'Literaturea familian' Reverte anaiekaz Bilbon
2013-10-28 14:44 KultureaTopaketeak, idazle biek literatureari eta kazetaritzeari buruz egindako diagnostikoa ezagutzeko aukerea emongo dau, egungo egoera politikoari buruz daben eretxia baztertu barik. Javierrek eta Jorgek, kazetari zan euren aitak (Jesús Martínez Tessier) eurengan izandako eraginari, historiak eta bidaiek eurengan sortzen daben pasinoari eta alkarregazko literatur eraginei buruz berba egingo dabe, besteak beste.
Javier Reverte eta Jorge Martínez Reverte anaiak izango dira, bihar, martitzena, urriak 29 (arratsaldeko 19:30ean) Bidebarrietako Liburutegian egingo dan literatur topaketearen protagonistak. Bi idazleek izango daben Literatura familian barriketaldia, jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturako zenbait lan eta iruditara hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak literatureagaz zikloaren barruan sartzen da. Topaketea Iñaki Esteban idazle eta kazetari arabarrak gidatuko dau.
Topaketeak, idazle biek literatureari eta kazetaritzeari buruz egindako diagnostikoa ezagutzeko aukerea emongo dau, egungo egoera politikoari buruz daben eretxia baztertu barik. Javierrek eta Jorgek, kazetari zan euren aitak (Jesús Martínez Tessier) eurengan izandako eraginari, historiak eta bidaiek eurengan sortzen daben pasinoari eta alkarregazko literatur eraginei buruz berba egingo dabe, besteak beste.
Javier Reverte (Madril, 1944) kazetari lanetan dabil 30 urtez, prentsa barriemoile lez lan eginez Londonen (1971-1973), Parisen (1973-1977) eta Lisboan (1978) eta barriemoile berezi lez mundu osoko herrialde askotan.
Reverte bidaiari nekaezinak salmenta arrakasta handia lortu dau bere bidaia liburuakaz eta, batez be, Trilogía de África izenekoagaz. Lan horretan bere esperientzia zuzenak bisitetan dituan lurrei buruzko erreferentzia historikoakaz buztartzen ditu eta, horrezaz gan, paralelismoak zehazten ditu leku beretik igaro ziran beste idazle batzuen bizipenakaz, besteak beste, El corazón de las tinieblas idatzi eban Joseph Conradegaz. Arrakasta horri esker, literaturatik bizimodua atarateko aspaldiko asmoa lortu dau, bere kazetaritzako idazkiak medio jakin batzuekaz egiten dituan kolaborazino puntualetara murriztuz, bidaiei buruz idazteko, batez be.
Bere azken lana, 2011n argitaratua, En mares salvajes. Un viaje al Ártico da, eta bertan, Ipar-mendebaldeko Igarobidetik, Artikoko uretatik Ozeano Atlantikoa Ozeano Bareagaz lotzen dauen Kanada iparraldeko itsasoko bidetik, egindako bidaia deskribiduten dau.
Bere anaia Jorge Martínez Revertek (Madril, 1948), Jorge M. Reverte izenez sinatzen ditu bere lanak, eta bederatzi eleberri argitaratu ditu, horreetako sei Julio Gálvez kazetaria protagonista dala. Fikzinoaren munduan egindako lana El último café (1989) kontakizun liburuak osotzen dau.
Horrezaz gan, historiagaz eta oroimenagaz lotutako liburuak argitaratu ditu: Hijos de la guerra (2001), Socorro Thomasekin alkarlanean, Soldado de poca fortuna (2001), Javier Revertegaz eta Jesús Martínez Tessierregaz alkarlanean, La batalla del Ebro (Crítica, 2003) eta La batalla de Madrid (Crítica, 2004).
Kazetari lez, Cambio 16, Posible, Ciudadano, La Calle edo Zona Abierta lako aldizkarietan egin dau lan eta, horrezaz gan, hilean behin argitaratutako Mayo aldizkaria zuzendu dau. El País, El Sol eta El Periódico de Catalunya egunkarietan be ibili da. 2009an, prentsako lan onenari emoten jakon Kazetaritzako Ortega y Gasset Saria irabazi eban, bere amaren heriotzea kontetan eban erreportajeari esker: Una muerte digna.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!