Erriberako Merkatuan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako argazki historikoak ikusgai

Bizkaie! 2013-11-27 13:11   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan udal programearen barruan, argazkien bitartez Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako historia islatzen dauen erakusketea inaugurau dau gaur Erriberako Merkatuan.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan udal programearen barruan, argazkien bitartez Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako historia islatzen dauen erakusketea inaugurau dau gaur Erriberako Merkatuan. Bilbon, ezkerraldean: Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala erakusketea, aitamen historikoek, datu bitxiek eta hainbat iturritatik jasotako 150 argazki zahar baino gehiagok osotutako formatu handiko 12 panelek osotzen dabe. Argazki horreetako batzuk bertako biztanleek itxi ditue, udan argitaratu bako irudiak jasoteko bultzatutako kanpainearen ostean. Guztiak Arturo Izarzelaiak eta David Mateosek, erakusketearen komisarioek aukeratu eta sailkatu ditue. Biak be auzo horreetan bizi dira, eta urteak daroez datuak, dokumentazinoa, argazkiak, eta itsasadarraren ezkerralde horretako mikro-historiaren ikuspegi orokorra emongo dauen material guztia batzen.

Arturo Izarzelaia, Irakaskuntza Ertaineko irakasle eta Aldauri fundazioko presidentea da, eta aurretik be hartu izan dau parte Bilbao Izan programearen barruan gauzatutako zenbait ekimenetan. Txema Uriartegaz batera, Una historia de La Palanca Bilbaína (2007) liburuaren egilea da, eta, horrezaz gan, Barrios altos de Bilbao (2001) lana be berak egin dau. David Mateosi jagokonez, Historian lizentziatua da, Aldauri fundazinoaren ohiko laguntzailea, eta gida profesionala eta Bilboko historian eta artean aditua.

Erakusketearen helburua, alkarren artean hur dagozan uriko gune horreek guztiak erakustea da, leku komunak, bertan bizi ziranen jarduera ekonomikoa, kulturala eta soziala eta eraikin bereziak erakutsi nahi dira.

Erakusketeak eskaintzen dituan aukeren bitartez, ikusleek Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan izandako urigintza aldaketa handiak ikusi ahal izango ditue, eta bertako eszena historikoak eta leku eta saltoki zaharrak topau, horreetako asko dagoeneko desagertuta dagozanak, Gorteak kaleko udal eskolak, La Laguna kalea, Valentín Herediaren jatetxea eta janari dendea, Salón Vizcaya izenekoa eta Bataclán, Las Columnas eta Kursaal Novedades kabaret ezagunak, besteak beste.

Horrezaz gan, XX. mendearen hasierako langileen alkarretaratzeen eta mitinen argazki historikoak edo 1931n, Espainiako II. Errepublikako presidente zanak, Niceto Alcalá Zamorak, Grupo Escolar Modelo Tomás Meabe izenekoaren lehen harria jarteko ekitaldira egindako bisitearen argazkiak be jasoten dira.

Erriberako Merkatuko erakusketan jasoten diran 150 argazkiak telebistako pantailen bitartez etenbarik ikusi ahal izango dira, 2013ko zemendiaren 27tik 2014ko urtarrilaren 5era, San Frantziskoko eta Zabalako Udaltegietan, astelehenetik barikura, goizeko 08:30etik gaueko 21:30etara (Gabonetan izan ezik). Eta Miribillako tren geltokian (Renfe Aldiriak), astelehenetik domekara, goizeko 06:00etatik gaueko 22:00etara.

Bilbon, ezkerraldean: Bilbao La Vieja, San Francisco y Zabala erakusketea, uribilduko auzoen eta barrutien historiari buruzko bosgarren argazki erakusketea da. Aurretik Errekalderi (2009an), Deustuko barrutiari (2010ean), Basurturi (2011n) eta Begoñako 4. barrutiari (2012an) buruzkoak egin ziran.


Antzerkia: Estampas

Jarduera osogarri moduan, Gaitzerdi Teatro konpainiak Estampas lana antzeztuko dau. Antzezlan horretan, argazki erakusketako irudietan ikusten dan sasoiko zenbait personaia historikok bizia berreskuratuko dabe. Holan, denporan atzera eginez, joan dan mendean itsasadarraren beste aldeko auzoetan bizi ziran herritarrak kaleetatik ibiliko dira barriro.

Emonaldiak zemendiaren 29an eta 30ean iznago dira, goizeko 10:00etatik 14:00etara, Erriberako Merkatuan eta kanpoaldean.


Erakusketea San Frantziskon

Erriberako Merkatuan egongo dan argazki erakusketaz gan, San Frantziskoko Udaltegian Minerales de las minas de hierro de Bilbao: calcita, esfalerita, galena, fluorita y cuarzo izeneko erakusketea aurkeztuko da abenduaren 2an (19:30etan), Harridunak izeneko Mineralogia eta Paleontologia Euskal Elkartearen eta San Luiseko Meategiko azken meatzaria dan Emiliano Valdizan Obesoren eskutik.

Argazki erakusketearen osogarri dan erakusketa hori 2013ko abenduaren 2tik 2014ko urtarrilaren 14ra bisitau ahal izango da, astelehenetik barikura, 08:30etatik 21:30etara, Gabonetan izan ezik.


Bideoa

Argazki erakusketearen ondoren, Kultura eta Hezkuntza Sailak, gai bera landuko dauen bideo bat aurkeztuko dau urtarrilean. Kasu honetan, ikerlariek eta historialariek, baina baita auzoko persona anonimoek be, euren testigantzea eta lekuko historiari buruz daben ezagutza eskaini ditue, uribilduko gune herrikoienetakoaren azken urteetako historia erakusten dauen ikus-entzunezko lan hau egiteko.

La orilla del hierro y la lentejuela izeneko proiekzinoak urtarrilaren 14an, 15ean eta 16an izango dira, Zabalako Udaltegian, BilbaoArten eta San Frantziskoko Udaltegian, hurranez hurran, hiru saio eskainiz egunero, arratsaldeko 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan (sarrerea librea). Horrezaz gan, ikus-entzunezko lana Bilbao Izanen webgunean egongo da urtarrilaren 20tik aurrera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu