Liburu zaharren usainak hartuko dau Bilboko Arenala urriaren 25etik zemendiaren 10era

Dabi Piedra 2013-10-24 15:36   Kulturea

Dagoeneko Arenalean dagoz Bilboko Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokako 37 salmenta-mahaiak, noz zabalduko zain. Gure helburu nagusia da, jentea liburuetara erakartea, irakurzaletasuna bultzatzea, aitatu dau Muniategik, nahi dogu irakurleak liburua usaindu, ikutu eta sentidutea, liburuaren magia horregaz kutsatutea.

Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokeak, 35. ekitaldia beteko dau Bilbon. 37 erakusmahaitan banatuta, alde batetik katalogotik kanpo geratu diran argitalpenak merke-merke topauko doguz, batzuk euro baten. Beste alde batetik, antxinako liburuak eta pieza arraroak ezagutu ahal izango ditue Arenalera hurreratzen diranek.

Asier Muniategi liburu azoken koordinatzaileak azaldu dauenez, aukerako liburu esaten jake jatorrizko prezioa ehuneko 20tik gora merketuta daukienei, deskatalogau egin dituelako. Liburu zaharrak, barriz, ehun urte edo gehiagokoak dira, baina barriagoak be sartu leitekez kategoria horretan, baldin eta edizino arraroak edo balio berezikoak badira. Prezioa ez da atxakia izango ez irakurteko, adierazo dau Muniategik, aukerakoak euro bat edo bian lortzeko modua izango da eta, zaharretan be, deskontuak egingo ditue saltzaileek; bildumagileek jakin daiela, lehen edizinoak prezio onetan ipiniko doguzala.

Euskadiko Liburusaltzaileen Alkarteko Kepa Torrealdaik esan dauenez, deskatalogautako liburuen merkadua interesgarria da guretzat, nobedadeakaz liburudendak ganezka egoten dira eta honelako feriak aukera ederra dira katalogotik kanpoko argitalpenak erakusteko. Gero eta liburu gehiago argitaratzen dira, baina salmentak ez doaz gora; beraz, liburu bakotxaren merkadua gero eta laburragoa da, lehenago ataraten dira katalogotik. Horregaitik, Bilboko Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokan, topetan errazak ez diran liburuak salgai egongo dira. Bilboko Udaleko Kultura zuzendari Justo Ezenarrok azpimarratu dauenez, aldaketa handiak egon dira liburugintzan, krisi ekonomikoa dala edo irakurleen ohitura aldaketak dirala; saltzea gatxa da eta era honetako azokak ezinbestekoak dira. Ezenarroren arabera, irakurtea maite dabenentzat plazerra da erakusmahaietan bila ibiltea. Askok uste dabe liburuak garestiak dirala, azoka honetan kontrakoa erakusten da, ganeratu dau Ezenarrok, pozten naz 35. ekitaldira heldu dalako, urterik urte atentzinoa emoten dau eta klasiko bihurtu da.

Urriaren 25ean, barikuan, inaugurauko dabe azokea eta, zemendiaren 10era arte, egunero egongo da zabalik, goizeko 11etatik ordubietara eta arratsaldeko bostetatik bederatzietara (astegoienetan ordu erdi gehiago). Gaur, urriaren 24a, azokea aurkeztu dabe, hain zuzen be, Liburutegien Nazinoarteko Egunean. Liburutegiak be garrantzitsuak dira, aitatu dau Kepa Torrealdaik, irakurzaletasuna bultzatzen dabe eta liburu erosle aktiboak dira. Horregaitik, Bilboko Azokako antolatzaileek liburutegien lana goraipatu dabe gaur.

Asier Muniategiren eretxiz, liburuaren merkaduak erronka gatxak daukaz aurretik, baina gaur egun, oraindino sektore indartsua da. Espainian, igaz, 79.175 titulu barri argitaratu ziran. 2.471 miloe euroko irabaziak lortu zituen liburu saltzaileek, horreetatik 566 miloe, nobelak salduta. Papelezko liburuen % 37,5, liburudenda tradizionaletan saltzen da eta, ganerakoa, megadenda, hipermerkadu eta kioskoetan. Hori bai, komikiek eta liburu zientifikoek salmentetan beherakada oso nabarmena izan dabela ohartarazo dau Muniategik. Euskal Herriko datuak datorren hilean eukitea espero dau Muniategik (Hego eta Ipar Euskal Herriko datu guztiak eskuartean daukiezanean), baina aurreratu dau, euskeraz 2.000 titulutik gora argitaratu zirala igaz. Ganera, argitalpen bakotxeko bataz beteko tiradea igon egin da Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainian jokerea kontrakoa dan arren.

Dagoeneko Arenalean dagoz Bilboko Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokako 37 salmenta-mahaiak, noz zabalduko zain. Gure helburu nagusia da, jentea liburuetara erakartea, irakurzaletasuna bultzatzea, aitatu dau Muniategik, nahi dogu irakurleak liburua usaindu, ikutu eta sentidutea, liburuaren magia horregaz kutsatutea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu