'Aiarako toponimia nagusia' lana aurkeztu dabe Gasteizen

Bizkaie! 2013-12-16 17:02   Euskerea berbagai

Badu bada kultura programa zabalaren barruan, Aiarako toponimia nagusia / Toponimia mayor de Ayala izeneko liburua aurkeztu dabe, Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean. Ekitaldian, Arabako Kultura diputatu Iciar Lamarainek, Andres Urrutia euskaltzainburuak, liburuari berbaurrea egin deutson Andres Iñigo euskaltzainak eta, egileen izenean, Patxi Gale euskaltzain urgazleak hartu dabe parte.

Badu bada kultura programa zabalaren barruan, Aiarako toponimia nagusia / Toponimia mayor de Ayala izeneko liburua aurkeztu dabe, Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean. Ekitaldian, Arabako Kultura diputatu Iciar Lamarainek, Andres Urrutia euskaltzainburuak, liburuari berbaurrea egin deutson Andres Iñigo euskaltzainak eta, egileen izenean, Patxi Gale euskaltzain urgazleak hartu dabe parte. Mikel Gorrotxategi eta Felix Mugurutzagaz batera, idatzi dau liburua Patxi Galek.

Lanaren hasierako sustatzailea Aiarako Udala izan zan, eta azkenik, Arabako Foru Aldundiari eta Euskaltzaindiari esker ikusiko dau argia. Euskaltzaindiaren Onomastika gaietako Izenak bildumearen hirugarren alea da. Udalak Euskaltzaindiko Onomastika batzordeari eskatu eutson bertako auzo, etxe eta kaleen izenak aztertzeko eta idazteko proposamenak egitea. Behin lana eginda, inolako azalpen bako zerrenda hutsa egiteak txarto-ulertuak ekarriko leukezala-eta, batzordeak pentsau eban egokia eta erabilgarria izango zala izenekaz batera, azalpen batzuk emotea. Horri esker, aldaketak egozan kasuetan, horreen zergaitia ez ezik, udalerriko herri eta auzoen historia ere gehitxuago ezagutzeko aukera izango eben.

Egileek udalerri zabal horretako kontzeju historiko eta auzo nagusien izenak errepasetan ditue, leku horreen deskribapena ez ezik, izenen jatorriaz, historiaz eta normalizazinoaz ere hainbat iruzkin eginda. Eskualdeko mendi toponimiari buruzko kapitulua be gehitu dabe.

Andres Iñigo berbaurrearen egileak azaldu deuenaren arabera, lanaren egitureari jagokioenean, egileek modu ordenatuan aurkeztu ditue materialak, hau da, Aiara izenaren eta lurraldearen deskribapena egin ostean, Aiarako kontzejuak banan-banan azalduz eta horreetako bakoitxari jagokozan auzo eta etxe -moltso edota etxaldeen izenen barri emonez. Toponimo bakotxa osotzen daben elementuak aitatu eta gero, azalpen etimologikoa eskaini dabe, edota etimologiaren ganeko hurreratze bat hain garden ez diran izenetan. Bide batez, batzuetan oinarririk eta funts barik egin izan diran ustezko etimologiak baztertzeko aukerea aprobetxau dabe.

Toki-izen bakotxaren deskribapen zehatzean ezaugarri honeek agiri dira: kokapen zehatza, koordenatu geodesikoak, toponimoak adierazoten dauen tokiaren altitudea eta bertaraino ailegetako hartu eta segidu beharreko bidea.

Patxi Galék aitortu dauenez, lanak ez dau ikerketa bezala azken hitza izateko xederik, eremu geografiko horretako toponimia ezagutarazo, arautu eta hedatzeko asmo xumea baizik. Horretarako, aztertutako izen bakotxerako egileek arautze-proposamena luzatzen dabe, ondoko ikerketek, erabilerak eta bertako biztanleen eguneroko jardunak etorkizunean normalizauko daben ala, kontrara, zuzendu, txarto hartu edo baztertuko daben, denporak argituko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu