Tradizinoa eta abangoardia lotu ditu Amaia Iturbidek 'Kartografien eta mikrobio narratiboen artean' lanean

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-10-17 15:35   Kulturea

Sei urtetan idatzitako narrazinoak batu ditu Amaia Iturbide idazle bilbotarrak Kartografien eta mikrobio narratiboen artean liburu barrian. 50 bat ipuin jaso ditu, hainbat gairen ganean, marjinalidadea, askatasun gogoa, zahartzaroa, manipulazinoa, mina eta porrota, besteak beste. Maiatz argitaletxeak kaleratu dau.

Sei urtetan idatzitako narrazinoak batu ditu Amaia Iturbide idazle bilbotarrak Kartografien eta mikrobio narratiboen artean liburu barrian. 50 bat ipuin jaso ditu, hainbat gairen ganean, marjinalidadea, askatasun gogoa, zahartzaroa, manipulazinoa, mina eta porrota, besteak beste. Maiatz argitaletxeak kaleratu dau.

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dau Amaia Iturbidek behar barria, eta lagun izan dau Maiatzeko buru Lucien Etxezaharreta. Hurreko begirada bategaz idatzi ditu kontakizunak idazle bilbotarrak. Espazioaz eta inguruaz be berba egiten dau, gaur egun beste idazle batzuek egiten ez daben lez, azaldu dau Etxezaharretak. Kontetako plazerra igarten jako, bere eretxiz.

Aldizkari, egunkari eta bildumatan, han eta hemen, kaleratutako testuz osotu dau liburua gehienbat Iturbidek. Bost ataletan banatu ditu narrazinook, gaika. Itziar Oizen urratsen atzetik atalean, Itziar Oiz bera da protagonistea. Niretik badauka, baina joko literarioa da, argitu dau egileak. Oihartzunen urrunetatik zatiak esoterismoaren ganeko jaidurea erakusten dau, eta Xehetasunik bahiturik-ek, izenburuak berak aurreratzen dauenez, zehaztasunak ditu ardatz. Ibilbideak-en leku bazterrekoak eta kontrajarriak agiri dira; eta, azkenengoan, Baldintza arrozetan, kutsu existentzialistea da nagusi. Giro eta sentsazinoak landu dodaz. Deskribapenak be garrantzitsuak dira, beti gustau izan jat zehastasuna, ganeratu dau Iturbidek.

Iturbidek berak egindakoa da liburuaren azaleko margoa, izan be artea maite dau. Idaztea eta pintetea ia gauza bera da niretzat -azaldu dau- oso lotuta dagoz nire kasuan. Etxezaharretaren berbetan, modatik aparteko literaturea da Iturbiderena. Tradizinoala hartu eta gaurkotu egiten dot, tradizinoa eta abangoardia lotzen dodaz, adierazo dau bilbotarrak. Txikitik unibersalera jotea da, bere eretxiz, bide egokia. Globalizazinoaren sasoian, eredu hori kopietea ez jat interesetan.

Amaia Iturbideren kartografian leku zehatzak be agiri dira, berbarako Bakio, Eguratsarekin eskuz esku ipuinean, edo Zaldibar, Legamia, neurria, kolore zuria testuan. Eta mikrobio narratibo ugari dago liburuan: gizakiak izan daitekez, galtzaile eta umoretsuak gehienak; animaliak be izatea posible da, txikiak eta zirikatzailea; edo gauzak, objektu magikoak. Euren ezaugarria nagusia darien xarmea da, idazlearen esanetan.

Liburua kaleratu barri, idazten dabil Iturbide, poesia beti idazten dot, autortu dau. Denporea sano garrantzitsua da berarentzat, testuek euren denporea behar dabe. Ez dot sekula idatzi eta argitaratzen segiduan, pausatzen itxi behar dot.

Amaia Iturbidek (Bilbo, 1961) poesia, narrazinoa eta saiakerea idatzi ditu. Urteotan hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste, B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesia tradizionalaren bidetik (2000, Erein), Itzulerarik gabeko txartelak (2008, Labayru Ikastegia), Eszenatokietako aztarnak hasten direnean"(2011, Erein) eta Labirintoaren orduak (2008, Erein).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu