Futbol entrenamenduak euskeraz planifiketako Kimet Planning software informatikoa aurkeztu dau Getxoko Udalak

Bizkaie! 2013-11-12 17:48   Euskerea berbagai

Proiektuak futbolari buruzko formakuntzea eta euskerearen normalkuntzea batzen ditu, entrenatzaileentzat oso baliogarria izan daitekeen materiala eskainiz. Kalidadezko materiala da eta batzuetan txikien mailetan hori eskasa izaten da eta honegaz sustatzen dogu egunerokoan euskerearen presentzia.

Kimet Planning izeneko software informatikoa aurkeztu dau gaur goizean Getxoko Udalak, Kimet Sport Enpreseagaz dauen akordioaren emoitzea. Ekitaldian Koldo Iturbe, Euskara zinegotzia; Garikoitz Fullaondo, Kimet Sporteko kirol zuzendaria eta Jose Angel Iribar izan dira, era testimonialean futbola eta euskerea batzearen garrantzia azpimarratzeko.

Getxoko Udalak urteak daroaz kirolaren esparruan euskerearen erabilerea sustatzen, eta horren adierazpena da Getxo Kirolakek eta Euskara Zerbitzuaren arteko alkarlana. Gaur aurkeztutakoa orain urte batzuk Udalak futbol munduan martxan jarri eban Pasa baloia euskereari programearen barruan kokatzen da. Horren helburua 8 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzea da eta horren barruan 2011n Udalak eta Kimet Sport enpreseak lankidetza hitzarmena izenpetu eben. Kimetek landutako entrenamenduetarako metodologia teorikoa euskeratu dau Udalak. Material hori Kimet Planning webgunean dago eta horra sartzeko herriko entrenatzaileei emongo deutse pasahitza Udalak. Beraz kirolean, futbolean zehatz esateko, euskerea sustatzeko beste pausu bat emon dogu, aplikazino informatiko hau eskainiz, ikusi dogulako ezinbestekoa dala futbol entrenamenduetan entrenatzaileak eta ume-gazteek euskeraz egitea. Futbolean dabilzan umeen eta gazteen erreferentea dira euren entrenatzaileak, askotan, imitau beharrekoak. Horregaitik uste dogu oso garrantzitsua dala entrenatzaile horreek euskeraz berba egitea entrenamenduetan eta hor Kimet Planning lagungarria izan daitekeelakoan gagoz, software informatikoaren barruan dagoan entrenamenduetarako metodologia, planifikazioa eta entrenamendu fitxak euskeraz erabili ahal izango dituelako entrenatzaileek, adierazo dau Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak.


Funtzionamendua

Kimet Planning tresna informatikoa benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil kategorietarako da aproposa eta horrezaz gan, arreta berezia eskaintzen deutse eskola futbolari eta nesken futbolari be, hau da, 6 eta 18 urte bitartekoentzat. Urte osoko planifikazinoa eskaintzen deutse entrenatzaileei eta baita Getxo Kirolakeko kirol teknikariei be, saio desbardin eta material zehatzagaz batera. Lau urtetarako proiektua da eta edozeinek egokitu leike bere beharretarako. Proiektuak futbolari buruzko formakuntzea eta euskerearen normalkuntzea batzen ditu, entrenatzaileentzat oso baliogarria izan daitekeen materiala eskainiz. Kalidadezko materiala da eta batzuetan txikien mailetan hori eskasa izaten da eta honegaz sustatzen dogu egunerokoan euskerearen presentzia, Garikoitz Fullaondo, Kimet Sport enpresako kirol zuzendariak prentsaurrekoan adierazo dauenez. Programearen barri webgunean dago eta horretan sartu ahal izateko Getxo Kirolakek erabiltzaile kodea eta pasahitza emongo deutsez futbol taldeei. Kimet Sport enpreseak materiala mantendu eta eguneratuko dau.

Bere aldetik, Jose Angel Iribarrek bere esperientzia kontaukeran azpimarratu dau aspalditik konturatu zala euskereari lotuta, hutsunea egoala bai aldageletan bai zelaian be. Hiztegi bat lantzen hasi ziran eta ordutik hona urte asko pasau diran arren, orain pozarren nago aurrerapausu garrantzitsuak emon diralako. Proiektua pozgarria da niretzat, euskerearentzat eta euskerearen presentzia handiagoa behar dauen futbolaren arlorako mesedegarria izango dalako. Aurrerapausu ikaragarria da teknikarien formakuntzarako eta hori beharrezkoa da gure umeek euskeraz egiteko aukerea izan deien. Ona da euskerearen etorkizunerako, zehaztu dau Iribarrek.


Aurkezpen publikoa Athleticeko jokalariakaz

Kimet Planning tresna informatikoaren aurkezpen publikoa etzi, eguena, zemendiak 14, izango da Getxon, Fadurako Kirolegiko batzar aretoan, 19:30ean, software informatikoa udalerriko klubetako eta taldeetako entrenatzaileei erakusteko. Bertan Gorka Iraizoz, Mikel San Jose eta Eli Ibarra Athleticeko jokalariak, Gaizka Garitano Eibar taldeko entrenatzailea eta Garikoitz Fullaondo bera izango dira. Horren aurretik, 18:45etik 19:15era, jokalariek kamisetak eta argazkiak sinatuko deutseez umeei eta hurreratzen diranei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu