William A. Douglass antropologoak jasoko dau Durangoko Azokearen Argizaiola saria

Bizkaie! 2013-11-21 14:48   Kulturea

Duragoko Azokearen 48. edizinoaren aurkezpen ofizialean, egitarauaren barri emoteaz gan, Argizaiola Sariaren eta aurtengo herrialde konbidauaren barri emon dabe. William A. Douglass antropologoak jasoko dau saria eta Eskozia izango da aurtengo herrialde protagonistea. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokea.

Duragoko Azokearen 48. edizinoaren aurkezpen ofizialean, egitarauaren barri emoteaz gan, Argizaiola Sariaren eta aurtengo herrialde konbidauaren barri emon dabe. William A. Douglass antropologoak jasoko dau saria eta Eskozia izango da aurtengo herrialde protagonistea. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokea.

San Agustin kultur gunean egin dabe aurkezpena; Nerea Mujika Gerediaga alkarte antolatzaileko burua, Itziar Elias EHAZ alkarteko eta Szenatokia guneko arduraduna, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea izan dira hizlariak.

Aurten Argizaiola saria William A. Douglass antropologoak (Reno, AEB 1939) jasoko dau. AEBetako mendebaldeko euskal immigrazinoaren aditurik garrantzitsuenetakoa da, Durangoko Azokako iturriek azaldu dabenez. Renoko Basque Studies Program dalakoa sortu, eta hiru hamarkadan zuzendaria izan zan. Abenduaren 6an, San Agustin aretoan emongo deutsie saria, 20:30ean.

Batez be ikerlari jardun dau Douglasek, euskal immigrazinoaz aparte, beste arlo batzuk be jorratu ditu, esaterako, norbere identidadea gordetearen auzia eta nazinoarteko hainbat kulturen historia eta migrazino mobimentuak. Euskal Herria, Italia eta AEBetako migrazinoak aztertu ditu gehienbat.

Madrilgo Complutense unibersidadean Gaztelera eta espainiar literaturako ikasketak egin ostean, Euskal Herrira etorri zan bizitera 1963an, andrea eta semeagaz. Lehenengo Etxalarren bizi izan ziran, eta Aulestin gero. Baserritarrekaz hartu-emonean egon zan, eta Julio Caro Baroja, Xabier Amuriza eta Emilio Kortabitarteren lagun egin zan. 1967an Gizarte Antropologiako doktoretzea lortu eban, Chicagoko Unibersidadean.

Hogei liburutik gora kaleratu ditu, eta ehun artikulu inguru: Death in Murelaga (1969), Amerikanuak, Basques in the New World (1979, Jon Bilbaogaz alkarlanean), Etxalar and Murelaga: opportunity and rural depopulation in two Spanish Basque Village (1977), Beltran: Basque Sheepmann of the American West (1979), Azucar amargo. Vida y fortuna de los cortadores de caña italianos y vascos en la Australia tropical (1966), Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism (1996, Joseba Zulaikagaz alkarlanean), Global Vasconia: Essays on the Basque Diaspora (2007), Basque Culture: Anthropological Perspectives (2007) eta Terrorista nire baitan (2011).

Gerediaga alkarteak 1992. urtean emon eban lehenengoz Argizaiola omen-saria. Persona zein erakundeek euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatzea da sari honen helburua. Batez be urterik gatxenetean, trabak traba, lan egin dabenei emoten jakie saria, horregaitik 'Gauean argi' egin ebala gogoratzen da, dinoe Durangoko Azokako arduradunek.

Azokearen egunetan Eskozia herrialde konbidauaren inguruan hainbat ekitaldi egingo dira aurreratu dabe prentsaurrekoan antolatzaileek. Abenduaren 6an, berbarako, Eskoziatik Euskal Herrira: autodeterminazino prozesuak mahai-ingurua egingo dabe Areto Nagusian, 12:00etan. Zelai Nikolas izango da moderatzailea eta hizlariak Iñigo Urrutia, Julen Goikoetxea, Txente Rekondo eta Asier Blas. Eta 8an, kalejirea egingo dabe John Stewart gaita-jotzaile eskoziarragaz.

Azokeak 520.000 euroko aurrekontua eukiko dau, 2012an baino %10 gitxiago, Nerea Mujikak prentsaurrekoan azaldu dauenez. Laguntza handia behar dogu eta babes handiagoa eskatu beharrean gagoz, oso larri ibiliko baikara, esan dau Gerediagako buruak. Halanda be, egitarau ederra izango da Durangon, danetara 130 bat ekitaldi egingo dira eta. Emonaldiak ikusi bakarrik ez, parte hartzeko eta sortzaileekaz hartu-emona izateko aukerea emongo dabe.

Landako erakustazokearen 3.700 metro koadrotan 238 stand egongo dira, igaz baino 15 gitxiago. Eta danetara 122 argitaletxek, diskoetxek, banatzailek, alkartek eta erakundek hartuko dabe parte, joan dan urtean baino bost gitxiagok. 253 nobedade eskainiko ditu azokeak, gehieneak liburuak, 226 lan.

Durangoko Azokeak lau egun eukiko ditu, abenduaren 5etik 8ra. Goizeko 10:30ean edegiko ditu ateak eguenean, aurten berreskuratu daben Ikasleen Egunean. Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena eta Szenatokia guneek hainbat diziplinatako programazino oparoa antolatu dabe, eta Azoka TV-k azokan jazoten dan guztia bertatik bertara eskainiko dau pantaila erraldoian, eta tokian tokiko telebistetan.

Azokea sekula baino zabalagoa izango da, Landakotik San Agustin Kultur Guneraino ailegauko da, Zugaza zinema areto ahaztu barik. Azokea inoiz baino zabalagoa izango dala nabarmendu dau Mujikak, eta Aitziber Irigorasek guztiz pozgarria dala ganeratu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu