Euskereak Europako hizkuntzen artean merezidu dauen tokia aldarrikatu dau Baztarrikak Estrasburgon
2013-11-21 14:56 Euskerea berbagaiEuskerea hizkuntza europarra da, eta euskararentzat habitat egokia eregi nahi dogu Europako hizkuntzen artean. Euskerea, eta gure hizkuntza politikea, alkarbizitzarako eta kohesino sozialerako faktore lez ulertzen doguz, gaztelaniagazko eta ganerako hizkuntzakazko batzaile eta osogarri, adierazo dau Patxi Baztarrikak.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskereak Europako hizkuntzen artean merezidu dauen lekua aldarrikatu dau gaur, eguena, Europako Parlamentuan, Estrasburgon, hizkuntza gitxituei buruzko talde artekoan. Euskerea hizkuntza europarra da, eta euskararentzat habitat egokia eregi nahi dogu Europako hizkuntzen artean. Euskerea, eta gure hizkuntza politikea, alkarbizitzarako eta kohesino sozialerako faktore lez ulertzen doguz, gaztelaniagazko eta ganerako hizkuntzakazko batzaile eta osogarri, adierazo dau.
Bere hitzetan, euskerea eta ganerako toki hizkuntzak ez dira toki hizkuntzak, hizkuntza europarrak baino. Hizkuntza arloan, Europa aberatsa ez da estadu hizkuntzakaz bakarrik osotzen. Estadu hizkuntza izan barik be, Europako Batasuneko lurralderen batean hizkuntza ofizial diran hizkuntzentzat be badago tokia. Nire ustez, euskereak eta egoera hori bizi daben ganerako hizkuntzek, Europako hizkuntza nagusien tratu berbera merezidu dabe, nabarmendu dau.
Baztarrikak Europako Parlamentuko osoko bilerearen barruan egin dan hizkuntza gitxituei buruzko talde artekoan parte hartu dau, euskerearen biziraupenerako nahiz hizkuntzea bizibarritzeko Jaurlaritzearen ekimenen barri emoteko eurodiputaduei. Haregaz batera izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Epalza Euskara Kultur Elkargoaren presidentea Nafarroatik ordezkari eta Allende Boutin Euskerearen Aholku Batzordeko kidea Iparraldetik.
Bere berbaldia hasteko, euskerearen azken 30-50 urteotako hazkundearen kronikea egin dau Baztarrikak Estrasburgoko Parlamentuan, baina zehaztu dauenez, aldi berean, lurraldeka eta eremu funtzionalei jagokenez desbardina izan dan garapen baten kronikea da.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskereak bere hiru eremu juridiko-administratiboetan izan dauen bilakaera sozial desbardinen konparaketea egin dau, eta hiru eremu horreetako bakotxean -Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean- garatu diran legedia eta hizkuntza politikak alderatu ditu.
Hazkunde horren neurriari eta ezaugarriei erreparauta, euskerearena kasu paradigmatikoa dala azaldu dau. Alde batetik, erakusten dauelako hizkuntza minorizatu bat bizibarritzea egingarria da; bestetik, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean izandako bilakaerea guztiz desbardinen arabera, erakusten dauelako hizkuntzea bizibarritzeko zein faktore diran erabagigarriak, hau da, lege estatus egokia, hizkuntza politika eragingarria eta herritarren atxikimendua edo gizartearen bultzadea, azaldu dau. Hizkuntzearen bizibarritze prozesu egokirako, hiru faktore horreetan aldi berean eragiteak dauen garrantzia azpimarratu dau Baztarrikak.
Erronkak
Bizibarritze horren gako nagusietako bat adostasun sozial eta politiko zabala izan dala ganeratu dau Baztarrikak, eta ondoren euskerearen erronkak jorratu ditu. Askotarikoak dira erronkak, askotarikoa baita euskerearen errealidade soziala be esan dau.
Ipar Euskal Herriaz esan dau erronkea biziraupenari lotua dagoala, azken 20 urteotan hizkuntzearen galerea etenik bakoa izan baita. Joan zan irailaren 11n Europako Parlamentuak onartutako Ebazpenaren ildo beretik, Frantziako Estaduak Europako Hizkuntza Gitxituen Ituna berretsi eta apliketako beharra nabarmendu dau Baztarrikak. Funtsezkoa litzateke Iparraldeko euskerearen etorkizunerako, gehitu dau.
Euskal Autonomia Erkidegoan, barriz, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen berbetan, epe labur eta ertainean, erronkeak zerikusi handiagoa dauka hizkuntzearen bizi indarragaz, biziraupengaz baino.
Baztarrikak gogorarazo dau euskereak gaur sekula baino hiztun gehiago dauela, baina euskerearen eta gaztelaniaren arteko desoreka soziala betikotuko balitz, euskerea hondar hizkuntza bihurtzeko arriskuan egongo litzateke erabilereari jagokonez, eta bizi indarra galduko leuke. Euskerea gero eta jente gehiagoren bigarren hizkuntzea da, baina arriskua dogu gero eta jente gitxiagoren lehen hizkuntzea izateko, ohartarazo dau.
Holan, erronka nagusia hezkuntza sistemearen bidez jaso dan hizkuntzearen ezagutza hori eguneroko erabilera bihurtzea dala azaldu dau, gazteen artean batez be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!