Leire Agirrezabala: 'Mendi lasterketen inguruan jaso jatan ezer ez neban espero. Harrigarria izan da'
2013-10-14 12:26 BarriketanItalian harrapau dogu Leire Agirrezabala Ezkurdia (Ibarra, 1987), oporretan. Baina ez oporretan bakarrik, izan be Limone Sul Gardako mendiko lasterketan parte hartu dau domekan, Munduko Kopako azkenengo proban. Eta bide batez barikuan lasterketa bertikalean egin eban galapan. Bietan izan da bosgarren.
Italiatik bueltan, Gorbeia Suzien lasterketan parte hartuko dau zapatuan, urriaren 19an. Ibilbidea ezagutu ez arren, parajeak gustetan jakozala kontau deutso Bizkaie!-ri. Denporaldi ikaragarria egin dau, estreinaldi itzela egin dau mendi lasterketetan: Espainikoa Kopea irabazi, Euskal Herria Mendi Erronkea be irabazi, Zumaia Flysch Trailen be lehenengoa, Beriaingo Kilometro Bertikalean...
1.- Hilaren 19an Gorbeia Suzien lasterketan parte hartuko dozu. Zein asmogaz ? Irabazteko prest?
Nire asmoa lasterketa guztietan lez, ahalik eta lasterketa txukunena egitea da. Hau da, igoeretan gozetea, ahal dan guztia emotea, eta jatsierak ahalik eta txukunen egitea. Ba, ez dakit ze parte-hartzaile izango diran, beraz ezin jakin irabazteko aukerarik daukadan edo ez.
2.- Ezagutzen dozu ibilbidea? Eta Gorbeiako inguru hori?
Ba, ez, ez dot ibilbidea ezagutzen, eta daborduko ez dot uste denporarik izango dodanik. Halanda guzti be, Bisitaria saioak Oihanari (Kortazar) egindako erreportajea ikusi neban, eta bertan lasterketako zatitxuren batzuk ikusten zirala daukat gogoan. Barriro ikusiko dot, kar, kar... Gorbeian lau bat aldiz izan naz, bitan Arabatik eta beste bitan Ubidetik. Paraje polita da, mendi esanguratsua begitantzen jat.
3.- Maiatzean hasi zinan mendiko lasterketak egiten. Denporaldi ederra egin dozu, itzela.
Bai, egia esan nik ez neban denporaldirik egiteko asmorik, baina azkenean egia da denporaldi bat egiten nabilela. Eta, ganera, ezustean emoitzetan be ona izan da urtea.
4.- Emoitzak benetan onak izan dira, Espainiako Kopea be etxera eroan dozu. Espero zenduan holangorik?
Ba, ez, egia esan mendi lasterketen inguruan jaso jatan ezer ez neban espero. Harrigarria izan da, bai niretzat eta bai ingurukoentzat be.
5.- Euskal Herria Mendi Erronka 65 kilometroko ultra egiten be animau zinan bagilean. Eta irabazi, ganera.
Halan da, ha egitera animau nintzan, esan daiteke kasualidadez. Ganera, hasiera baten anaiak eta biok egin behar genduan, gero berak ez egitea erabagi eban, eta azkenean bakarrik joan nintzan. EH Mendi Erronkako urteeran neukan helburua lasterketea amaitzea zan, eta bertikalean ahal neban lanik txukunena egitea.
6.- Mendiko lasterketa luzeetan gusturago zabilz, orduan?
Momentuz Leitzakoa da egin dodan luzeena, ordutik ez dot ultra gehiagorik egin, beraz ez dakit. Halanda be, distantzia luzeak nahiko ondo jatortaz. Leitzan esperientzia ona izan nebanez, gogoa daukat datorren urtean barriro be ultraren bat egiteko.
Ziurrenik Munduko Kopan parte hartuko dot. Beraz, dana ondo badoa, Zegama-Aizkorrin aterako naz. Niretzat pertsonalki, eta euskaldun askorentzat, lasterketa hori zita berezia da.
7.- Eta bagilean Euskadiko Selekzinoaren deia jaso zenduan.
Leitzan irabazi ostean, Enekoren (Aliende) deia jaso neban. Irabaztea ez baneban espero... dei hori, gitxiago...
8.- Holako emoitzak lortzeko, zelan entrenetan dozu? Eta non?
Aurten asfaltoan ibili naz erabat, baina mendia probau ondoren, eta esperientzia gustau jatanez, biak tartekatzen dodaz. Eguraldiaren, daukadan astiaren eta gogoaren arabera, bata edo bestea aukeratzen dot. Normalean etxe ondoan entrenetan dot. Asteburuetan, hurruntxuago dagoan mendiren batera joaten naz.
9.- Lehiatzea baino entrenetea nahiago dozula uste dot. Zer dauka lehiatzeak, presino gehiegi beharbada.
Niri korrika egitea gustetan jat guzti honen ganetik. Igaz, bape lehiatu barik aurtengo ia kilometro berberak egin nituan. Azkenengo urteetan ez, baina lehenago asko lehiatu badot be, nik uste dot ez nazela inoiz lehiakorra izan. Ganera, lehiatzearen kontu horrek oso urduri jartzen nau; batzuetan aurreko egunetik edo egunetatik txarto pasetan dot. Nik uste dot ez dakidala presinoa behar dan moduan manejetan.
10.- Mendian zabilz orain, baina asfaltotik edo pistatik zatoz, ezta?
Bai, asfaltoan, pistan eta krosetan ibilia naz lehenago.
11.- Mendia ala asfaltoa? Zer da bakotxetik gehien gustetan jatzuna, eta gitxien?
Mendia politagoa da. Baina gogorragoa egiten jat, batez be jatsieretan. Tensinoan bajatzen dot, asko kostetan jatalako erlajetea edo ia inoiz lortzen ez dodalako. Asfaltoan, ostera, ez daukat horretaz arduratu beharrik, horregaitik batzutan nahiago izaten dot.
12.- Gorbeia Suzienen amaituko dozu denporaldia? Ala asfaltoan?
Mendiko denporaldia seguruenik bai, Gorbeia Suzienen amaituko dot. Baina, nire asmoa Donostiako Maratoian parte hartzea da. Azkenean lasterketen denporaldia luze doa, baina halan be, ilusinoa egiten deust Donostiako Maratoian parte hartzeak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!