Ane Zabala: 'Lehenengo aldiz ausartu gara geuk idatzi ez dogun testu bategaz'

Koldo Isusi Zuazo 2013-10-21 12:20   Barriketan
Aktorea eta kazetaria

Gilkitxaro antzerki taldearen 20. urteurrenean, Urak ttiki dire antzerki lan barria aurkeztuko dau, Lesakako Gaizka Sarasolak idatzitakoa. Ane Zabala eta Galder Perez bilbotarrak protagonista dituan obrearen estreinaldia Bilboko Pabilioi 6 aretoan izango da, zemendiaren 8an eta 9an. Lehenengo egunean, antzerkilanaren ostean Izaki Gardenak & Liberen kontzertua izango da, eta zemendiaren 9an, barriz, Leire Uchak Zer duzu, Amy? bakarrizketea eskainiko dau.

Estreinaldirako hiru bat aste baino falta ez diranean, hona hemen Ane Zabalak kontau deuskuzanak:


1.- Honolulu leku bat eta 8 begi lanakaz upealako arrakastea izan zenduen eta herririk herri makinatxu bat saio egin ostean dator Urak ttiki dire. Zelako lana da?

Aitatutako bi horreekaz ez dauka bape zerikusirik; Honolulu leku bat eta 8 begi komediak dira, komedia absurduak bai baina komedia, zeozer kontetako gogoa egon arren, laugarren hormea apurtu eta Galderrek eta biok publikoagazko hartu-emonetan oinarritu ginan. Desbardintasunakaz jarraituz, aitatu lan bi horreek Galder Perezek idatzitakoak dira eta Urak ttiki dire, barriz, lagun batek, Gaizka Sarasolak, idatzi deusku. Lehenengo aldiz ausartu gara geuk idatzi ez dogun testu bategaz. Urak ttiki dire drama absurdua da, beste erregistro batean kokatu gara.

Obran, personaia bi dagoz, Ilargi eta Willi; basoan topo egiten dabe, basoko txoko horretara lantzean behin joaten da Ilargi etxetik alde egiteko beharra daukalako eta txoko horretan izkutatzen da edo hor libreago sentiduten da. Bapatean, Willi personaia misteriotsua agertzen da, igesi dabil eta Erregea eta bere segizioaren zain dago, eginbehar garrantzitsua dauka, helburu suntsitzailea. Ilargiri, barriz, interesa eta kuriosidadea sortzen deutso eta bien arteko hartu-emonak agiri dira obran. Itxaropenak, amesgaiztoak, frustrazinoak, maitasuna, bakardadea eta alkar ezin ulertzea behin eta barriro agertzen dira. Holan, samurtasunez eta poesiaz beteriko testuan asko dira planteetan diran galderak, hainbeste dira bete beharreko desioak, gehiegi baitira bete ez diran amesak.


2.- Orain artekoak Galderrek idatzi baditu be, Gaizka Sarasola Lesakako antzerkigile eta musikariak idatzi deutsue testua. Zergaitik?

Bai Gaizka Sarasola, Lesakako txistulari, musika irakasle eta Mairu Antzerki tailerraren sortzaileetariko bat, izan da testua idatzi dauena. Gilkitxaroren hasieran edo euskal antzerki taldeen alkartean ibili ginan beharrean eta hor aukerea izan genduan Euskal Herri osoko antzerki talde eta antzerkigileakaz hartu-emonak izateko, Nafarroa aldean, Bortzirietan eta hor zehar ibili ginan eta antzerki bidelagunak topau genduzan, Lesakan, Beran, Arantzan... Sasoi horretan sortutako laguntasun eta hartu-emonak berreskuratu eta Gilkitxaroren 20. urteurrenerako oso egokia begitandu jaku Urak ttiki dire lana.


3.- Landa giroa, naturea eta basoa egilearen ingurune naturalak eta ohikoak dira baina Gilkitxaro Bilboko taldea da, urbanoa eta kaletarra. Zelakoa izan da buztarketea?

Bai, testua lesakarrez dago eta kontetan dana naturan, basoan oinarrituta dago, Lesaka inguruko horretan eta hori zailtasuna izan da guretzako, gu bilbotarrak eta kaletarrak garelako.

Edozelan be, kostau jaku apur bat baina pozik gagoz emoitzeagaz. 2011. urtean jaso genduan Urak ttiki dire obrea eta lan asko emon deusku testuak, badagozalako berba asko guretzat sano arrotzak diranak, natureagaz eta arbolen izenakaz eta lotutakoak diralako. Gure egunerokoan, berba egiterakoan holako lexikoa ez dogu erabilten eta, beraz, Galderrek eta biok mimo handiz landu dogu testua; behin ulertuta geurera ekarri dogu baina testua aldatu barik. Obran lesakarrez egingo dogu.

Ganerakoan, eszenografian, jantziteria eta askosaz urbanoagoa da eta orduan, uste dogu testuak naturara eroaten gaituala baina taula gainean ikusiko doguna geuretik, giro kaletar horretatik hurrago dago. Beraz, buztarketea ezelako obsesino barik, modu naturalean etorri da eta ganera obrea aberastu egin dauela esango neuke.


4.- Galder Perez eta zu zeu aspaldi zabilze alkarregaz beharrean eta azken aldion biok baino ez zarie agertzen oholtzan. Urteetan landutako laguntasuna eta konplizidadea positiboa al da ala aspergarria be bada beti aurrez aurre lagun bera eukitea?

Bueno, aspergarria baino beti da erronkea. Oraingo honetan zailtasun gehiago bilatu doguz biontzako, aktore moduan hazteko erregistro bat baino gehiago landu behar dozuzalako. Eta nahiz eta asko ezagutu erregistro honetan ez gara alkar ezagutzen eta horrek extra bat ekarri dau. Azkenean, antzerkia horixe da jolastea eta bilatzea zelan sartu personaia desbardinetan eta kasu honetan, Ilargi eta Willi hain dira urrunekoak gure antzerkia egiteko formaz eta horrek aspergarria baino sano erakargarria egin dau proiektua.


5.- Lan barria Gilkitxaro taldearen 20. urteurrenagaz batera dator...

Bai, eta lehen esan deutsut orain arte egin doguzan lanak, Edorta Jimenezek idatzitako Mirande kabarata kenduta, Galderrek idatzitakoak izan dira eta oraingo hau, barriz, Gaizka Sarasolak idatzitakoa. Orain, 20. urteurrenagaz, beste erronka bat hartu dogu baina berezko eboluzinoa izan da; 20 urteotan Gilkitxaro asko aldatu da, lagun koadrila bat ginan hasieran, gero urteakaz Galder Perez, berbarako antzerkigintzan profesional bihurtu da, bidean lagun batzuk joan egin jakuz, bueno taldean jarraitzen dogu danak egoten, kontua da ze oholtzan Galder eta biok baino ez garela agertzen. Taldekide danak dagoz gure inguruan, batzuk teknikari, beste batzuk aholkulari, eszenografia antolatzen, jantziteriaren ardureagaz eta abar.


6.- Urak ttiki dire lanaren estreinaldia berezia izango Izaki Gardenak taldearen musikea eta Leire Ucharen Zer duzu, Amy? bakarrizketeagaz...

Bai, Bilboko Pabilioi 6 aretoa ate handi bat da guretzat eta hau atontzen genbilzala konbita luzatu eta astegoien osoan egoteko aukerea izanik, zeozer berezia egitea otu jakun, alkargune lez planteau genduan Gilkitxaroko lagunak eta gura daben guztiek etorteko. Giro horretan, Izaki Gardenak taldeak disko barria daukala aprobetxauta, Jon Basagurenegaz berba egin eta berehala animau ziran. Lehenengo egunean, zemendiaren 8an, gure antzezlanaren ondoren joko dabe; Zapatuan, hilak 9, barriz, geurearen ondoren, Leire Ucharen Zer duzu, Amy? bakarrizketeagaz gozetako aukerea egongo da.


7.- Bestelako esperientziak be izan ditu Gilkitxarok, musikari eta idazleakaz alkarlana eginez eta lehen aitatu dozu Edorta Jimenezek idatzitako Mirande Kabareta antzeztu zenduela eta Txuma Murugarren eta Rafa Acevesek be parte hartu ebela. Antzerkia eta musikea buztartzeko bestelako ideiarik edo proiekturik ba al daukazue?

Alkarlan eta buztarketa horreek beti dira interesgarriak, besteak beste, pilo bat ikasten dalako. Uda honetan Bibote Gorriak kabareta antzeztu dogu Bilboko Aste Nagusian, egun bakarrean eskaini genduan Aiora Sedano aktoreagaz batera eta obra horretan jantzan egin genduan eta kantau be bai. Esan deutsudan lez, emonaldi bakarra izan zan eta orain geldi daukagu Urak ttiki dire obrearen ibilbidea amaitu bitartean baina segurutik berreskuratu egingo dogu Bibote Gorriak kabareta.


8.- Oraintsu Gabrieol Arestiren jaiotzearen 80. urteurrena gogoratu genduan eta Gilkitxaro antzerki taldearen lehen obra harena izan zen Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua' Ze gomuta jatortzu obra hori aitatuta?

Asko maite dogu obra hori. Ikastolan genbilzala, 16 urtegaz edo gure testuak idazten genduzan eta Angel Zelaieta euskera eta literatura irakasleak gure antzerkiagazko zaletasuna eta pasinoa ikusita, Gabriel Arestiren antzerkiak irakurteko proponidu eta erronkea bota euskun ganera, astean behingo euskerako ordua antzezlana idatzi eta atontzeko erabilteko.

Horretan ordu asko emon genduzan eta gelakideei obrea erakusteko eguna heldu zan eta hor izan ziran komeriak; astegoien osoa pasau genduan prestaketa lanetan eta gelakideen aurreko antzezpenaren ostean, beste pare bat aldiz be antzeztu genduan obrea eskolarteko jaialdietan. Gomuta oso politak daukaguz.


9.- Aktore eta kazetariak zarie bai Galder eta baio zeu be eta, berbarako, gogoan daukagu 7 calle del Trinkete programan egindako lana; gaur egun Hamaika telebistan zabilz, zutabegile be bai. Zer sentiduten zara gehiago kazetari ala aktore?

Galdera gatxa da. Bien buztarketa bat nazela esango neuke, bietan nabil oso gustora. Galderrek, barriz, bera ez dala kazetaria erantzungo leuke. Dakizunez, antzerkigintzako profesionala da azkenaldion.


10.- Krisiak bazter guztiak jo ditu eta bai antzerkigintzea eta bai kazetaritzea be ez dira salbau. Kazetaritzearen harian, zelan ikusten dozu egungo egoerea?

Euskerazko kazetaritzeak nabarmen egin dau aurrera. Euskarri danatan presentzia handia daukagu, egunkari bakarra dago, telebista bat baino gehiago dagoz, tokiko aldizkari pilo bat, Interneten atari piloa dago... Azken urteotan aurrera egin dogun arren, kontsumitzaile faltea atzemoten dot, kontsumitzaileak ez dauka informazinoa euskeraz jasoteko beharrik eta horrezaz gan, dagoan anabasa, kaosa azpimararrtuko neuke, inork ez daki papelagaz zer pasauko dan, telebista eredua krisian, Interneten ez dakit zenbat gauza... Saltsa horretan galduta dabilz euskal komunikabideak baina baita beste danak be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu