Durangon merkatari nahiz bezeroek gaztelaniaz berba egiteko ohiturea dabe
2013-11-11 11:52 Euskerea berbagaiInkestea erantzun dabenen % 68k beti edo gehienetan gaztelania erabilten dau komunikazinoetan, eta % 14k besterik ez euskeraz. Datuok argi erakusten dabe, gaur egun gaztelaniaren erabilereak egoera hegemonikoa bizi dauela Durangoko kaleetan.
Irabazi asmorik bako ITG Taldeak, Durangoko Udaleko Euskera Zerbitzuaren laguntzaz, merkatariei euskerearen erabilerearen ganean eginiko inkestearen emoitzak aurkeztu ditu. Beronen arabera, Durangoko herritarrek euren salerosketak euskeraz egin leikiez baina bai merkatari nahiz bezeroek gaztelaniaz berba egiteko ohiturea dabe.
Prentsaurrekoa Durangoko Udaleko alkate Aitziber Irigorasek, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkuek, Dendak Bai merkatarien alkarteko zuzendari Guillermo Oarbeaskoak eta ITG Taldeko zuzendari Eneritz Izak emon dabe.
Egitasmoaren aurtengo babesle nagusia Orue Eskolea izango da, eta Durangoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak diruz lagundua izango da.
Salerosketak be, euskeraz egitasmoa
2012ko irailean jarri zan martxan Durangoko udalerrian euskerearen erabilerea sustatzeko helburuagaz. Egitasmoaren funtzionamendua ondokoa da: euskera hutsean erosketa tratua egiten daben bezeroei edo horretan ahalegintzen diranei, zozketa baten parte hartzeko txartel bat emoten jake eta hile birik behin euskerazko aplikazinoak dituan iPad bat zozketatzen da parte-hartzaile guztien artean.
144 merkatalgunek bat egin dabe ekimenagaz eta 230.000 txartel baino gehiago banatu dira urte osoan zehar euskerearen alde. Bost tableta elektroniko iPad2 banatu dira Ayuka Design, E-soft, Karmentxu ileapaindegia eta Kaiala merkatalguneen eskutik.
ITG Taldeko zuzendari Eneritz Izaren berbetan, harrera oso ona jaso dogu lehen urtean bai merkatarien aldetik eta baita herritarren partetik be. Datorren urteari begira, ekimenean parte hartzen daben merkatarien kopurua gehitzea dabe helburu, eta komunikazinorako herritar nahiz merkatariei euskeraz berba egiteko konbita egin deutsie.
Merkatariei eginiko inkestea
Durangon dagozan 503 merkatalguneetatik 188 merkatarik parte hartu eben inkesta honetan pasa dan 2012ko zemendian. Inkesta honek Durangoko kaleetan bizi dan euskerearen egoerea islatzen dau merkataritzea aztertuaz eta datu bitxi batzuk argitaratzen ditu.
Inkesta honetan parte hartu daben merkatarien % 75 kapaz da eguneroko zerbitzua euskeraz emoteko. Kopuru beretsuak autortzen dau gainera euskereak euren lanean dauen garrantzia 7tik gorako puntuazino bategaz. Datu horreek bat datoz EUSTATek 2006. urtean Durangoko biztanleriari buruz argitaratu eban euskerearen ezagutza maileagaz (% 48,4k euskalduntzat eukan bere burua eta % 25,7k ia euskalduntzat).
Euskerearen erabilerearen errealidadea, barriz, bestelakoa da. Bai merkatari nahiz bezeroek beti edo gehienetan gaztelaniaz berba egiteko ohiturea dabe, eta salerosketa tratuan euskerearen erabilerea merkatarien % 32ra eta bezeroen % 18ra mugatzen da.
Argiago ikusten da oraindino merkatariek euren artean erabilten daben hizkuntza ohiturea zein dan. Inkesta hau erantzun dabenen % 68k beti edo gehienetan gaztelania erabilten dau komunikazinoetan, eta % 14k besterik ez euskeraz. Datuok argi erakusten dabe, gaur egun gaztelaniaren erabilereak egoera hegemonikoa bizi dauela Durangoko kaleetan. Emoitzak bat datoz 2011. urtean Soziolinguistika klusterrak plazaratu eban Hizkuntzen Kale Erabilerearen VI. Neurketeagaz (Euskal Herrian % 13,3 eta Bizkaian % 9,4).
Azkenik merkatalguneetako errotulazinoari erreparauta, % 67k bi hizkuntzatan ditu, % 28k gaztelaniaz bakarrik eta % 5ek euskera hutsean.
Datu honeen aurrean, argi ikus daiteke Durangoko udalerrian euskerearen erabilerea bultzattzeko hizkuntza politikak beharrezkoak dirala bi hizkuntzen arteko alkarbizitzea normalizetako asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!