteak beste, Benito Lertxundik, Iñaki Beobidek, Imanol Urbietak, Juan Zelaiak, Maiatz aldizkariak, Gotzon Garatek eta euskeraz erakusten hasi ziran lehenengo ikastoletako andereñoak.
1.- Argizaiola saria jasotea espero zenduan, ala ezustean heldu da albistea?
Ez, ez neban saririk espero. Ezuste handia izan da niretzat. Ohorea handia da. Eta asko gustetan jat sariaren izena be. Etxean argizaiola bat daukat, nire lehenengo liburua izan zan Muerte en Murelaga lanean aztertu nituen hileta-errituen oroigarri.
2.- Noiz izan zenduan lehenengoz Euskal Herriaren barri?
1963an heldu nintzan Euskal Herrira, Chicagoko Unibersidadeko gizarte antropologiako graduadu lez. 24 urte nituan, ezkonduta nengoan eta urte biko semea. Tesirako landa-lana egiteko asmoa neukan, baina ez nekian ze gai aukeratu. Etxalarren tarte laburra egin ostean, nekazal guneetako exodoaren garrantziaz konturatu nintzan.
3.- Zerk erakarri edo harritu zinduzan gehien Euskal Herritik?
Azalpen luzea beharko leuke erantzunak. Euskaldunen ganeko jakin-mina lehenagotik neukan, Julio Caro Barojaren liburu batzuk irakurri nituanetik. Berak bideratu eta zaletu ninduan, eta lagun handiak egin ginan. Ni Etxalarren bizi nintzanean, eta bera Beran egoala (sarritan Madrilen edo Andaluzian izaten zan eta) ia astero egiten genduan barriketaldia Itzean.
Etxalar eta Murelagako baserrietan bizi nintzanez familiagaz, Euskal Herriko nekazal gizarteak atenzinoa emon eustan. Ha mundua hil hurran egoan zentzu askotan, eta ia desagertu da. Suberte handia izan zan oraindino tradizionala eta funzionala zan sasoian aztertu ahal izana.
4.- Makina bat urte emon dozuz AEBetako mendebaldeko euskal immigrazinoa aztertzen. Zer dala eta aukeratu zenduan arlo hori?
Jakina, Euskal Herriko baserri inguruko immigrazinoa aztertu ostean nahiko naturala zan euskal immigrazinoa lantzen segidutea jomuga-herrialdeetan. AEBetako mendebaldea zan helmugetako bat, baina Australia eta herrialde latinoamerikar batzuk be aztertu nituan. Euskal Ikasketen Zentroa sortzeko eskaintzea onartu nebanean erakundeek ipinitako inposaketea be izan zan. Nevadako unibersidade sistemako arduradunek euskaldunen AEBetako mendebaldeko historiak lehentasuna izatea gura eben. AEBetako mueta horretako lehenengo programea zan.
Euskal ikasketak Hegoalden erakundetu baino hamarkada bat lehenago sortu genduan Euskal Ikasketen Zentroa. Kontuan izan Euskal Herriko Unibersidadean baino hamar urte gehiago daukaguzala, berbarako. Programea sortu genduanean material oso gitxi egoan ingelesez Euskal Herriari buruz, hiru-lau liburu eta artikulu. Euskal-amerikarrek eurek ez euken idatzizko ondarerik. Hori dala eta, nik uste dot programearen ekarpenik garrantzitsuenetakoa euskaldunei buruz euskerazko ezagutza corpusa sortzea izan zala. Nevadako unibersidade-argitaletxeak kaleratutako Euskal Monografia Bildumea oso garrantzitsua izan zan. Leiho baten antzekoa izan zan, bai euren ondarearen bila ebilzan euskal-amerikarrentzat bai herri angloarentzat bere, ez ekien eta ezer gaiaz.
5.- Durangoko Azokeak 48 urte beteko ditu aurten, zu Euskal Herrira ailegau baino zeuzertxu beranduago sortu zan. Badaukazu hasiera hareen gomutarik?
Ezin neike Azokearen ekarpenari buruzko gauza handirik esan. Egia esan, ni nekazal giroan sartuta nengoan, eta sasoi hareetan ez neukan Euskal Herriko korronte intelektualen barririk. 2009an Lagun Onari saria emon eustienean ez nekien zer zan bere. Sari hori nire bizitzako ohorerik handiena da. Euskal Herriaren lagun sentiduten naz, horregaitik maite dot hainbeste saria. Zentzu askotan, euskal kulturea sakonago bizi izan dot kultura amerikarra baino. Nire lagunmin gehienak Europako euskaldunak dira edo munduan zehar izandako emigrazinoren bateko euskaldunak.
6.- Renoko Basque Studies Program, Euskal Ikasketen Zentroa, zeuk sortu zenduan. Zein asmogaz abiatu zan ekimena?
Programea sortu nebanean amesetan be ez neuke pentsauko norainio helduko zan. Dana dala, lehen, orain eta etorkizunean lortutakoa ehunka lagunen lanaren emoitzea dala argi gura dot itxi. Argizaiola saria jasoko badot nire ibilbidean makina bat lagunek lagundu eta onartu nabelako izango da, eta gehienak euskaldunak izan dira, munduan zehar banatutako euskaldunak, hain zuzen be. Saria eurei danei eskaini nahiko neuskie.
7.- Gaur egun, zein da Euskal Ikasketen Zentroaren lana?
Programea nik 2000. urtean itxi nebanean baino askozaz zabalagoa da. Irakasle, boluntario, ikasle graduadu, ikastaro eta argitalpen bilduma gehiago ditu. Ni harro nago, aitak seme-alaba kutunak berak baino hobeto egin dauelako, gainditu egin dauelako. Zer gehiago eskatu geinkie gure atzetik datozanei?
8.- Euskal gatazkearen inguruan idatzi izan dozu, zelan baloretan dozuz azkenaldiko aldaketak, ETAren amaierea, bake prozesua?
Espero dot behingoz bakea izatea, eta prozesu politiko normalizau bat. Denporeagaz, gatazkea sortu eben arazoei konponbide egokiak emotea.
9.- Gaur egun beharrean segiduten dozu, idazten eta argitaratzen?
Bai, beharrean segiduten dot. Egunero idazten dot. Kasinoen inguruan bizi dan familia baten ganeko nobelea idazten nabil orain, neure familia be holango beharretan ibili izan da ganera. Arrantzaz be idazten dot. Euskalduntasunagaz loturea daukien proiektu bi atontzen nabil; batak, euskaldunak Antipodetan dau ardatz, eta besteak, euskal immigrazinoa herrialde latinoamerikarretan, batez be Kuban.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!