Mikel del Rio eta Augusto Aliseda artista gazteen lanak ipini ditue Batzar Nagusien erakusketa aretoan
2013-11-13 14:29 KultureaArte Eder ikasketak amaitu barri ditue EHUn Mikel del Riok eta Augusto Alisedak eta, belaunaldi barrien lanaren erakusgarri, Bilbon, Batzar Nagusien egoitzan, erakusketea ipinteko aukerea emon deutsie. Abenduaren 13ra arte, bederatzi kuadro egongo dira ikusgai.
Mikel del Riok eta Augusto Alisedak Arte Eder ikasketak amaitu barri ditue EHUn eta, belaunaldi barrien lanaren erakusgarri, Bilbon, Batzar Nagusien egoitzan, erakusketea ipinteko aukerea emon deutsie. Abenduaren 13ra arte, bederatzi kuadro egongo dira ikusgai.
Erakusketearen gidarako Beñat Romerak idatzitako testutik esaldi berezi bat hartuta, Kilkerraren gillotina izenburua emon deutsie erakusketeari. Mikel del Rio (Arrasate, 1988) eta Augusto Aliseda (Badajoz, Espainia 1987) artistek azkenengo urte bietan egindako kuadroak aukeratu ditue, Alfonso Gortazar irakaslearen ardurapean. Gure ikasketen azkenengo urtean hasi ginan proiektu hau lantzen, Mikel eta biok ikasgela berean ibili ginalako, azaldu dau Alisedak. Badajozeko artisteari, arrasatearraren margolan bat gustau jakon, eta hantxe hasi zan alkarlana, Mikelek erabilten dituan irudiak, erreferentzia artistikoak, interesgarriak begitandu jatazan hasieratik.
Augusto Alisedaren lau kuadroak indartsuak dira lehenengo begiradatik. Lan figuratiboak dira, oso adierazgarriak. Jarrera bat erakutsi nahi dot, azaldu dau, gazteok bizitzearen aurrean ez gagozala geldirik eta geure lekua nahi dogula. Idealismoa, erromantizismoa eta gaztetasunari lotutako kontzeptuak lantzea gustuko dauela ganeratu dau. Kuadro guztiek antzeko gaia daukie, hau da, gazteen jarrerak, sasoi gatxotan munduan euren pentsamoldea eta lekua aldarrikatzeko irudiak eta konpleju bako figurak.
Mikel del Rioren bost kuadroak be figuratiboak dira. Halandabe, artista gazteak azaldu dauenez, bereek ez dabe serie bat osotuten, lan bakotxak idea bat jasoten dau. Hori bai, Alisedaren lanetan legez, Del Riok be bizitza gatxari aurre egiteko jarrerea erakusten dau irudietako batzuetan. Nire ezaugarrietako bat zehaztasuna da, aita mekanikaria da eta beti ibili jat esaten gauzak zorrotz neurtzeko egin aurretik. Beharretako bat, hain zuzen be, aitari eskaini deutso, berak beti esaten dau: neurtu hiru bider eta ebagi behin. Artista bien margolanetan hurreko personak agiri dira. Del Riok aita irudikatu dauen moduan, Alisedak anaiea margotu dau koadro baten eta lagunak be agertuten dira kasu batzuetan.
Kilkerraren gillotina erakusketea abenduaren 13ra arte egongo da ikusgai Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzako erakusketa gelan. Batzar Nagusien eta EHUren arteko alkarlanak ahalbidetu dau Mikel del Rio eta Augusto Alisedaren lanak ikusi ahal izatea. Gaur arratsaldean, inaugurazinoa egingo dabe, Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidentea bertan dala. Ganera, eraikinaren kanpoaldean, erakusketea iragarteko, 6 metroko irudi handi bat egin dabe artista biek batera. Del Riok adierazo dauenez, erakusketearen erakusgarri, zer hoberik Augustok eta biok alkarregaz egindako lana ipintea baino.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!