Mo Yan Nobel saridunaren 'Hori da umorea, maisu!' lana kalean da
2013-11-18 13:04 KultureaMaialen Marinek eta Aiora Jakak aurkeztu barri dabe Mo Yan idazle txinatar Nobel saridunaren Hori da umorea, maisu! (Elkar) liburua. Txineratik zuzenean euskeratu ditue testuak. Arrasate Euskaldun Dezagun alkarteak antolatutako Jokin Zaitegi bekeari esker argitaratu da lana.
Maialen Marinek eta Aiora Jakak aurkeztu barri dabe Mo Yan idazle txinatar Nobel saridunaren Hori da umorea, maisu! (Elkar) liburua. Txineratik zuzenean euskeratu ditue testuak. Arrasate Euskaldun Dezagun alkarteak antolatutako Jokin Zaitegi bekeari esker argitaratu da lana.
Zortzi narrazinok osotzen dabe liburua, 1985tik 2000ra bitartean idatzitakoak danak. Bere herrialdearen historia eta gaur egungo kontraesanak agiri dira ipuinetan, ironiaz eta gordinkeriz. Tradizinoa eta modernidadea alkartzen ditu Mo Yanek, Txinako ondarea eta mendebaldeko idazleen irakurketea, dinoe argitaratzaileek. Oinarri errealistea daukie testuek, baina magia eta umore baltza be baditue. Kritikoa da bere jaioterriko arazoekaz.
Marinek txineraz daki, baina Jakak, ez. Txineratik zuzenean itzuli dabe, frantses eta ingelesezko bersinoak kontutan hartuta. Marinek ipuinak euskeratu ditu; Jakak berrikusi eta zuzendu egin deutsoz. Onomatopeiek, esaerek, aditzen denporek eta erreferentzia kulturalek emon deutsie buruko minik handienak.
Mo Yan (benetako izenez, Guan Moye) Shandong probintziako Gaomi Dongbei herrian jaio zan 1955ean, nekazari-familia batean. Umezaro pobrea izan eban. Kultura-Iraultzearen saoian, umea zala, petrolio-fabrika batean hasi zan beaharrean. Soldadiskan ekin eutson idazteari. Ipuinez gan eleberriak idatzi izan ditu: Basarto gorriaren klana, Paradisuko baratxuriaren baladak, Alkoholaren herria… Bere lanen zinemarako moldaketek emon eutson ospea munduan, Zhang Yimouren eskutik, eta 2012an Literaturako Nobel Saria irabazi eban.
Maialen Marin Lacarta (Donostia, 1983) Itzulpengintzan lizentziatu zan Bartzelonan, Ingeles eta Txinera espezialidadean. Gaur egungo txinatar literaturea Espainian zelan itzuli dan aztertu dau doktoretza-tesian, Mo Yan-en kasua batez be landuz. Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982) Itzulpengintzan lizentziatura, masterra eta doktoretza ditu, EHUn. Tesia Sarrionandiaren itzulpen-lanaz egin dau, eta oraintsu argitaratu dau Euskaltzaindiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!