Aurreko hiru urteetako euskaltegietako matrikulazinoen jatsierea eten egin da 2013-2014 ikasturtean
2013-11-14 13:16 Euskerea berbagaiEuskerearen transmisinoan, familia, hezkuntza sistemea eta helduen euskalduntzea dira hiru oinarri nagusiak. Esaterako, euskereak azken hogeita hamar urteotan irabazi dituan 300.000 hiztun barrietatik, 100.000 inguru izan daitekez helduen euskalduntzeak emon dituanak.
Hizkuntza Politikako Sailburuorde Patxi Baztarrika jn.ak oso balorazino positiboa egin dau euskaltegietan ikasturte barrian izan dan matrikulazino kopuruaz, izan be, igazko % 7ko jatsieratik % 1era joan baita. HABEko zuzendariak aurkeztutako datuen aurrean, balorazinoa sano positiboa da, izan be, jarduera-mota honetako joerak ez dira goizetik gauera eta kolpean % 100ean aldatzen; baina azken hiru urteetan jarraian izan dan galera etenbakoaren jokerea gelditzea lortu da.
Are positiboagoa da, gainera, kontuan hartzen badogu zer testuinguru sozioekonomiko gogorrean emon dan pausu hori. Gizartean, oro har, jarduera publiko asko -hezitzaileak, kirol, aisialdi eta abarretakoak- zoritxarrez urritu egin dira, eskaria uzkurtu dalako, gizarte-jarduerak moteldu diralako.
Beraz, oso positiboa da, testuinguru honetan, euskerea ikasi edo hobetu nahi daben ia 25.000 persona heldu euskaltegietara hurreratu izana.
Honek balio handia emoten deutso lortutako emoitzeari. Eta gaur nabarmendu nahi dot urte osoan zehar euskaltegi-sareek eta HABEk alkarregaz egin daben lana. Alkarlan zintzoan ibili dira, eskutik joan dira jarduerea sustatzeko, matrikulazino kanpainea egiteko, eskaintza egokitu eta malgutzeko, ikasleei erraztasunak emoteko, eta abar. Labur-zurrean, gizartearen eskarira egokitzeko ahalegin handia egin dabe eta egin dogu, eta uste dot hori dala bidea. Danon indar eta ahaleginak batuz, gauzak aurrera doaz, lortu egiten dira. Alde horretatik, zoriondu egin nahi ditut euskaltegiak; merezidu dau autortzea gizartearen egoera eta eskari barrietara egokitzeko egin daben ahalegina. Egin daben lanaren lekuko izan baikara.
Horregaitik, euskaltegien jarduera finantzatzeko laguntzei beren horretan eutsi deutsegu 2013an eta holan egingo dogu 2014an be.
Gainera, euskaltegietako ikasleentzako diru-laguntzino edo beken deialdia errekuperau dogu aurten. 2012an, bertan behera itxi eban deialdi hori Jaurlaritzek. Gobernu-programan jaso genduan lez, aurten indarrean jarri dogu deialdia, 700.000 euroko zenbatekoagaz. Eta 2014rako aurrekontu-proiektuan % 14ko igoerea aurreikusi dogu, 800.000 euroko deialdia egin ahal izateko. Gure ustez, jarduerea sustatzeko beste era bat da deialdi hau eta pozik gagoz barriro ohiko bidean jarri ahal izan dogulako. Uste dogulako heldutan euskerea ikasteko pausua emon eta HABEren maila bat eskuratzen daben herritarren ahalegina autortu eta lagundu behar dala. Euskerea ikastea errazten jarraitu behar dogu: euskaltegietako ikasmaterialak eta ikasteko metodoak hobetuz, gero eta kalidade handiagoko zerbitzua eskainiz, euskaltegira joateko erraztasunak emonez... Euskaldun barriek alkarbizitzarako egiten daben ekarpena balio handikoa baita.
2013-2017 legealdirako Eusko Jaurlaritzearen gobernu-ekintzaren ardatzetako bat euskerea eta hizkuntza-alkarbizitzea sustatzea da. Euskerea eta gaztelania, biak, hizkuntza ofizialak diran arren, badakigu oraindino egoera desorekatuan dagozala gure gizartean. Beraz, desoreka horretatik orekarantz pausuak emoten jarraitu nahi dogu. Euskerearen erabileran aurrera egiten jarraitzeko, euskerea gure gizartearen esparru zabaletan gero eta ohikoagoa egiteko, oso garrantzitsua da gero eta herritar gehiagok euskeraz jakitea, neurri batean edo bestean. Bakotxak ahal dauenean, danen ekarpena baita garrantzitsua eta positiboa: asko dakitenena eta gitxi dakitenena.
Euskerearen transmisinoan, familia, hezkuntza sistemea eta helduen euskalduntzea dira hiru oinarri nagusiak. Esaterako, euskereak azken hogeita hamar urteotan irabazi dituan 300.000 hiztun barrietatik, 100.000 inguru izan daitekez helduen euskalduntzeak emon dituanak.
Halan da be, gure gizartean, 35 urtetik gorakoen artean oraindino erdia baino gehiago dira elebakarrak. Horeietako asko euskerea ikastera animau nahi doguz. Horreei gero eta baldintza hobeak eskaini nahi deutseguz. Oso eginkizun garrantzitsua bete dau helduen euskalduntze-sareak euskerea bizibarritzeko prozesuan. Eta eginkizun garrantzitsua dau aurrera begira be. Horregaitik babesten jarraituko dogu aurrerantzean be. Konfidantza osoa dogu, hobekuntza etenbakoaren bidetik, prozesu eta emoitza gero eta emonkorragoak izango dituala helduen euskalduntzeak, gure gizarte-bizikidetzaren onerako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!