Etxepare Euskal Institutuak Bruselan ospatuko dau Euskerearen Eguna
2013-11-27 10:01 Euskerea berbagaiEtxepare Euskal Institutuak Bruselan ospatuko dau aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Eguna, joan dan barikuan hasi eta abenduaren 4ra arte ospatuko dan Fenêtre Ouverte sur le Pays Basque programearen barruan antolaturiko ekitaldien bitartez.
Etxepare Euskal Institutuak Bruselan ospatuko dau aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Eguna, joan dan barikuan hasi eta abenduaren 4ra arte ospatuko dan Fenêtre Ouverte sur le Pays Basque programearen barruan antolaturiko ekitaldien bitartez. Era berean, joan dan urteko Euskerearen Eguna dala-eta Etxepare Institutuak sustatu dauen Homeland film laburrak 21 egunetan 40.000 ikustaldi lortu dituala nabarmendu dau.
Institutuko iturriek gogorarazo dabenez, 2012ko Euskeraren Egunean, surfaren eskutik euskerea urrunago eroateko asmoa zabaldu zan eta, Surfilm Festibalagaz alkarlanean, egun surf munduko errealizatzaile ezagunenetakoa dan Cyrus Suttoni euskeraz lan egiteko proposamena egin jakon; euskal kulturearen gaineko bere begiradea jasotea zan asmoa eta berak menperatzen dituan bideetan zabaltzea film laburra. Emoitzea Homeland lana izan zan. Suttonek beragaz eroan dau urte osoan, munduko hamaika jaialditan erakutsiz -Kalifornia, Smash NY Festival, London Surf Film Festival eta abar-. Orain hiru aste Korduroy.tv interneteko telebistan zintzilikatu eban eta 40.000 ikustaldi izan ditu honezkero.
Orain, Euskerearen Egunaren indarrak beste bazter batera eroan dau Etxepare Institutua, eta, lankidetzea izanik hasieratik Institutuaren egitekoaren muina, Fédération des Jeunesses Musicales Wallonie-Bruxelles erakundeagaz ibili da alkarlanean, euskal kulturearen erakusgarri dan Fenêtre Ouverte Poverte sur le Pays Basque programea sortzeko. Brusela eta Valonia hartu dauen jaialdia pasa dan barikuan hasi zan eta abenduaren 4ra arte egingo da.
Bruselan dabilzan kultur instituzino desbardinen eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, EHUko Mikel Laboa Katedrea, Euskadiko Filmategia, Euskal Kultur Erakundea, Donostia 2016 eta Euskaltzaindia euskal erakundeek be laguntzinoa eskaini deutsie programeari.
Helburu nagusia da euskal kulturearen aniztasuna eta adierazpen artistiko desbardinak ezagutarazotea, abenduaren 3ko Euskerearen Nazinoarteko Egunaren ospakizunakaz bat eginez.
Egitaraua
Egitarauaren barruan, Juan Mari Beltran musikariak eta bere taldeak euskal herri musikearen inguruko 30 bat emonaldi eta tailer eskainiko ditue bertako eskola, konserbatorio eta kulturgune desbardinetan, zemendiaren 23an hasita. Gainera, zemendiaren 29an, Beltranek txalaparta bat dohaintzan emongo deutso Bruselako MIM museoari, munduko musika tresnen museo garrantzitsuenari.
Euskal Zinemeari buruzko ziklo berezi bat be zabaldu da Bruselako Cinematek filmategian, eta zemendiaren 24tik abenduaren 4ra bitartean, Urte berri on amona, Zuloak, Bertsolari eta 80 egunean filmak ikusgai izango dira, 11 saio eskainiz guztira. Gainera, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak Euskal zinegintzearen historia laburra emon dau bart, Cinemateken bertan.
Zemendiaren 28an, euskerea izango da berbagai: Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskara eta corpus-planning-a: Euskaltzaindiaren lana (1918-2013) gaia jorratuko dau eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, barriz, Euskara Europan. Hizkuntza politikak. Euskadiren EBko Ordezkaritzan egingo dan ekitaldian Izaskun Bilbao eta François Alfonsi eurodiputaduek be parte hartuko dabe. Jarraian Cyrus Suttonek euskeraz sortutako Homeland film laburra emongo dabe.
Hilaren 29an, Langues / Cultures / Identités, jaialdiaren hasierako ekitaldi ofiziala egingo da La Tentation aretoan, Iñaki Plaza musikariaren eta bere taldearen, Ialma taldearen eta Xabier Paya bertsolariaren partaidetzeagaz.
Mikel Laboaren musikeak eta ekarpenak be berezko tokia izango dabe programan. Alde batetik, La Bellone - Maison du Spectacle guneak Close to Laboa: a music installation erakusketea hartuko dau zemendiaren 29tik abenduaren 4ra bitartean, eta bestetik, Kukai jantza taldeak abenduaren 1ean, Centre Culturel des Riches-Claires antzokian emongo dauen Komunikazioa-Inkomunikazioa ikuskizunaren ardatza be Laboaren obrea izango da. Kukaik Sorbatza eta Gelajauziak ikuskizunak be eskainiko ditu Engis herriko Centre Culturel gunean zemendiaren 30ean, eta Gelajauziak barriro abenduaren 1ean, Bruselako Grand-Place gunean.
Azkenik, abenduaren 3an, Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzaina izango da protagonista, zuzenean streaming bidez zabalduko dan euskal literatureari buruzko berbaldia emongo dauelako Point Culture gunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!