Etxahun Lekue: Entzuleek ondo hartzen dabe bizkaierea eta askok eskertu be bai

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2013-11-22 10:15   Barriketan
Bertsolaria eta irakaslea

Etxahun Lekue Etxebarriak (Larrabetzu, 1979) Magisteritzea egin eban eta hainbat urte daroaz eskolak emoten. Bardin bertso-eskolan nahi ikastetxeetan suberte txikerra ez daukie gazteenek maisu honegaz. Denporea da berari eta Unai Ormaetxeari alkarrizketea egin neutsena, emoten eben eskolen inguruan. Orduko eta gaurko galdera laburretan leiduko dozuen moduan, Etxahun eta biok ez gara askorik aldatu urteokaz. 2013a hasi barri egoala be entzun genduan bere plazako bertsoerea Bizkaie! agerkarian.

Bertsolari arteza, bardin gaiari edo bertsokideari erantzuten deutsona eta bertsoa goitik behera ekarteko erraztasuna daukana da Etxahun: Bizkaiko eta Euskal Herriko bertsolaritzan antxinarik nahinon leidu geinken izena. 2002tik hona Bizkaiko final guztietan egon da eta hirugarrenez kantau dau Euskal Herriko Txapelketa Nagusian. Kontu egizue: 2006an eta 2010ean, esate baterako, Bizkaiko txapeletik hur-hur ibili zan.

Euskal Herriko finalerdien aurretik beragaz egon gura izan dogu eta aiko hemezan bere berbak:


1.- Kanporaketea irabazita, finalerdi elegantea egin ostean... zelan bizi dozu Txapelketea? Eta besteak zelan ikusi dozuz?

Sano pozik nago egiten nabilen txapelketeagaz. Esango neuke sekula egin dodan txapelketarik konpletoena dala momentuz, zer hobeturik beti egon arren.

Bestalde, txapelketa polita doala uste dot. Txapelketetan beti egoten diran gorabeherak eta sorpresak egon dira, baina maila ona ikusi dot; batez be, finalerdietan.


2.- Nogaz ibili zara entrenetan? Zelangoa da zuon entrenamentua?

Alde batetik, bertso-eskolako lagunakaz ibili naz eta, bestalde, azken urteotako eran, Beñat Ugartetxea, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballesegaz batu naz astean behin. Ez dogu ezer berezirik egiten: saioan egin beharko doguzan beharrak egiten doguz, eta saioak komentau eta alkarri aholkuak emoten deutsaguz -baten bat sano baliogarria izan jat-.


3.- Bizkaieraz kantau dozuz saio biak: garbi, koherente eta bertsoa josiaz. Ez zarie asko Txapelketan bizkaieraz kantau dozuen bizkaitarrak... arriskurik ikusten dozu horretan?

Aurreko Txapelketa Nagusietan batuaz kantau neban. 2005ean argi neukan batuaz kantauko nebala eta 2009koan zalantzaren bat euki neban. Aurtengo hasierako entrenamentuetan bietara saiatu nintzan, baina nahiko garbi neukan bizkaieraz egin gura nebala. Buru-ariketa handia da batetik besterako aldaketea egitea, eta nik urte asko daroadaz bizkaieraz bakarrik kantetan eta onena hori zala argi neukan. Arriskua egon leiteke entzuleek dana ulertu ez eta eurengana ez ailegetako, baina esango neuke entzuleek ondo hartzen dabela eta askok eskertu be bai.


4.- Zelangoa izaten da final edo finalerdiko baten kantau aurreko gaua? Eta final edo finalerdiko eguna bera?

Txapelketa asko daroadaz eta nerbioen kontua neurri baten kontroletan ikasi dot. Txarren saioa dodan goizean pasetan dot, izartzeko orduan, baina segiduan trankiltzen naz.


5.- Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Jon Martin, Fredi Paia eta Igor Elortzagaz tokau jatzu Donostiako finalerdian. Zer dinozu bertsokide izango dozuzanakaitik?

Talde polita da, finalerako postuetan dagozan biek eroango dabe presino gehitxuago besteok baino. Kantetako lagun onak dira; ez dakit peligrosoena ondoen ezagutzen dodana ez dan, kar-kar.


6.- Zu irakasle zaituela ikusi dodaz umeak Eskolartekoan ondo be ondo kantetan. Segiduten dozu eurakaz? Zelango taldea daukazue? Noz batzen zarie?

Itallen Bertso Eskolan talde bi doguz: nagusiena eta gazteena. Nagusien anbizino bakarra eskolan kantetea da eta giro ederra dogu. Gazteakaz aurten ordutegia lotzeko arazoak izan doguz eta hileon hasi gara. Hamasei urte bueltako lau gazte dagoz taldean. Adin tarte gatxean hartu nituan arren, gozamena da eurokaz jardutea. Gogoa daukie, ederto kantetan dabe, zaleak dira…


7.- Bertso-irakasle zabilz eta arlo hori Bizkaie!-n be komentau genduan aspaldi. Gazteriagaz bertsotan hainbeste urte ibili ostean, irakasleak be derrigor izan behar zarie bertsoaren arrakastearen errudunak... Igarten dozue afizinoa eskoletan?

Danerik dago, baina txapelketa sasoian igarri dot ikasleek horren barri badaukiela, eta beste irakasle batzuk harritu egiten dira horregaz. Ahalegintzen gara ahalik eta erakargarrien egiten, gelako beharrak jarraipena euki dagian.


8.- Saio askotako sarrerak akabauta, aspalditik daukazue bertsozalea zuoi begira... BECerako be gero eta goizago saltzen dira guztiak...

Bertsolaritzea osasuntsu dago eta urte osoko saioetan be entzule kopuru majoak batzen dira. Alde horretatik ez gagoz kexetako moduan. Dana dala, Txapelketa Nagusia beste kontu bat da. Derrigor huts egin ezin dan ekitaldi bat bihurtu da. Badago jente asko lau urtean behin saio bakarrera joaten dana eta saio hori txapelketako finala da. Penea urtean saio askotara joaten dan bertsozale asko geratu dala sarrera barik.


Galdera laburrak:

- Jateko bat: Okelea, arrautza eta patata prijiduak.
- Biziteko leku bat: Larrabetzu.
- Musika-talde bat: Pi.L.T.
- Liburu bat: Twist.
- Plaza bat: Hori Bai Gaztetxea.
- Bidaiatzeko leku bat: Bisitau bako edozein.
- Mania bat: Ez naz bape be maniatikoa.
- Bertsolari bat: Unai Iturriaga.
- 2013ko txapelduna: Ni ez, behintzat.

Elizondo, Donostia eta Mauleko saioak baino ez jakuz geratzen finalera orduko. Faboritoen iladea luzea da; BECeko agertokia ez horrenbeste. Animo, Etxahun eta beste guztioi!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu