'Garoa' eta 'Firi-firi' eguneratu eta berrargitaratu ditu Labayruk
2013-11-06 13:00 KultureaLabayru Ikastegiak XX. mendeko idazle klasiko biren idazlanak berrargitaratu ditu testuak eguneratuta: Domingo Agirreren Garoa eta Pablo Zamarriparen Firi-firi. Liburu biok Sutondoan bilduman sartzen dira, gure literatura klasikoa baina oraintsukoena, gaurko irakurleen eskura jarteko bideratutako bilduman.
Labayru Ikastegiak XX. mendeko idazle klasiko biren idazlanak berrargitaratu ditu testuak eguneratuta: Domingo Agirreren Garoa eta Pablo Zamarriparen Firi-firi. Liburu biok Sutondoan bilduman sartzen dira, gure literatura klasikoa baina oraintsukoena, gaurko irakurleen eskura jarteko bideratutako bilduman.
Firi-firi
Pablo Zamarripa 1877. urtean jaio zan Laredon, gurasoak hara joanak ziralako. Baina txiki-txikia zala atzera Sondikara etorri zan familia, gurasoen jaioterrira, eta Sondika izan eban gehienbat bere bizilekua.
Abade egin eta Bermeoko Almikan egin eban lehenengo abade-ardurea, gero Zallako Otxaranen eta ondoren Gatikan, eta handik Bermeora bialdu eben barriro, uriko parrokia nagusira parroko. Azkenengo urteetan Sondikara bihurtu zan, gurasoen eta bere umetako herrira, eta han egon zan abade 1950eko San Pedro bezperan heriotzeak hartu eban arte.
Euskerearen alde lanean gazte-gazterik hasi zan, abadegai zala, eta hil arterainoko guztian ekin eutsan arlo horri, fin eta gogo handiz.
Bere liburuetan landu eban euskerea, ia beti, bizkaierea izan zan, eta bizkaierearen barruan, Txorierri aldeko estiloa eta errepertorioa erabili eta bultzatu eban gehienbat. Zamarripa harro be harro egon zan beti, txorierritar izateaz: Sondika, Asua eta Txorierri dira, gehienbat, sarrien aitatzen dituan izenak, eta bai hizlauz, bai hizneurtuz, Txorierriko edo bizkaierearen sartaldeko baliabideak landu zituan gehien.
Hizkuntza arloko lanak ondokoak dira: Gramatica Vasca, Manual del Vascófilo eta Vocabulario vasco-castellano y castellano-vasco.
Literaturearen arlokoak, beste honeek: hitz neurtuz, Gora begira, eta hizlauz: Anayak gara, Zaparradak eta, Kili-kili eta Firi-Firi.
Zamarriparen gogo mundua gehienbat Txorierriri lotuta dagoanez, bere idatzietako berbakerea, pasadizuak eta alkarrizketak be -orduko Txorierri baserri girokoa zan gehiago kaletarra baino- Txorierriri lotuta dagoz, eta bertako euskera ederrean eihota.
Liburu honetan agertzen diran idatziak Gaceta del Norte izeneko egunkarian argitaratu zituan lehenengoz Zamarripak, eta gero liburuan batuta 1935ean. Egunkariko artikuluak dira, laburtxuak, bere denporako gaiei buruz, ironia handiagaz idatziak eta oso kritikoak.
Berrargitalpenaren edizinoa Nagore Etxebarriak eta Maribi Egiak egin dabe, eta Adolfo Arejitak idatzi dau sarrerea.
Garoa
Nobela honetan Domingo Agirrek baserri-giroko bizimodua erakutsi dau, eta hizkuntza aldetik gipuzkerea erabili, Kresala-n itsasokoa bizkaieraz emon eban moduan. Nobela kostunbristea da, bere garaiko pentsaerearen erakusgarri.
Edizino honetan egilearen idazmoldea gaurko arau eta ohituretara egokitu da grafiaren aldetik, berak darabilen gipuzkereari eutsita.
Domingo Agirre euskal literaturako idazle klasikoa dogu, nobela generoaren hastapenetan bere ekarpena ezinbestekoa dogu gure literaturearen historian. Garoa nobela honek Oñati, Arantzazu, Urbia ditu eszenatoki eta gipuzkeraz idatzita dago.
Sarreran Sebas Gartzia Trujillok holan dino: Garoa-ren gaia maitasunezko istorio xume bat da, dramatiko samarra (senargaia itsu geratzen da istripu batean) eta, alde guztietatik -personaiak, espazioa, denporea...-, erabat ideologizauta: etxeko lehen fruturik onenak (Madalen) Jainkoarentzat dira.
Eta halan da be, onartu beharra dago Garoa-ren istorioa begiko jakola euskal irakurleari. Lehen lerrotik, maitagarri jaku Joanes artzaina, pipa ezpanetan dauela, zertan eta galtzerdiak ehuntzen diharduala, non eta Urbiako zelaian!. Holan jarraitzen dau liburuaren adarrak garantzen. Klasiko bat dogu gure literaturan, nobela generoaren aintzindaria, euskerea literaturara ekarteko ahalegin apartekoa.
Berrargitalpenaren edizinoa Miren Atutxak eta Adolfo Arejitak egin dabe, eta Sebastian Gartzia Trujillok idatzi dau sarrerea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!