Naiara Billalabeitia: 'Trikitixeak dakarren kultura osoa sustatzen dogu'
2013-11-11 10:40 Barriketan1.- 2013ko Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia zemendiaren 30ean izango da Getxon. Aurten hamargarren edizinoa dala kontuan hartuta, urteurren borobilerako gauza berezirik antolatu dozue?
Bai. Bizkaian hamargarren aldiz antolatu dogu Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia eta okasinorako hilaren 30eko jaialdiaren aurretik, arratsaldez ikastaro batzuk eskainiko doguz kanpotik datozen trikitilarien laguntzaz; parte-hartzea dobanekoa izango da baina aurretiaz izena emotea nahitaezkoa (bite@bizkaikotrikitixaelkartea.com). Horrezaz gan, ohiko Triki Sessiona barik aurten erromeria izango dogu Algortako The Pippers tabernan Aldats taldeagaz. Jantzan eta kantuan ibiliko gara baina jentea animauko balitx triki sessionaren antzeko zeozegaz, aurrera.
2.- Zeintzuk dira Nazinoarteko Trikitixa Jaialdiaren helburuak?
Bizkaiko Trikitixa Alkartearen beraren helburuak ditu Nazinoarteko Trikitixa Jaialdiak be, hau da, trikitixea sustatu eta zabaltzea, hain zuzen be. Trikitixea joteko era eta estilo desbardinak erakutsi nahi doguz, baita trikitixa munduan zehar beste musika tresna batzuekaz zelan buztartzen dan be. Batetik, irakaskuntzea lantzen da, aitatutako musika tresnea bera, munduan zehar dagozan artistak, joteko estilo eta teknikak eta jaialdian joko daben trikitilariak ezagutzera emonez. Bestetik, trikitixea bera eta musika tresneak berak dakarren kultura osoa sustatzen da, izan be, jaialdi hau edozein publikori zuzentzen jako (trikitixa ikasleei, trikitixa irakasleei, trikitixa eta orokorrean musika zaletuei, folklore zaleei, umeei, helduei...).
Horrezaz gan, trikitixea gizarteratzea eta kalera ataratea be helburu garrantzitsua da, nahiz eta jaialdia areto zarratuan izango dan.
3.- Irlanda, Portugal eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira aurtengo jaialdian. Zeintzuk izaten dira aukeraketea egiteko erispideak?
Ez daukagu erispide finkorik eta zehatzik. Kontua ez da honeek bai eta horreek ez zehaztea, alkartean trikitilariak be badoguz, kanpotik be badabilzanak eta kontaktu eta hartu-emon ugari dituenak eta horreekaz berba eginez eta aukera guztiak aztertuz emoten doguz pausuak bata edo bestea ekarteko. Ganera, urteak daroaguz jaialdia antolatzen eta mundu zabaleko artistakaz be kontaktuan gagoz, kasu batzuetan lagunak gara eta ibiliaren ibiliaz sare ederra osotu dogu. Azkenean talde-lana da gurea eta holan konpontzen gara jaialdian parte hartuko dabenen aukeraketea egiteko.
4.- David Munnely irlandarra sano ezaguna da. The Chieftains, De Danann, Gerry O’ Connor, Arty McGlynn edo Sharon Shannonegaz kolaborau dau eta David Munnelly buru dauen taldeak 4 disko daukaz argitaratuta. Artista internazionalena aurtengo edizinoan...
Eskarmentu handiko musikaria da eta gurera bakarrik, taldearen laguntzino barik, etorriko bada be, hurerratzen diranek gozauko dabela pentsetan dot. David Munnelyk mundu osora eroan dau bere etxeko eta familiako tradizino musikala eta oso ezaguna da bere estilo koloretsuagaitik eta gaur aroko konposizinoakaitik. Aitatu dozuzan talde eta bakarlari horreekaz eta beste batzuekaz be jo izan dau eta orain urte batzuk David Munnelly Band taldea sortu eta 4 disko kaleratu ditu honezkero. Azkenaldion Accordion Samurai proiektuan dabil buru-belarri eta Mick Conneely-gaz batera diskoa argitaratu dau.
5.- Artur Fernandes portugaldarra, barriz, trikitilari eta trikitixa irakaslea izateaz gan, Danças Ocultas taldeagaz 6 disko kaleratu ditu...
Bai, musikari familia batean jaiotakoa da eta gaztetan hainbat folklore taldetan parte hartutakoa. Esan dozunez, Danças Ocultas taldeagaz 6 disko kaleratu ditu eta hainbat herrialdetan kontzertuak eskaini ditu, gehienak Europan baina baita Asian eta Afrikan be. Horrezaz gan, Portugaleko beste talde askogaz be kolaborau izan du. David Munnely lez, Artur Fernandes be talde barik etorriko da gurera baina honek be ikuskizun ederra eskainiko dau, ez daukat dudarik.
6.- Euskal ordezkarien artean, Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea Gipuzkoako trikitilariak be oso ezagunak dira gurean. Lehenak Ixiarregaz osotu eban trikiti bikotea eta bigarrenak Maiderregaz. 90. hamarkadan izan zan hori guztia eta ez genkian ibili badabilzala gaur egun be...
Bai. makinatxu bat zuzeneko emon eta diskoak be ugari saldu ostean, talde-bikote horreek bertan behera geratu ziran baina musikagintzea baztertu arren, bai Maixak eta bai Alaitzek trikitixa eskolak emoten jarraitu dabe eta beste proiektu edo musikari batzuekaz gauzatxuak egin izan ditue. Kontuak kontu, jaialdiaren antolakuntzan genbilzala, aholku eske Maixagaz hartu-emonetan jarri ginan eta berak esan euskun azkenaldion Alaitzegaz ebilela errepertorio bat prestetan eta emonaldi batzuk be bazituela berbatuta eta prest egozala jaialdian parte hartzeko. Aukera ederra begitandu jakun eta Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea trikitilariak geugaz izango dira hilaren 30eko jaialdian baina pandero barik; bitxia izango da, seguru.
7.- Gari Lizarraga eta Iñaki Larrañaga Zumarraga eta Urretxuko bikotea da, 2001etik plazarik plaza dabilena. Gaur aroko buztarketa eta soinu nahasketak ez eze, betiko trikitixa doinuek be nahitaez egon behar eben jaialdian?
Jakina. Dana dago ondo. Zaharra edo klasikoa eta barria edo barritzailea. 2001ean hasi ziran alkarregaz joten. Ordutik, Euskal Herriko makinatxu bat lekutan jo izan dabe, jaietan, erromerietan eta afarietan. Euren trikitiaren ezaugarri nagusietako bat, kantuen eta musikearen bidez herri giroan sartu eta jai giroa sortzea izaten da.
8.- Alboka Tropik erritmo herrikoiak eta sorkuntza garaikideak buztartzen dituan hirukotea dogu. Nondik datoz?
Alboka Tropik Iparraldeko hirukotea da: albokea-trikitia (Julie Mary), tronpetea-gitarra (Bixente Etxegaray) eta txülüla-panderoa (Elisabeth Dufour). Iparraldean daben joteko ereak antz handiagoa dauka Frantziako trikitilarien estiloagaz eta, beraz, interesgarria izango da ezagutzen ez dauenarentzat. Talde bizi honek erritmo herrikoietan oinarrituz sorkuntza garaikideak lantzen ditu. Fandango, ezpata-dantza edota kalejira coktail ederra eskaintzen dabe kantuz josia, jai girora zuzen bultzatzen zaituana.
9.- 2013ko zemendiaren 30ean Getxon, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan da hitzordua, 19:00etan. Hortik aurrera be jai giro ederra izango da Algortako The Piper’s tabernan...
Bai. Areetako Andres Isasi Musika Eskolan da hitzordua, 19:00etan eta jaialdia amaitu ostean, Trikijaia izango dogu Algortako The Piper’s tabernan. Bertan, Aldats taldeak erromeria eskainiko dau eta esan behar deutsut jaialdia amaitukeran dobaneko autobus zerbitzua egongo dala Areetako Andres Isasitik Algortako The Piper’s tabernara joateko.
Sarrerak Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia hasi baino lehenago Andres Isasiko leihatilan erosi ahal izango dira. Aldez aurretik, BBK eta Algortako Kultur Etxearen bitartez be eskuratu ahal izango dira; zemendiaren 18tik aurrera (prezioa 8,00 euro). Trikijairako sarrerea, barriz, librea da.
10.- Zein da Bizkaiko Trikitixa Alkartearen jarduna eta funtzionamendua? Zenbat kide zagoze gaur egun?
Alkartean buru-belarri beharrean 6 kide gabilz baina gaur egun 40 bat bazkide gara, irakasleak eta ikasleak asko, trikitilari ezagunak be bai baina batez be trikitizaleak. Aitatu 6 kideon arteko zuzendaritza batzordea hilean behin edo birritan batzen da urtearen hasieran eta urte osoko plagintzea zehazten dogu hitzordu horreetan. Hortik aurrera, batzarrak egiten doguz gauzak datozen moduan antolatzen joateko. Ganerakoan, lehen aitatu deutsudazan alkartearen helburuak beteteko asmoagaz antolatzen doguz jarduera guztiak; Bizkaiko Trikitixa Eguna, tikitixa zale guztientzako eta ikasleentzako eguna eta Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia, eszenatokiaren gainean mundu zabaletik etorritako artista profesionalakaz, estilo desbardinetakoakaz gozetako aukerea emoten dauena izaten dira urteko hitzordu garrantzitsuenak.
Horrezaz gan, nozonoz liburuak, partiturak eta diskoak be argitaratu izan doguz baina beti be diru-laguntzino eta diru kontuen pentzura gagozanez, horreen arabera antolatzen doguz urteko jarduerak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!