Itziar Okariz donostiarrak egin dau 48. Durangoko Azokea iragarriko dauen kartela

Bizkaie! 2013-10-09 15:32   Kulturea

Virginia Woolf idazlearen Gela bat norberarena obran oinarritu da Itziar Okariz (1965, Donostia) performance barria osotzeko, eta kartelak ekintza artistiko horren gidoia irudikatzen dau. Zuriaren gainean berbak jantzan. Irudi horregaz osotu dau kartela Itziar Okariz artista donostiarrak.

Virginia Woolf idazlearen Gela bat norberarena obran oinarritu da Itziar Okariz (1965, Donostia) performance barria osotzeko, eta kartelak ekintza artistiko horren gidoia irudikatzen dau. Zuriaren gainean berbak jantzan. Irudi horregaz osotu dau kartela Itziar Okariz artista donostiarrak. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokearen 48. edizinoa, eta azokarako beren-beregi egin dau. Lehiaketearen formulea baztertu eta, azokearen sorreran lez, kartela egiteko proposamena euskal artista bati luzatu deutso Gerediagak. Igaz Nestor Basterretxeak egin eban, esaterako.

Beste alde batetik, azokearen izen ofizial barria iragarri dau Nerea Mujikak, Gerediaga alkarte antolatzailearen lehendakariak. Durangoko euskal liburu eta disko Azokea izen luze eta murriztailea baztertu, eta Durangoko Azokea izango da izen ofiziala aurrerantzean. Laburrago, eta era berean, zabalagoa, zehaztu dau Mujikak. Bide horretan gabilz beharrean 2008tik. Danok argi daukagu hori dala etorkizuneko azokearen eredua. Danon Azokea.

Azken urte hau urte gogorra izan dala gogoratu dau Mujikak, Plateruena kafe antzokiko aurkezpenean. Ez da erraza izan ez Gerediaga alkartearentzako, ez guneentzako, ezta langileentzako be. Gerediaga alkartean ez dogu asmau erabagi guztiak behar bezela plazaratzen. Horrek guztioi kalte egin deusku, gure asmoa ez izan arren. Halan da be, mezu baikorra plazaratu dau alkarteko lehendakariak edizino barriari begira. Herritarrok osotzen dogun alkarte honetan argi daukagu edozein eztabaidaren aurretik dagoala Durangoko Azokea. Euskal kultureak eta azokara etorten diran milaka lagunek hori merezidu dabelako. Horregaitik, gure helburua Durangoko Azokeak aurrera egitea da. Holan izan da azken 48 urte honeetan, kulturgintzeari denporea eta ahalegina eskaintzen deutsagun hainbat eta hainbat lagun inplikaturi esker. Azokea euskal kulturea bultzatzeko herri ekimena da. Aurrera egingo dogu, eta indartu egingo dogu.


Virginia Woolf

2. kapitulua, V.W. izena dau Itziar Okarizen performanceak, eta ekintza artistikoaren partitura edo gidoia da kartela. Performance horretan Gela bat norberarena liburuaren atal bat irakurten dau Okarizek, esaldi bat etenbarik errepetiduta ordu erdiz jarraian. Irakurraldi bakotxean, baina, aurreko lerroko lehen berbea ezabatzen dau, eta testua laburtuz doa, esaldia erabat agortu arte.

Berba desbardinak indartzea lortzen dau holan artisteak, entzuleak berba bakotxaren gaineko kontzientzia hartu daian elementuen esangureari eta esanahi unidade txikienei erreparetako. Bilbon eta New Yorken bizi eta lan egiten dauen artisteak azaldu dau zergaitik aukeratu dauen Woolfen liburu ezaguna: Virginia Woolf asko estimetan dodan autorea da, eta bere lanaren erreferentzia oso egokia iruditu jatan Durangoko Azokarako.

Bideoa, argazkigintzea eta instalazinoak landu ditu batez be Okarizek, eta geheinbat identidadearen inguruko ekintza artistikoak egin ditu. Norberaren nortasuna definiduteko erabilten diran zeinu eta hizkuntzearen arauak zalantzan jarten ditu bere obretan, eta egungo ordezkaritza egituren subersinoaz, eta gorputza/espazioaren hartu-emonez be hausnartu dau Okarizek. Horretarako, inguruagaz alkarrizketan ibilten da bere ekintzetan.

ARCO azokan, Bilboko Guggenheim Museoan, Rekalde aretoan, Picasso Bartzelonako museoan eta beste hainbeste areto eta gunetan erakusgai izan dira Okarizen artelanak. Azken bakarkako lanen artean, esaterako, ondokoak dagoz: Ekintza determinatuen kopuru bat, Leongo MUSACen (2013), Sekzino irregularra performancea Bartzelonako Mercat de les Florsen (2012), Bat, bat, bi, bat Bilboko Carreras Mujika galerian (2011), edo Irrintzi, errepikapena Mexiko DF Uriko La Casa Galerian (2010).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu