'Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa' erakusketea, Guggenheim museoan

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-10-30 14:43   Kulturea

Iñaki Garmendia, Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberriaren atzera begirako erakusketeak egile bakotxaren ibilbidea aztertzen dau, eta ganera artistek lan bana sortu dabe Guggenheim museoko espaziorako. Erakusketea zezeilaren 16ra arte egongo da zabalik.

Iñaki Garmendia, Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberriaren atzera begirako erakusketeak egile bakotxaren ibilbidea aztertzen dau, eta ganera artistek lan bana sortu dabe Guggenheim museoko espaziorako. Erakusketea zezeilaren 16ra arte egongo da zabalik.

Hiru artistez gan, Lucía Agirre eta Álvaro Rodríguez komisarioak, eta Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendaria izan dira aurkezpenean. Hirugarren solairuan, bakotxak espazio batean, ditue ikusgai lanak. Egileen lanik esanguratsuenak batu dituela nabarmendu dau Vidartek, eta hirurek daukiela historiaren ganeko ardurea.

Euskal artistak ikusgarri bihurtzearen ganean jardun dau Álvaro Rodríguez, horren ganean eztabaidatu eben erakusketea antolatu orduko komisario biek, zelan egin ikusgarri euskal ingurune artistikoa. Taldeko erakusketea izan arren, hiru artistek ez dabela talderik osotzen azpimarratu dau, ahots independenteak dira. Dana dala, ezaugarri komun batzuk baditue, esaterako, historiaren irakurketea eta lan egiteko modu batzuk.

Lucia Agirrek artistra bakotxak Guggenheimentzat sortutako lanak izan ditu berbagai. Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961-1967 sortu dau, kobre ganean grabautako 39 xaflaz osotutakoa. Egiz (1950-1952) aldizkari klandestinoa galerazo ostean, sortutako Sine Nomine agerkaria dau oinarrian lanak. Lazkaoko beneditarren artxibategian berreskuratu ditu xaflak.

Xabier Salaberriak (Donostia, 1969) A. T. M. O. T. W instalazinoa sortu dau. Museoak adierazoteko leku lez beteten dauen papelaz egin dau gogogoetea. 2012an egindako beste lan biren -Martello eta Inkontziente/Kontziente- erreferentziak jaso ditu, eta artea, arkitekturea eta diseinuaren arteko alkargunea agirian ixten dau.

Ikaraundi-EQDALOS (burua paretan kontra belaunikatuta) beharrak Jorge Oteizak José Sarriegi margolariari egindako bustoa dau oinarri. Eskultura hori desagertuta dago gaur egun, eta haren hiru erretratu besterik ez dagoz. Irudi horreek erabili ditu Iñaki Garmendiak (Ordizia, 1972) bere lanean. Baina ez dau berak gura eban erakusketea egin, prentsaurrekoan bertan adierazo dauenez. Ustezko lege baldintza batzuk direla eta, ezin izan dot nire lana nahi neban moduan erakutsi. Nik ipini nahi neban obra bat kendu egin dabe, azaldu dau. Bai Agirrek bai Vidartek ezeztau egin ditue Garmendiak esandakoak. Jaubea daukan obra bat erreproduziduteko baimena behar da, eta artisteak ez eukan. Horrek arazoak ekarri leikez. Lana amaitu orduko esan eutsagun, azaldu dau Agirrek. Prentsaurrekoa amaitu orduko egin dau ospa artisteak.

Erakusketeak gune didaktikoa dauka, artista bakotxaren lan-prozesuak eta ibilbidea sakonean ezagutzeko. Artistekaz eurekaz bisitaldiak egiteko eukerea be izango da: urriaren 31n, Maneros Zabalagaz; zemendiaren 7an, Iñaki Garmendiagaz; eta, hilaren 21ean, Xabier Salaberriagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu