Xaguxar bildumako lau liburu barri aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak

Dabi Piedra 2013-10-23 15:00   Kulturea

Umeentzako liburuak dira Leire Bilbao, Arrate Egaña, Karlos Linazasoro eta Irati Bediagak idatzitakoak. Gaztetxuen kezkak, ezinegonak eta konplexuak arakatu ditue Bilbao, Egaña eta Bediagak, 10 urtetik gorakoentzako lan banatan. Linazasorok, aldiz, umore absurdutik jo dau, 12 urtetik gorakoentzat egokia dan liburuagaz.

Umeentzako liburuak dira Leire Bilbao, Arrate Egaña, Karlos Linazasoro eta Irati Bediagak idatzitakoak. Gaztetxuen kezkak, ezinegonak eta konplexuak arakatu ditue Bilbao, Egaña eta Bediagak, 10 urtetik gorakoentzako lan banatan. Linazasorok, aldiz, umore absurdutik jo dau, 12 urtetik gorakoentzat egokia dan liburuagaz. Kasu guztietan, edozelan be, bizitzeari alderdi positibotik begituten ahalegindu dira, idazleek eurek Bilbon egindako aurkezpenean azpimarratu dabenez.

Xaguxar bildumearen nobedadeetako bat, Leire Bilbao idazle ondarroarraren Euli bat dut bihotzean da. Arraro sentiduten dan ume bat, Gorka, da protagonistea, umeek izaten dituen kezka batzuez berba egin nahi izan dot, Gorka desbardin sentiduten da eta horri aurre egin behar deutso, adierazo dau Bilbaok. Franz Kafkaren Metamorfosia lan ezagunari gorazarre egiten jako istorio honetan, goiz baten, Gorkak, ohi baino arinago sumatzen dau bere burua esnatuten danean, hegaz egiteko moduan, euli bat bihurtu balitz legez, azaldu dau Leire Bilbaok, Kafkaren liburuan, protagonistea baltz eta pisutsu bihurtu zan, kakarraldo bihurtuta, nirean, barriz, aukera barriak zabaltzen jakoz Gorkari. Gorkak, eulia izatearen abantailak disfrutauko ditu, baina eulien bizitza laburra zelan aprobetxau be gogoetea egin beharko dau. Norbere buruaren pertzepzinoaz hausnarketea da, dino Bilbaok. Liburuko irudiak Maite Gurrutxagak egin ditu, oso irudi adierazkorrak dira eta, bitxikeria moduan, esan behar da Maitek ez dauela euli bakar bat be marraztu liburu guztian.

Bilbaoren moduan, Arrate Egañak be eskarmentu luzea dauka literaturan. Oraingo honetan, 10 urtetik gorako umeentzako Simon ipuinen munduan lana aurkeztu dau. Kasu honetan be, konplexuz betetako personaia bat, Simon, dogu protagonistea. Mundu paralelo baten sartzen da, ipuinen munduan eta, bertan, ipuin ezagunetako personaiak ezagutzen ditu: Txanogorritxu, Aladin, lamiak eta abar. Han eukitako abenturek aldatu egiten dabe Simon, bere buruagan konfiantzea emoten deutsie. Arrate Egañak azaldu dauenez, ipuin klasikoen eta herrikoien erreferentziak erabiltea eroso egin jat, danok ezagutzen doguzalako. Personaiaz beteriko nobela konplexua ondu dau errenteriarrak, Iñaki G. Holgadoren marrazkiakaz.

Karlos Linazasorok fantasiaren eta absurduaren bidetik jo dau, umorez zipriztindutako Tripoli doktorea lanean. Protagonistea Tripoli doktore bitxia da, burutik jota dagoan tipoa, Linazasororen arabera. Liburuan, osagile horren konsultara doazen hainbat lagunen istorioak kontetan dira, gaixoak zein baino zein xelebreagoak dira, umore absurdua landu nahi izan dot. Oso liburu teatrala dala adierazo dau Linazasorok, bizia, alkarrizketaz josia, gidoi bat dirudi. Bruno Hidalgoren marrazkiez apaindu dabe Tripoli doktorea.

Amaitzeko, Irati Bediaga idazle galdakoztar gazteak bere lehenengo liburua argitaratu dau, Beldarren hegaldia. Enrique Morentek egin ditu marrazkiak. Bere lagunek egin dabena egitearren, protagonistea, Nahia, ballet klaseetara apuntetan da, bape gogorik ez daukan arren. Kasu honetan be, desbardin izateaz hausnartzen da, dino Bediagak, istorioak aurrera egin ahala, protagonistea jaubetzen da onena dala norbere burua dan modukoa dala onartzea. Xabier Silveira bertsolariak behin egindako hausnarketa batek bultzatu ei eban idazle gaztea bide horretatik joatera: Benetako iraultzea norbere barrutik sortu behar da. Liburu positiboa da Beldarren hegaldia, Nahiak txarto pasetan dau, baina biktimismorik ez dago. Lan honegaz, Irati Bediagak Mikel Zarate Saria irabazi eban. Epaimahaian, hain zuzen be, Leire Bilbao egon zan eta gaur azaldu dauenez, saritu genduan, lan freskoa dalako, gaur eguneko gaiakaz lotutakoa. Bediagaren liburuko ideia nagusiagaz bat egiten dau, ganera, Bilbaok, bakotxak gogoko dauena egin behar dau, ez familiak, lagunek edo inguruneak behartutakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu