'Kafkaren aulkia', irakurraldi bertsotua aurkeztu dau Lankuk
2013-10-09 18:15 BertsolaritzeaBertsoa eta literaturea buztartuko dituan Kafkaren aulkia ekimenean Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolaria, Pello Ramirez musikaria eta hainbat idazle (Andu Lertxundi, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola, Xabier Mendiguren...) izango dira parte-hartzaileak.
Bertsoa eta literaturea buztartuko dituan Kafkaren aulkia ekimena aurkeztu dabe gaur Donostian. Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolaria, Pello Ramirez musikaria eta hainbat idazle (Andu Lertxundi, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola, Xabier Mendiguren...) izango dira parte-hartzaileak.
Kafkaren aulkia emonkizunean ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dabe idazle batek eta bi bertsolarik, Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Berbea izango da emonaldiaren ardatza: berba idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko errelatoan txertatuko da harek agindu ahala.
Idazleak osotuko dau emonkizunaren ardatz izango dan errelato nagusia, berak hautaturiko genero, molde eta tonuan. Narrazinoak askotarikoak izango dira, idazle bakotxaren estiloaren araberakoak: poema-errezitaldiak, ipuinak, berbaldi literarioak, nobela bateko pasarte hautatuak... Bertsolariek personaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantauko dabe, narrazinoari koloreak, atmosferak eta kanpo-begiradak gehituz.
Idazlearen emona eta bertsolarien ekinaldiak txandakakoak izango dira eta, musikariagaz batera, emonkizun oso bat eratuko dabe.
Kafkaren aulkia aurkezteko hitzorduak:
- Urriak 17: Bilbo. Bidebarrietako liburutegian. 19:30. Idazlea: Miren Agur Meabe.
- Zemendiak 3: Ondarroa. Kofradia Zaharrean 12:30. Idazlea: Eider Rodriguez.
- Zemendiak 27: Donostian, Casares kultur etxean 19:30. Idazlea: Arantxa Urretabizkaia.
- Abenduak 11. Deustuko udaltegian 19:30. Idazlea: Harkaitz Cano.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!