Getxoko Euskerea Sustatzeko Ekintza Planak 300 jarduera baino gehiago aurreikusi ditu 2013 eta 2016ra bitartean
2013-10-23 18:45 Euskerea berbagaiPlana egiteko prozesuan 18 aurkezpen egin ditu Getxoko Udalak eta 242 ekarpen jaso; horreetatik ia % 70 Planera batu dira. Plan barriak 2013 eta 2016 urteen artean Udalak udalerrian aurreikusitako helburuak beteteko aurrera eroango dituen jarduerak gidatuko ditu.
Euskerearen erabilera sustatzea helburu nagusi dauen Getxoko ESEP, Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztu eban bart Getxoko Udalak ekitaldi publikoan. Bertan Gotzon Lobera, Herri Administrazinoetan euskerea normalizetako zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria; Imanol Landa, Getxoko Alkatea eta Koldo Iturbe, Euskera zinegotzia izan ziran. Gotzon Loberak Plana onartu dauen lehenengo udalerria izateagaitik Getxo zoriondu ondoren, Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana pasa dan garagarrilean onartu arte udalerrian egindako lan handia azpimarratu eban; hizkuntzak berreskuratzeko prozesuak luzeak dira eta Hizkuntza Politikan egun agintean gagozanoi euskerea indartzea egokitu jaku, jokoan ez dagoalako euskerearen biziraupena, euskerea indartzea baino, euskerea bigarren hizkuntza izatetik lehenengoa izatera pasau daiten.
Ana Castrok, Foru Aldundiko Euskera zuzendariak euskerearen erabilerea sustatzeko lanean alkarlana oinarrizkoa dala nabarmendu eta Diputazinoa zeregin horretan dabilela adierazo eban erakundeakaz baita gizarteko eragileakaz be eta holan segiduko dabela.
Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana Eragile askoren laguntzinoagaz egin da, 12 urteotan euskerearen normalizazinoan eta hizkuntza politikan erreferente nagusia izan diran I. eta II. Euskara Planen jarraipena eta gaurkotze prozesuaren emoitzea da, Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean eta alkarlanean gauzatutakoa. Plana egiteko prozesuan 18 aurkezpen egin ditu Getxoko Udalak eta 242 ekarpen jaso; horreetatik ia % 70 Planera batu dira. Plan barriak 2013 eta 2016 urteen artean Udalak udalerrian aurreikusitako helburuak beteteko aurrera eroango dituen jarduerak gidatuko ditu.
Helburu estrategikoak
Hizkuntza plangintza barria hiru helburu estrategikoen inguruan antolatzen da. Lehenengoa euskerearen jabekuntzea da eta horretan hurrengo lau esparru bereizten dira: familia bidezko transmisinoa, euskerazko irakaskuntzea, helduen euskalduntzea eta kultura-artekotasuna. Bigarren helburu estrategikoa euskerearen erabilerea sustatzea izango da, besteak beste, administrazinoan, lan munduan, aisian eta kirol esparruan, hizkuntzea erabilten ez bada, ugertu ez eze amostu be egiten baita. Erronka nagusia euskaldun guztientzat, baina batez be gazteentzat, euskerearen erabilerea eremu berezi eta garrantzitsuetarako erakargarri egitea da. Azkenik, Planak euskerearen elikadureari emoten deutso garrantzia, besteak beste, kulturgintzan, hedabideetan edo teknologia barrietan, euskerazko edukien bidez eta horreek sortzen dituen euskal eragileen bidez. Euskal hiztunak euskeraz behar ditu ereduak eta edukiak, bere hizkuntza jarduna aberasteko.
Plana egiteko udalerriko eragileei eta euskalgintzan dabilzan taldeei eskerrak emon eutsezan Koldo Iturbek, Getxoko Udaleko Euskara zinegotziak. Planak lehenengo aldiz, besteak beste, euskerea ez dakitenei emoten deutse garrantzia, eurengana hurreratuko dalako, merkataritzan hainbat arlotan lan egingo da, gazteak gogoan hainbat jarduera eroango dira aurrera eta kultur-artekotasunak bere gune berezia dauka Planean. Gainera Plana urtez urte berraztertuko da, Koldo Iturbe, Euskara zinegotziak azaldu ebanez.
Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana aurrera eroateko 330 jarduera (kanpainak, tailerrak, jardunaldiak, Euskera Saria, sentsibilizazino ekitaldiak…) aurreikusi ditu Udalak. Jarduera horreek aurrera eroateko tresna izango da Plana eta horregaz batera gure kultur ondarea gordeteko danon konpromisoa beharrezkoa da; komuniketako aukerea da euskerea eta horregaitik, Lazkao Txikiren hitzak gogora ekarriz, egin beharreko lana berba egitea da, amaitu eban Landak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!