Tradizinoaren bersino barria dakar Korrontzik 'Tradition 2.1' lanean
2013-11-07 14:08 MusikeaNazinoarteko 60 musikari baino gehiagoren kolaborazinoagaz egindako disko honetan, Korrontzi taldeak trikitixearen doinuak beste kultura batzuetako musikeagaz nahastau ditu. Emoitzea, 16 kanta eta extra track bat daukazan CD-a, bideoklip biko DVDa eta proiektuaren nondik norako guztiak azaltzen dituan liburutxua, Baga-Biga diskoetxeagaz argitaratua.
Nazinoarteko 60 musikari baino gehiagoren kolaborazinoagaz egindako disko honetan, Korrontzi taldeak trikitixearen doinuak beste kultura batzuetako musikeagaz nahastau ditu. Emoitzea, 16 kanta eta extra track bat daukazan CD-a, bideoklip biko DVDa eta proiektuaren nondik norako guztiak azaltzen dituan liburutxua, Baga-Biga diskoetxeagaz argitaratua. Tradition 2.1 izena emon deutsie lanari, tradizinozko doinuen ikuspegi barri bat dakarrelako, folk musikearen bersino barria.
Agus Barandiaranek, Korrontziko kide eta bultzatzaile danak, Tradition 2.1 proiektuaren dimensinoaren barri emon dau: Diskoaren produkzinoa atzeratu egin dogu, igaz atara behar genduan, baina logistika konplikadua izan da, ez da erraza mundu osoko 60 musikari baino gehiagogaz disko bat egitea. Galizia, Sardinia, Italia, Eskozia, Zinbabwe, Madagaskar eta beste kultura askotako doinuak eta ahotsak entzungo doguz diskoan, Euskal Herriko musika tradizionalagaz nahastauta. Abesti bakotxean, trikitixea eta euskal doinuak dira oinarria eta, horri, beste kulturetako ikutuak eta berbak batzen jakoz. Musikari horreen guztien kolaborazinoa lortzea ez da erraza izan eta, ganera, kontuan izan behar da, 26 estudiotan grabau dabela diskoa, batzuk Euskal Herrikoak, beste batzuk atzerrikoak.
Korrontzi taldeak Getxo diskoa argitaratu ebanean, 2008an, oihartzun handia eskuratu eban folk munduan eta atzerrian kontzertu asko emoten hasi zan. Agus Barandiaranek azaldu dauenez, musikari askogaz hartu-emonean jarri ziran eta, apurka-apurka, proiektua mamitzen hasi zan. Gure kantek beste sonoridade batzuekaz batera zelan joten eben jakin nahi genduan. Barandiaranek dino, gure ibileren laburpena da disko hau, kanpoko festibaletan erakutsi doguna eta ezagutu doguzanak dagoz. Hori bai, trikitixea da ardatza, horrenbeste estiloren artean. Geure musikeari beste ikuspegi bat emon deutsagu, baina tradizinoa beti da abiapuntua, aitatu dau Barandiaranek, Maurizia aitatzen dogu kanta baten, Tomas Sitzes 70eko hamarkadako soinujole ezaguna izan zanaren berbak jaso doguz beste baten, geure aurrekoak ez doguz ahaztu.
Diskoan, jente asko inplikau dala azpimarratu dabe Korrontzikoek. Batzuk bertokoak dira, Mikel Markez, Ibon Koteron, Alex Sardui, Mikel Urdangarin eta Garikoitz Mendizabal, esate baterako. Beste kultura batzuen ordezkari, dozenaka musikarik parte hartu dabe. Agus Barandiaranek interes bereziz aitatu dituanen artean dagoz Phil Cunningham eskoziarra (orain dala 15 urte bere diskoak erosten nituan eta, orain, gure arin-arin bat jo dau), Tenores de Neoneli laukote sardiniarra (Unescok gizateriaren ondare izentau dau euren kantetako erea) eta Javier Limon dagoz. Limonek hiru Grammy sari irabazita ditu, baina folk musikan be ibilten da lantzean behin eta, Korrontzikoek azpimarratu dabenez, interes handia ipini dau hasieratik eurakaz lan egiteko. Javier Limonen moduko batek produkzinoaren ardurea hartzea esperientzia bikaina izan da, gauzak argi daukaz eta guk edozein zalantza euki dogunean, urtenbide onak bilatzen jakin dau. Limonen parte-hartzeagaz, Flamendango piezan egindako trikitixearen eta flamenkoaren arteko 'duelua' diskoko pieza berezienetakoa izan leitekeala azaldu dau Barandiaranek.
Tradition 2.1 diskoan, kultura asko, hizkuntza asko, artista asko dagoz. Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuruk azpimarratu dauenez, transmisinoan dago gakoa, trikitixea da muin eta enbor, baina gaur eguneko artisten aportazinoagaz. CD-an, 16 kantu eta extra track bat sartu ditue. DVDan, barriz, Sardos-K eta Aupa Maurizia piezen bideoklipak dagoz. Liburutxuan, proiektuan agiri dan kanta eta artista bakotxaren zergaitia azaltzen dabe, jenteari azaldu nahi izan deutsagu kanta bakotxa egitera zerk bultzatu gaituen, dino Barandiaranek. Korrontzi, orain arte, atzerrian ezagunagoa izan da Euskal Herrian baino eta, disko honegaz, bertoko jenteagana be heldu nahi dabe, kanpoan lortu dogunaz konturatzen orain hasi dira Euskal Herrian. Bihar, barikua, hilak 8, diskoa zuzenean aurkezteko, Basauriko Sozial antzokian joko dau Korrontzik, proiektuan parte hartu daben musikari batzuk eszenatokian dagozala. Zapatuan, Ordizian joko dabe eta, datorren astean, Brasilera joango dira, biran.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!