Haizea Hormaetxea: 'Trikitixearen lehenengo notak entzun eta sua bizten jaku barrutik'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-10-28 10:20   Barriketan
Euskal Herriko Jantza Txapelketako irabazlea

Euskal Herriko Jantza Txapelketea Bizkaia aldera etorri da aurten, Leioa eta Santurtzira. Izan be, Haizea Hormaetxea leioaztarra eta Lander Campos santurtziarra izan ziran nagusi Seguran, taxapelketearen 37. edizinoan. Bikote bizkaitar bakarra zan aurten, ganerako guztiak gipuzkoarrak ziran eta. Pozarren dagoz, lortutako txapelagaz gozetan, denporaldi oparo baina gogorraren ostean.


1.- Euskal Herriko Jantza Txapelketea parebako denporaldia amaitzeko modu ederra izan da, ezta?

Oso-oso pozik gagoz. Hainbeste lan egin ostean... Denporaldi oso ona egin dogu aurten. Bizkaiko txapeldunak izan gara, eta Donostian be lehenengo izan ginan. Hainbat txapelketatan lortu dogu txapela, bai bikote lez bai bakarka. Euskadiko txapela lortu genduan Bizkaiko aurreskuan be, Lander txapelduna eta ni txapeldunordea. Titulu asko irabazi doguz aurten, uste dot ezin geinkela gehiagorik eskatu.


2.- Zeuok zinien bikote bizkaitar bakarra. Horrek eragina dauka jantzan egitarakoan?

Aurten geu izan gara bakarrak, bai; epaimahaia be gipuzkoarra, Seguran, ikusleak be gehienak gipuzkoarrak... Gure kontra egoan dana, bai, kar, kar. Mundu honetan bizkaitar gitxi dagoz, ohituta gagoz holako gauzetara.


3.- Beraz, Bizkaian jantzan egiteko ohitura gitxiago daukagu?

Orain 20-30 urte zaletasun handiagoa egoan, eta bueno, urte batzutan nahiko makal ibili da, baina orain hortxe gabilz. Trapagarango eskolan mundu hau bizten ahalegintzen gara. Bost bikote gagoz orain lanean. Espero dogu gehiago izatea. Tiutulua Bizkaian daukagula akaso bikote gehiago animauko dira. Txapel honek Bizkaian oihartzuna izatea gura dogu, Bizkaian be zaletasuna dagoala erakutsi. Mailea eta kalidadea daukaguz hemen.


4.- Seguran, gustura egin zenduen jantzan, ala artega egon zinien?

Urduri joan ginan, tensinoagaz, Segurak dakarren guztiagaz. Telebisinoa be egoten da, ez da gauza bera. Aurten kontu handiagoagaz joan gara, eta burua hotz eroan dogu. Aurreko urteetan ikusi genduan aukerea geunkala. Igaz laugarren izan ginan, tristeziagaz joan ginan etxera. Zorionez, aurten eszenatokira urten eta dan-dana emon genduan. Egia esan, beste batzuetan gehiago gozau dogu, urduritasuna, asko egoan jokoan, telebisinoa be hor... ez zagoz bardin. Publikoak asko gozau eban, hori transmitidu euskuen. Guretzat ezinbestekoa da ikusleen berotasun hori.


5.- Asko igarten dozue, orduan, publikoaren jarrerea?

Bai, bai, publikoaren babes eta berotasun barik oraindino gehiago txikitzen zara, txiki-txiki egiten gara. Lagunak eta familia geunkazan Seguran, asko eskertzen dogu hori.


6.- Seguran, zuok zinien faboritoak, ala ezustekoa izan da?

Faboritoen artean gengozan. Bagenkien aukerea geunkala irabazteko, baina beti egon daiteke ezustekoren bat, hanka-sartzeren bat... Ez egoan argi nor izango zan irabazlea, maila handia dago Seguran. Danok egin behar izan genduan burrukan, ikuskizun polita izan zan.


7.- Arin-arina eta fandangoa jantzatu zenduezan, zeinagaz gusturago?

Arin-arinagaz beti-beti gusturago. Guri gehiago gustetan jaku, biziagoa dalako, trikitixeagaz dalako. Arin-arinean topera ibilten gara beti. Aurten, Seguran erritmo oso bizian jo dabe trikitilariek, horrek gure alde egin dau; gipuzkoarrak baino ohituago gagoz arin-arina jantzatzen.


8.- Lau urtean parte hartu dozue Segurako txapelketan, urteekaz trankilagoa zoazie, ala kontrara, gero eta estuago?

Nik urte asko daroadaz lehiatzen, 14 edo. Lander eta biok lau bider egon gara Seguran. Lehenengo urtean baino tensino handiagoagaz joan gara, lehenengoan ez dakizu zertara zoazen be, beste txapelketa bat gehiago da. Urteak pasau ahala, txarrago pasetan dogu, gehiago kostetan jaku, kontzienteago gara.


9.- Zer da txapelketa baten epaimahaiak gehien baloretan dauena?

Bai Segura bai beste leku batzuetan gauza bardinak hartzen dira kontuan: bikotea alkarregaz ondo moldatzea, zailtasuna, jantzen gauzatzea, naturaltasuna, gorputzaren adierazpena eta jantziak. Oso garrantzitsua da naturaltasuna, ezin daiteke robot baten antzera jantzan egin. Hori dana baloretan dabe. Denpora gitxi-gitxian daukazun guztia erakutsi behar dozu, asko jota lau minutu daukazuz, eta aukera bakarra da. Hutsen bat egiten badozue zenbat arinen ahalegindu behar zara konpontzen, eta ezin da etsi, indarrak atera behar dira ahal dan lekutik.


10.- Behar asko egin behar da perfekzino hori lorrzeko?

Ordu asko dira. Aurten, egia esan, ez dogu nahi beste prestau; bakotxa bere gauzetan sartuta ibili da, lana dala, musikea dala. Segura moduko txapelketa bat ez da azkenengo astean prestetan, urte osoko lana da. Gu maiatzetik gabilz txapelketaz txapelketa, neguan egiten doguz entseguak. Denporaldia aurrera doala ikusten doguz hutsak, hobetu beharrekoak. Saioak grabau eta ikusi egiten doguz, okerrak zuzentzeko. Txapelketa batetik bestera hobetzen ahalegintzen gara. Segurara oso kantsauta heltzen gara, denporaldiko azkenengo lehiaketea da.


11.- Lander eta biok zeuok zeuotara ibilten zarie, ala badaukazue entrenatzailerik?

Trapagarango Iñaki Mugarra da gure entrenatzailea. Urte asko daroaz bikoteak prestetan, bera be jantzaria izandakoa da. Sari hau berarentzat be bada, ez da gurea bakarrik. Txapela Iñakirena da, gure jantza taldekideena, familiarena, lagunena... euren laguntza eta babes barik ezinezkoa litzateke.


12.- Zelan ezagutu zenduen alkar Landerrek eta biok? Erraza da bikotea topetea?

Ez da bape erraza. Lander gitxien espero nebanean agertu zan. Orain lau-bost urte kanpoan nengoen ikasten, orduan ez neukan bikoterik, eta nire burua txapelketetatik kanpo ikusten neban. Baina Lander Iñaki Mugarraren eskolan agertu zan, eta jantzan ikusi ebanean, pentsau eban: Mutil hau Haizearentzat!. Alkarregaz jantzan egin lehenengoz, eta segiduan konturatu ginan tandem oso ona egiten genduala. Ezinbestekoa da konplizidadea, kimikea izatea, alkar ulertzea.

Lander gaztea izatea ez da oztopoa, gauza positibotzat hartzen dogu. Bera gaztea da, indarra dauka, sormen aldetik makina bat da; askotan esaten deutsat hori. Eta nik esperientzia daukat, heldutasuna emoten deutsat bikoteari. Jantzeganako sentimendu bera daukagu biok; trikitixearen lehenengo notak entzun eta biori bizten jaku sua barrutik. Biok daukagu sentimendu bera. Jantzan egiten dogunean kimika hori transmitiduten dogu, publikoak askotan esaten deusku ez dagoala gulako beste bikoterik hainbeste transmitiduten dauenik.


13.- Zenbat urtegaz hasi zinien jantzan? Umetan?

Txiki-txikitatik egin dogu jantzan bai Landerrek bai nik. Lander lau urtegaz hasi zan jantzan. Etxean beti esan deustie oinez baino lehenago jantzan hasi nintzala. Aita jantzaria da, familian be zaletasun handia daukagu; jantzearen munduan egon naz txikitatik. Antza, umetan aulkitik bajatu ta oinez baino lehen jantzan hasi ei nintzan... eta holan segiduten dot, kar, kar.


14.- Aurten ia dana irabazi ostean, datorren urteko erronkak zeintzuk dira?

Mantentzea da gure asmoa, badakigu gatxa izango dala baina. Gazteak indartsu datoz, oso gogor; jakina, txapeldunak podiumetik botateko gogoz. Geu be gogotsu eta indartsu gabilz, titulu guztiak barriro be defendiduteko prest.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu