Onintza Enbeita: 'Pankartan norberaren izena edo norberak bakarrik ulertuko dauen mezu bat ikustea ikaragarria da'

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2013-11-04 09:53   Barriketan
Bertsolaria, kazetaria eta Amaiurreko diputadua

Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, 1979) persona ezaguna da danontzako be. Plazarik plazako bertsolaria, 2006tik hona Bizkaiko final danetan egon da eta 2009an Euskal Herriko finalerdietan be kantau eban. Kazetaritza ikasi eta Euskaldunon Egunkarian, Berrian eta Labayru Ikastegian be ibili da beharrean. Horretaz ganera, kolaborazinoak egin ditu Euskadi Irratian, Argian, Gaztezulon, Frida aldizkarian, Bizkaie! agerkarian...

Badakizue urtebete baino gehiago daroala Madrileko Kongresuan burrukan Amaiurreko diputadu. Ganera, aspaldion, ahal dauenean, behintzat, bendejea saltzen be ibilten da Gernikako plazan.

2002ko Bizkaiko Txapelketako Igorreko finalerdian entzun neban txapelketa baten lehenengoz, eta bera epaitzeko subertea be euki dot urte batzuk geroago. Muxikako plazanderea erreferenteetako bat da Bizkaiko bertsolaritzan. Argumentu aurrefabrikau eta apaingarri faltso bakoa; bertso-lerro arteko berbakune josia eta arrazoitua dauka Onintzak: euskera aberatsekoa, sentimentuz betea eta errimak berbaz ibiliko balitz lez dakarzana. Horren adibideak dira 2010eko Durangoko finalerdiko -lar ondo ez da entzuten-, igazko Bizkaiko finaleko -3:30 minutuan- eta aurtengo Euskal Herriko kanporaketako bakarreko beharrak. Kostauko da Durangoko bere hiru bertsoak inork hobetzen. Izan be, zortzi bertso horreetako bat bera be ez litzateke zortzi batetik beherakoa izan behar.

Nik neuk lagun on batek aspaldi aitatutako liburu bategaz konparauko neuke Onintzaren bertsoerea: Urruneko Mendebalean artzain, Mattin Etchamendyrena. Mattinek gure hizkuntzan eskribiduteko, eta zer eta zelan kontetako daukan kapazidadea bildurgarria da; leidu egizue! Akabetako, musikea ipini gura deutsat alkarrizketeari eta, Onintza Enbeitaren bakarrekoak entzunda ostean, hauxe baino ez jat okurridu.


1- Bizkaiko finalean eta Euskal Herriko Txapelketan gauza ederrak kantau arren, ez dozu suberterik euki. Zelan sentidu zinan bietan eta ze irakurketa egiten dozu?

Ezer baino lehen, onartu nahiko neuke Bizkaiko finalean zein Euskal Herriko Txapelketan kantetako aukera hutsa nahikoa suberte dala. Ez deutsat neure buruari bape meriturik kenduko, baina egia da, dagoan mailea ikusita, kostau egiten dala bertsotan lorpenak batzea.

Nire sentipenei jagokenez, ostera, onak izan dira bai batean eta bai bestean. Bizkaiko finalak, eta pentsetan dot final guztiek, ikutu magikoa daukie. Badaukie zeozer plazetan eta txapelketako bestelako saioetan ez dagoana: jentearen entrega hori, isiltasuna, txaloak zelan lehertzen diran… pentsetan dot ezinezkoa dala txarto sentidutea.

Bizkaiko Txapelketan ez nintzan bape gustura ibili finalerdian eta finalean gozau egin neban. Barruan gauza asko mobiduta neukazan; izan be, txapelketara ez gara heltzen geuk nahi dogunean, eta bakotxa da bera eta berari jazoten jakozan guztiak. Baina finalean disfrutau neban eta neure onenetik zeozer emoteko bitartea topau neban.

Euskal Herrikoan, ostera, ofiziotan ez nintzan ez ondo ez txarto sentidu. Gristasun bat igarten neban, eta kartzelakoan baino ez neban lortu apurtzea. Halanda be, pozik nago egindako saioagaz eta, aurrera begira, behar gehiago egiteko gogotsu nago.


2- Ofiziotan natural-natural kantetan dozu eta bakarrekoetan nik neuk egundo entzun ez dodan estiloa daukazu. Gaur egun Txapelketan bertsotan egiteko modua beste bide batetik doala pentsetan dozu?

Ez dakit galdera horren erantzuna zein dan be… txapelketan estilo bakarra ete dagoan edo estilo jakin bat gehiago baloretan ete dan… batek jakin! Nik ezin dot epaile guztien buruan sartu aldi berean! Ezta entzuleen buruetan be. Edozelan be, egia da, nire apustua, azken urteetako nire obsesinoa badala norberaren estiloa, izaerea, pentsaerea markauta ixtea. Azken baten, teknikea danok manejetan dogu ondo eta, behin teknikea ikasita, beste gauza batzuk landu behar dira. Ezin dau personeak bizitzan beti gauza bat esaten ibili, eta gauzak beti bardin egiten: bertsotan be antzera. Ezin dogu 18 urtegaz eta 40gaz arrazoiak bape garatu barik ondo errimetan segidu.

Orduan, ni gustura nago jenteak igarten badau hau Onintza da. Hori itzela da! Baina hortik aurrera ez neuke jakingo erantzuten txapelketan zein dan baloretan dan estiloa. Eta ez dinot ez bustitearren… niri hain desbardinak egiten jataz, adibidez, orain dala lau urteko zortzi finalisten bertsoerak, ze gatx egiten jat esatea estilo bat bestea baino in-ago, modarago edo dana dalakoago dagoala esatea.


3- Beñat Zamalloak zuri egindako azkenengo alkarrizketan saritu behar da, askotan saritzen dena baino gehiago esan zenduan. Ona dan bertsoa askorik saritu ez, eta, txarra asko zigortu ezkero, erdibidekoa baino ez jaku geratzen, ezta?

Hori da! Azken urteokaz buruan darabildan kezkea da. Epaileak asko kritiketan dira, eta askotan motibo barik. Horrek eroan gaitu txapelketetan zigorrak argi eukiten, baina sariak ez. Zer esan gura dodan horregaz? Danok dakigu poto egiten dauen bertsolariari epaile bakotxak hiru bat puntu kenduko deutsazala, baina inork ez dakigu Maialen Lujanbiok Sua-ri botatako bederatzi puntukoaren saria zein dan. Edo zenbat baloretan dan Unai Iturriagak biktimearena egitea zera baino errazagoa zan gai baten borreroaren papela hartzea.

Sariak subjektiboak dira eta zigorrak zehatzak, objektiboak. Horrek pentsau eragiten deust saritzeko bildur handia dagoala.


4- Muxika eta inguruetatik jente arloa joaten jatzu animetan... Orain ez dakit, baina lehenago etxeko baton bat joan barik paretan zan...

Kar-kar… bai! Gure aitak sufridu egiten dau. Seguruenez, amak be bai, baina berak esaten dau ni txarto nabilenean beste batzuk entzuten gozetan dabela, eta aurrera. Aitak, ostera, buelta asko emoten deutsoz nire gesto bakotxari: ez dabil ondo, gai txarra, hau ez, hori bai… eta gurago dau ez joan.

Nik ez dot egundo derrigortu. Inoz eskatu deutsat etorteko, egoera bereziren baten, baina hortik aurrera, bakotxak ikusi behar dau. Norberak daki ondoen zer dan lagunak asmau ezinda ikustearren sufridutea!

Hori bai! Etorten diran danari nire eskerrik onena. Txapelketa-urteetan, eta Euskal Herrikora sailkatzen nazenetik -lau urtero hiru jokatzen dodaz- lagunei detaileren bat egiten deutsiet Gabonetan; eta, halanda be, badakit ezin dodala babesa ordaindu. Beti geldituko naz labur: daukadazan mosu danak emonda be bai.

Agertokira igon eta handik pankartak ikustea, norberaren izenagaz edo norberak bakarrik ulertuko dauen mezu bategaz, ikaragarria da. Bertso-kabareta montau eta estrenoan zure lagun guztiak han egoteak ez dauka preziorik. Iruña, Hendaia, Markina zein BEC, beti han egotea eta beti animetea, eta egun txarra euki dozunean be urteeran mosuak emotea itzela da. Uste dot nire inguruan jasoten dodan maitasuna pasada bat dala, eta suberte handia daukadala ez nagoalako bakarrik ez arrakastan, ez frakasoan.


5- Txapelketan nahi Txapelketatik kanpo, zein izan da zure momenturik ederrena bertsotan? Eta eskasena?

Bizkaiko lehenengo finala bardinik bakoa izan da niretzat. Momentua, hainbeste urtetan landutako gauza baten emoitza han, Euskaldunan, 2.500 lagunen aurrean… beti izango da ederra, edozein perspektibatik begiratuta be.

Momentu eskasak asko izan dira, baina badago bat memorian grabauta daukadana. Muxikako auzo bateko jaiak ziran, eta bertsolari klasiko gizonezkoak egoten ziran urtero. Urte baten gazteen aldeko apustua egin eben, eta hiru neska joan ginan. Inork ez euskun kasurik egin, danak berbetan, tabernan… zer pasetan dan galdetuta, batek esan eban umeen ahotsa geunkala. Momentu hori ez daukat ahaztuteko… umeak ginalako baino, beti pentsau dot, neskak ginalako izan zala… ez geunkan ahots lodi inposatzailerik, eta jenteak ez euskun kasurik be egin.


6- Zelango esperientzia da bendejea saltzea? Gernikako Urriko Azken Astelehena pasau barri da... Jakin ahal bada, zer egin zenduan egunean zehar?

Bendejea saltzea esperientzia polita da. Batez be, generoaren prozesu guztia zeure eskuetan dagoalako: erein, sartu, zaindu, batu, atondu eta saldu. Dana pasetan da norberaren eskuetatik eta hori ondo dago. Sensazino politak dira. Batez be, uzta batzea eta jenteak zeure uztako generoa gozo jan dauela esatea.

Urriko Azken Astelehenean, duda barik esan lei egin nebana… nahiko persona normalak gara-eta! Kar-kar-kar. Goizean plazara joan nintzan, baina kontu egizu, jentea diru barik etorri jakun, ze astelehen normalen aldean gitxi saldu genduan. Normala da: astelehenero bazkaritarakoak erosten etorten jakuzanak parrandan ebilzan, eta kanpotarrak ez datoz porruak erosten Gernikaraino.

13:00etan batu neban plazako mahaia eta gero lagunakaz bazkaldu eta parrandatxua egin neban. Aurten arin erretirau naz, hurrengo egunean Madrilera joan behar neban-eta! Ganera, eguaztenean Ministroagaz eztabaida handia neukan torturearen inguruan…


7- Bertsoak, ortuaria, politikea... denporarik bai danera ailegetako? Zelan konpontzen zara plazak aurrera eroateko?

Batzuetan domekea heltzen da eta neure kolkorako esaten dot: Aste hau bizirik pasau badot, 100 urte biziko naz!.

Kontua da politikea kasualidadez heldu dala, baina pentsau baino denpora gehiago kentzen dauela. Ni beti izan naz Ezker Abertzalekoa, edo HBkoa, gure amamak dinon lez, eta militau izan dot gure herrian. Militantzia horrek eroan ninduan,ba, Madrileko erronkeari be baietz esaten: baten batek egin behar dau-eta!

Halanda ze, ez dot neure burua politikotzat hartzen, eta ahalegina egiten dot ez daian karguak nire bizitzako zentralidadea hartu. Lehen neukazan ardurak beteten ahalegintzen naz, baina onartzen dot batzuetan ezinezkoa dala. Plazak egiten dodaz, ahalik eta ondoen, ganera, baina estutasunak eta estresak ingurukoek ondo pagetan dabez…


8- Zelan zabilz Madriletik? Ailegau zinanetik aldatu da zeozer?

Ai, Madril, Madril… gure aitite Gabinok esaten eban: Madril Toledo, bueltak ikusi eta etxera gero!. Guk, ostera, lau urte han egin behar.

Arazoa da borondaterik ez dagoala gauzak aldatzeko. Alderdi askorentzat erosoa izan da Euskal Herriko gatazkea. Orain, konponbiderako konpromisoa hartu dogunean, zer egin be ez dakie, eta euren miseriak ezkutetako gero eta atxakia gitxiago daukiez. Dana dala, PPren Gobernuak onartutako legeakaz gauzak aldatu jakuz, bai, baina txarrera.


9- Flamenkoa eta tarota gustetan jatzuzala leidu izan dot baten baino gehiagotan: segiduten dozu zaletasun horreekaz? Beste zeozer gehitu deutsezu aspaldion?

Gehiago gehitu? Gorka, ez daukalada astirik, ba!

Tarota eta flamenkoa asko gustetan jataz, bai. Harritzen nauena da, komunikabideei, kazetariei zelan gustetan jaken gai hau. Esan lei euskalduna, bertsolaria eta ezker abertzalekoa izanda, ezin jatzula flamenkoa gustau. Baina gure barruan badaukagu kontraesan bat: flamenkoa ez da espainola, andaluza baino. Eta Frankok erabagi eban hori izango dala kultura nazionala, eta horregaz ibili dira batzuk urteetan… eta orain nire lako manualeko euskaldun batek hain kitana urteteak harritzen gaitu!

Ha zelako esplikazinoak… bai, flamenkoa gustetan jat, sentimentuen gorazarrea dalako. Camaroni entzun neutsanean lehenengoz partir la camisa espresinoa, barre egin neban, baina gaur egun ulertzen dot zer dan sentitzen dozuna kantau eiaz alkondarea apurtzea, bihotzak urten behar deutsula sentidutea, eta izugarria erexten jat!


10- Makina bat bizkaitar parau zarie finalerdietan kantau ezinda. Pasau diranetatik nor ikusten dozu ondoen finalean sartzeko? Zure zortzikotea finalerako?

Finalerako, erronda honetan ibili diranetatik, Igor Elortza, eta orain sartu diranetatik, Unai Iturriaga. Halanda be, adi, adi, adi, adi Jone Uriari.

Finalerako zortzikotea: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Igor Elortza eta Beñat Gaztelumendi.


Galdera laburrak:

- Politikari bat: Itziar Aizpurua.
- Madrileko leku berezi bat: Reina Sofia Museoa.
- Kanta bat: Eskerrak badakigun igeri egiten (Hutsa taldearena).
- Liburu bat: Biografia del silencio (Pablo d´Ors).
- Bidaiatzeko leku bat: edozein.
- Jateko bat: indaba gorriak sakramentuakaz.
- Ortuari bat: tomatea.
- Plaza bat: Bilboko Santiago plazea, Aste Nagusian.
- Bertso bat: Maialen Lujanbioren Suarena (2009ko bertso finala, bederatziko txikian).
- Bertsolari bat: Unai Iturriaga
- Bertsokide bat: Xabi Paya.
- 2013ko txapelduna: Amets Arzallus


Udea etorri barri egoala esan neutsuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara orduko alkarrizketak ekarriko nituala. Udea joan zan, udagoiena etorri da eta finalerdien tertzioan etorri natzue... baina ixi! itzelezko protagonisteagaz. Txitean-pitean etorri behar ziranak erreskadan ekarten ahaleginduko naz. Ordura arte, ondo segidu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu