Kirolak eta euskereak bat egingo dabe Bilbon ikasturte honetan

Bizkaie! 2013-10-15 12:13   Euskerea berbagai

Kirolaren arloa oinarritzat hartuta, Bilboko Udaleko Euskera, Gazteria eta Kirol Sailak, Bizkaiko Gurasoen Elkarteak (BIGE) eta Itzarri Consulting enpreseak ekimen barri bi ipiniko ditue laster martxan euskerearen normalizazinoaren bidean aurrera egiteko asmoz.

Kirolaren arloa oinarritzat hartuta, Bilboko Udaleko Euskera, Gazteria eta Kirol Sailak, Bizkaiko Gurasoen Elkarteak (BIGE) eta Itzarri Consulting enpreseak ekimen barri bi ipiniko ditue laster martxan euskerearen normalizazinoaren bidean aurrera egiteko asmoz. Alde batetik, kirolari bizkaitarrek euskereari eta kirolari buruzko berbaldiak egingo ditue; eta, beste alde batetik, uriko ikastetxeetako 9-12 urte arteko umeek kirolaren mundua hurretik ezagutuko dabe, kirolari profesionalen eskutik.

Koikili Lertxundi, Ibai Gómez, Arrate Orueta, Aitziber Juaristi eta Iraia Iturregi futbolariak, Beñat Intxausti eta Igor Antón txirrindulariak, Iñaki Iza eta Mikel Urrutikoetxea pelotariak, Maider Unda burrukalaria, Eunate Agirre bodyboarderra eta Alex Txikon mendizalea izango dira berbaldietako hizlariak.

Urriaren 31n hasiko da martxan egitasmoa, eta datorren urteko bagilera arte luzatuko da. Kirolaren baloreak hezkuntzearen ikuspegitik sustatzea da antolatzaileen helburu nagusia, eta modu berean, eskolako kirolaren ereduari buruz eztabaidatzea. Berbaldiak udaltegietan izango dira: urriaren 31n, Deustuko Udaltegian; zemendian, Castañosekoan; abenduan edo urtarrilean, Otxarkoagakoan; zezeilean, Begoñakoan; martian, La Bolsan; apirilean, Carmen aretoan; maiatzean, Errekaldeko Udaltegian; eta maiatzean edo bagilean, Basurtun.

Horrezaz aparte, Euskara Tek ekimeneko partaide diran ikastetxeetan, ordubeteko mintegiak egingo ditue, euskerearen erabilerea sustatu, eta Bilboko neska-mutilek ulermena, idazketea eta jentaurrean berba egitea praktiketako.

Lehenengo saioan, kirolari batek, Itzarri enpresako konsultorea lagun dauela, bere ibibide profesionalaren alderik aitagarrienak azalduko ditu deskribapen personal baten bidez. Ostean, ikasleek galderak egingo deutsiez kirolariari, informazinoa jasoteko eta taldean edo banaka deskribapenak egin ahal izateko.

Bigarren saioan, bai konsultorea bai kirolaria eskolara bueltauko dira, ikasleek idatzitako deskribapenak entzutera. Amaieran, lanen balorazinoa egingo da, eta sariak banatuko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu