Lore Bengoetxea: 'Papeleko harpidedunak dira gure oinarria'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-11-18 10:37   Barriketan

Hamar urte bete barri dira Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza sortu zanetik, hirugarren Hitza izan zan, lehenago Oarsoladea eta Tolosaldeakoak abiatu ziran eta. Eskualdeak tokian tokiko informazinoa euskeraz eskaintzen dauen komunikabidea behar-beharrezkoa ebala sinistuta hasi zan martxan proiektua. Gaur egun, Bustuarialdeko Hitza-gaz batera kaleratzen da, martitzenetik barikura.

Lore Bengoetxea izan zan hainbat urtean Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ko zuzendaria, gaur egun 11barri enpresako kidea da. 11barri Hitza-ren enpresa lankidea da, eta komunikazio zerbitzuak eskaintzen ditu


1.- Orain hamar urte... Zelan abiatu zan Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza?

Hasiera-hasieran aldizkari bat sortzeko proiektua egon zan, horretan ebilzan bertoko kazetari bi. Urte berean Euskaldunon Egunkaria zarratu eben. Egunkari barria bultzatzeko proiektuan eskualdeko agerkariak sortzeko asmoa be baegoan. Orduan, talde biek bat egin eben, eta aldizkariaren egitasmoa albo batera ixtea erabagi zan, egunkari baten alde egitea. Kazetari taldea handitzen joan zan, eta tartean neu sartu nintzan. Egungaria-tik nentorren ni, Bizkaia atalean egiten neban lan.

Proiektua osotzeko, hirugarren hankea geunkan faltan, eskualdeko eragileak hain zuzen be: taldeak, ikastetxeak, enpresak... Azken baten, danak proiektuan batuta ipini zan martxan Hitza. Hirugarren hanka horretan, 108 gizarte eragile dagoz.


2.- Zein asmogaz sortu zenduen Hitza, hutsune bat beteteko akaso?

Lea-Artibai eskualde oso euskalduna da, baina ikusten genduan komunikabide arloan gabezia bat egoala. Aldizkariaren proiektuagaz hasi ziranek komunikazinoan hutsunea ikusi eben. Holako eskualde euskaldun baten emon beharreko pausua zan euskerazko komunikazino tresna bat eukitea. Beti dinogu Hitza erraz sartu zala herritarren artean, harpidetza asko egin ziran. Benetan euskaldun izateko komunikazinoan beste pausu bat emon behar zan.


3.- Erraza izan zan orduan proiektua saltzea?

Hasieran danok geunkan ilusino handia, gu geu gogotsu gengozan, eta herrietan be eskuzabal hartu ginduezan. Errraz-erraza izan zan etxeetan sartzea. Geuk be hasieratik ahalegina egin genduan, nahiz eta jentea eskuzabala izan, irakurleari gauzak erraztu egin behar jakoz. Horregaitik, etxez etxe banatzea pentsau zan, kioskoetara joan beharra euki barik, etxeko postontzian jasotea. Esfortzu handia da, azken baten banaketea gastu handia da. Baina, uste genduan hori egin beharra egoala, etxeetara ailegetako esfortzua egitea.


4.- Gaur egun zenbat etxetan jasoten dabe Hitza?

Orain hiru urtetik Busturialdeko Hitza-gaz betara urteten dogu. Gaur egun, 3.000 harpidedun bueltan daukaguz. Zortzi orrialdeko egunkaria egiten dogu, martitzenetik barikura. Lehen egunero argitaratzen zan, astelehenetan izan ezik. Egokitu beharra egon zan. Beti ibili gara dirulaguntza aldetik estu, eta momentu batean ezinezkoa izan zan holan segidutea. Orduan Busturialdeko Hitza-gaz batu ginan, eta argitaratze egunak gitxitu egin ziran. Persona gitxiago be bagagoz.

Hori dana zeozelan konpensetako, barikuetan zortzi barik hamasei orri ateraten doguz. Bizkaiko Hitza-ren barruan joaten da, beraz gure harpidedunek 32 orrialdeko egunkaria jasoten dabe. Beste patxada bategaz irakurteko aukerea daukie, erreportaje eta alkarrizketa gehiagogaz.


5.- Sare sozialen aldeko apustu garrantzitsua egin dozue, zelangoa izan da harrerea?

Interneten egon beharra dagoala ikusi genduan, eta sare sozialetan gero eta presentzia handiagoa behar zala. Webguneak hilean 13.000 bisita izaten ditu batez beste, eta astero grabetan dogun albistegiak 200-300 ikustaldi eukiten ditu astean. Herri harresian, 30.000ra igon ziran bisitak, eta atxiloketearen streaming emisinoak ia 9.000 ikusle euki zituan.

Edizino jarraitua be eskaintzen dogu. Atal horreek gero eta garrantzi handiagoa daukie, eta guk denpora gehiago be emoten deutsegu. Egokitu beharra dago, tokian tokiko komunikabideek bere bai. Baina, papelekoa ahaztu barik, harpidedun horreek egiten dabe posible beste guztia, sare sozialetan-eta egotea. Harpidedunak gure oinarria izaten segiduten dabe.


6.- Beraz, bietariko irakurleak daukazuez gaur egun, papelekoak eta Internetekoak.

Hitza-ren konsumitzaile mueta bi dagoz, papelekoak eta sare sozialen bidezkoak. Papelekoei begira, espazio aldetik daukaguzan mugak hor egonik, produktua hurrekoa, freskoa, erakargarria eta interesgarria izateko erak bilatzen gabilz, eten barik. Sare sozialei begira, bidea egiten hasi gara. Kazetari guztiek, papelerako idatzi eta argazkiak aterateaz gan, sare sozialen ardurea be badaukie: webeko edizino jarraitua, twiter, facebook… Eduki digitalen arduradun bat be badaukagu, propio. Bideoak, publireportajeak, albistegia egiten doguz.


7.- Hamargarren urteurrena zemendiaren 11n izan zan, hasi zarie ospatzen?

Eskualdeko informazinoa hamar urtean landueran, gure ustez erarik naturalena bertako eragileekaz batera ospatzea da. Horregaitik, hemendik eta abendura bitartean eskualdean antolatuko diran hainbat ekitaldiren sustatzailea izango da Hitza. Horrezaz gan, urte osoan izango gara beste ekimen batzuen laguntzaile. Horren danaren barri Hitza-n bertan emongo dogu.

Hainbat taldegaz hartu-emonetan gagoz, ekitaldi txiki eta handietan parte hartuko dogu. Zemendiaren 29an, esaterako, 10. urteurrena ospatzeko afaria egingo dogu Lekeition. Abenduaren 14an, Irrien Lagunen saioa eskainiko dogu Mutrikun. Lekeitioko Zine Bileran sari bat emongo dogu, Lea-Artibai eta Mutrikuko Saria. Eta Mutrikuko Ziriako Andonegi literatur lehiaketan, epaimahaikide izango gara. Horrezaz aparte, zemendiaren 11n, urteurrenaren egunean, panel informatiboak ipini genduzan Lekeitio, Markina eta Ziortza-Bolibarren, bertoko Udalekaz bat eginda, gure mezua zabaltzeko.


8.- Hamarkada bat pasau da, zer irabazi dabe Lea-Artibaik eta Mutrikuk? Igarten ahal da alderik?

Hitza sortu orduko ez egoan euskerazko egunkaririk, eskualde honek beharrizan hori eukala ulertzen genduan. Euskal Herri osora zabaldu daitekeen errebindikazinoa da, bai. Lehen sekula euskeraz irakurri bako jentea irakurten ipini dogu, persona nagusiak, euskeraz alfabetau bakoak. Jente nagusiak hori azpimarratzen dau, gazteek ez hainbeste, ohituta dagoz eta, gauza normala da. Eskualdeko informazinoa, hurrekoa, izatea asko eskertzen dabe herritarrek. Hori be normalizau egin da.

Horregaitik, harpidedunei eusteko eskatzen deutsegu, segiduteko. Guretzako sano garrantzitsuak dirala gogorarazo nahi dogu. Normala dan moduan urterik urte batzuk joan egiten dira, baina egia esan eusten joan gara. Azkenengo urtean kalera urten gara harpideekaz kontaktu zuzena egiteko, harpidedun barriak lortzeko; denda eta tabernetatik ibili gara, inor ez loak hartzeko, ezta geu be.


9.- Harpidedunak behar-beharrezkoak dozuez, beste biderik ez daukazue?

Eurak dira gure oinarria. Erakundeen aldetik, orokorrean, ez dogu ehuneko ehuneko babesik euki. Azken baten, guk ulertzen dogu euskerazko komunikazino proiektu bat beharrezkoa dala, beti behar izango dala. Beti euki dogu burrukea, orain Diputazinoagaz, oraintxe Jaurlaritzeagaz, gero Udalakaz hori benetan sinistu eragiteko. Laguntzak lehen be erreibindiketan genduzan, eta gaur egun bere bai.


10.- Irakurleak hur daukazuez, euren eretxiak jasoten dozuez? Zer eskatzen dabe?

Danetarik dago, batzuk kirol gehiago agertzea nahi dabe, beste batzuk kultureari buruzko orrialde gehiago, ekonomiakoak... Azken baten, eskualde osoko informazinoa lantzeko eskatzen deuskue. Jenteak eskatzen dauenari adi egon behar dogu, entzun beharra daukagu. Norbere herria gehiago agertzea gustetako jake danei; guk oreka baten barruan ibili behar dogu, herri bakotxaren populazinoaren arabera eta momentuan egon daitekezan albiste edo gaien inguruan.


11.- Eta, aurrera begira zein erronka ditu Hitza-k?

Egitasmoa sendotzea da gure erronka nagusia. Harpidedunak mantentzea ezeze, gehitzea da gure asmoa. Nabarmendu nahi dogu harpidedunak dirala gure oinarria, eta Hitza danon proiektua dala. Horren barruan, hirugarren hankea sendotzea ere bada gure asmoa: gizarte eragile gehiago proiektura batu eta administrazino kontseilua indartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu