Estilo ugaritako kantak topauko doguz Yogurinha Borovaren bigarren diskoan
2013-10-29 14:42 MusikeaGaztelania, euskerea eta ingelesa dira erabilten dodazan hiru hizkuntzak eta danak sartu nahi izan dodaz izenburuan; aniztasuna adierazoten dot, ez bakarrik hizkuntzena, estilo ugari sartu nahi izan dodaz, lagun askok be parte hartu dabe lanean.
Gor diskoetxeagaz argitaratu dau Bai, si, yes lana Las Fellini taldeko kideak. Lehenengo diskoagaz alderatuta, bigarren honetan, kolaborazino asko izan ditu Yogurinha Borovak. Ganera, hamalau abestiak entzun eta berehala konturatuko gara estilo aniztasuna dala lanaren ezaugarrietako bat, era askotako doinuak sartu ditu. Munduko alabak singleak bideoklipa be eukiko dau, crowdfunding bidez finantzautakoa eta Yogurinha Borovak datorren hilaren amaiera aldera aurkeztu nahi leukeena.
Carbono 14 diskoa, 2011n argitaratutakoa, Yogurinha Borovak etxeko ordenagailuan gordeta eukazan abesti batzuen bildumea zan. Bai, si, yes bigarren disko hau landuagoa dala esan leiteke, produkzinoaren fasean lan handia eskatu dauena. Abesti askoren musikea edo letrak idazteko, musikari askoren kolaborazinoa euki dau Yogurinha Borovak. Oraingoan, lagun eta ezagunei parte hartzen itxi deutset, alde horretatik, osoagoa da diskoa, aitatu dau Las Fellini taldeko kideak. Bai, si, yes lanean parte hartu dabe, besteak beste, Aitor Sadabak (Hemendik at), Aitor de Olanok (Korroskada), Fernando Carvalhok eta abar. Oier Aldekoaren laguntzinoa da aitagarriena, besteak beste, singlearen egilea dalako.
Hamalau abesti daukaz Bai, si, yes diskoak. Lehenengoagaz (dicen y dicen), Yogurinha Borovaz daukagun irudia apurtzen da, ska erako kantea da. Egia esan, estilo askotako abestiak sartu dodaz, dino artisteak, ez dakit estiloren bat jorratu barik geratu ete jatan oraingoan, mazedonia modukoa egin dot. Izan be, Yogurinha Borovaren asmoa izan da bere nortasunaren alderdi guztiak erakustea, hortik dator bai, si, yes izenburua: Gaztelania, euskerea eta ingelesa dira erabilten dodazan hiru hizkuntzak eta danak sartu nahi izan dodaz izenburuan; aniztasuna adierazoten dot, ez bakarrik hizkuntzena, estilo ugari sartu nahi izan dodaz, lagun askok be parte hartu dabe lanean. Hiru abesti euskeraz dira (Maite duzunarekin gozatu, Munduko alabak eta Mutantea zara), ganerakoak gaztelaniaz eta ingelesa 8. kantuaren izenburuan sartu dau (Divina de la death).
Munduko alabak, diskoko piezarik esanguratsuena da. Omenaldia da, emakume guztiei eta emakume sentiduten diran guztiei, azaldu dau Yogurinha Borovak. Abestiaren bideoklipa egiten dabilz orain eta jentearen erantzunagaz pozik dago artistea. Crowdfunding bidez, hau da, internet bidez jente anonimoaren ekarpen ekonomiko txikiak batuta, finantziau nahi dabe bideoklipa; 4.000 euro behar eta, dagoeneko, 4.200 lortu ditue. Niko Vazquez eta Eva Mateos dabilz bideoa egiten eta zemendiaren 29an Donostian egingo dabe aurkezpena. Hori bai, Yogurinha Borovak aurreratu dau, akaso egun horretarako amaitu barik egongo dala baina, behintzat, grabaketea zelan doan erakutsiko dabe.
2011n lehenengo diskoa plazaratu ebanetik, Yogurinha Borova ezagunagoa bihurtu da, batez be Las Fellini taldeagaz egin dituan emonaldiakaitik. Kabaretaren munduan ezaguna naz, baina musikara salto egin eta jenteak nire musikea entzuten dauela jakitea ederra da. Lekurik bitxienetan topau ei ditu zaleak, esaterako, aurreko baten, 13 urteko lobearen lagun bati diskoa sinatu eutsan. Bai, si, yes diskoa be ondo zabaltzea espero dau Yogurinha Borovak, aurrerantzean abestiek hegaz egingo dabe, euren bidea egingo dabe, ia noraino heltzen diran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!