'Hilotzak hobetik ateratzen, duintasunak berreskuratzen' erakusketea, Bizkaia Aretoan ikusgai

Bizkaie! 2013-12-16 14:38   Kulturea

Erakustaldia Memoria(z) tartean proiektuaren zati da, Bizkaiko Campuseko Kulturbasque programa kulturalak antolatua. Aranzadi Zientzia Alkarteak 2000. urtetik Gerra Zibileko hobien gainean egindako ikerketa-lana jaso nahi izan dau erakusketa horretan, UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzaz.

Gaur, abenduak 16, goizeko 9:00etan, Bizkaia Aretoko Chillida gelan (Abandoibarra, 3. Bilbo) Hilotzak hobetik ateratzen, duintasunak berreskuratzen erakusketeak ateak edegi ditu. 2014ko urtarrilaren 16ra arte, astelehenetik barikura (jaiegunak izan ezik) 09:00etatik 19:30era arte ikusteko aukerea izango da. Erakustaldia Memoria(z) tartean proiektuaren zati da, Bizkaiko Campuseko Kulturbasque programa kulturalak antolatua. Aranzadi Zientzia Alkarteak 2000. urtetik Gerra Zibileko hobien gainean egindako ikerketa-lana jaso nahi izan dau erakusketa horretan, UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzaz. Erakusketearen koordinatzailea eta zuzendaria Pilar Cobo da, eta Lourdes Herrastiren, Iñaki Egañaren eta Francisco Etxeberriaren aholkularitza teknikoa izan dau.

Erakusketa lau gai-taldetan oinarrituta dago: norbanakoak, hilobia, laborategia eta omenaldia. Ateratze-lanetako argazkiakaz inprimidutako hogeita hamalau mihiseren bitartez, erakusketeak prozesuaren alderdi zientifikoa nahiz gizatiarra aurkezten ditu, eta arreta berezia eskaintzen deutse desagertuen senitartekoei. Horrezaz gan, aretoko zoruan, La Andayako (Burgos) 4. hilobiaren argazki bat dago, formatu handikoa eta hor indusketan topautako 29 eskeletoak ikus daitekez hilobian agertu ziran moduan eta ia berezko neurrian. Erakusketearen gaiari buruzko DVD bat be badago, eta etenbarik emongo da.

Aranzadi Zientzia Alkarteak eta UPV/EHUko espezialista talde batek 2000. urtetik hilotzak hobitik aterateko 120 proiektutan baino gehiagotan parte hartu dau (Estaduan egindako lanen % 30), 11 autonomia-erkidegotan.

Hilotzak hobitik ateratzean lan-ildo bat material grafikoaren eta ikus-entzunezko materialaren bidez egiten dabenez, Aranzadik hilobiak topetako eta induskatzeko prozesuan ateratako 40.000 argazkitik gorako datu-basea dauka, eta grabauta ditu gorpuzkiak atera aurretik eta atera bitartean emondako lekukotasunak. Material hori ikertzaileen eskura dago eta ezagutzera emao nahi dau oroimen historikoa lehengoratzeko eta zabaltzeko asmoz egindako lana.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu