Euskal musika talderik onenak saritzen dituan V. Banden Lehia martxan
2013-10-09 14:44 MusikeaAzkue Fundazinoak antolatzen dauen musika-lehiaketearen bosgarren edizinoari egunotan emon jako hasierea. Musika arloko lehiaketa honek euskerea eta teknologia barriak buztartzen ditu eta helburua euskal musika talde amateurrik onena saritzea da.
Azkue Fundazinoak antolatzen dauen musika-lehiaketearen bosgarren edizinoari egunotan emon jako hasierea. Musika arloko lehiaketa honek euskerea eta teknologia barriak buztartzen ditu eta helburua euskal musika talde amateurrik onena saritzea da.
Banden Lehiaren ibilbidea
Egitasmo hau ezaguna bilakatu da euskal musika taldeen artean lau urtez egindako lanari eta izan dauen bilakaeraeri esker. Hobekuntzak eta barritasunak martxan jarri izan dira urtetik urtera eta beti musikea, euskerea eta teknologia izan dira ardatz. Holan, 2010ean Banda Beat euskal musikako sare soziala jaio zan lehiaketa honetatik eta egun taldeek plataforma honetan zabaldu leikie euren musikea urte osoan zehar; igazko edizinoko barrikuntzei esker, egun musika zerrendak osotu daitekez plataforma horretan, Spotifyren antzera. Era berean, igaz Banda Beaten eskuko telefonoetarako aplikazinoa aurkeztu zan. 220 euskal banda baino gehiagok izena emon dabe dagoeneko Banda Beaten.
Urtean behin, Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko, Banden Lehia antolatzen da. Batez beste Banden Lehian 45 banda euskaldun baino gehiago aurkezten dira urtero eta orain arte Euskal Herri osoko 225 banda baino gehiago aurkeztu dira.
Banden Lehia txapelketa mistoa da: musikan adituak diran lau kidez osotzen dan epaimahai bat dago, baina publikoak be aukeratu egiten dau zein dan musika bandarik onena.
Lehiaketeak fase bi ditu: lehenengo online gauzatzen da eta hemendik azalduko dira Banden Lehiako finalera helduko diran lau taldeak. Izena emoten daben taldeek erabiltzaile eta jarraitzaileen botoak jasoten ditue. Puntu gehien lortzen dituen lehenengo bi bandak zuzenean sailkatzen dira. Beste bi bandak epaimahaiak aukeratuko ditu.
Finala zuzeneko emonaldi bategaz ospatzen da eta lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskaintzen dabe; epaimahaia bertan egoten da bakotxaren emonaldia jarraitzen.
Lehiaketaren ikuspegi teknologiko barritzaileak publikoaren botazinoa bideratuko dau: talde finalista bakotxak telefono zenbaki bat izaten dau eta entzuleek botoak emon ahal izango ditue telefono horreetara dei galduak eginez. Epaimahaikideen botoak horreekaz batu eta talde irabazlea aukeratzen da.
Lehiaketako webguneak 8.000 bisita inguru jasoten ditu egunero botazinoak irauten daun hilebete eskasean. Eta igaz, berbarako, taldeek ia 17.000 boto jaso zituen guztira online fasean.
Bosgarren edizioa eta sariak
Aurreko urteetan Bizkaiko Foru Aldundiaren egitasmoa bazan be, Azkue Fundazinoak kudeatuta, edizino honetatik aurrera bigarren honek hartuko dau lehiaketearen antolaketea, kudeaketea eta ardura guztia. Bilboko Udalaren laguntzinoa izango dau, lehiaketako finala Bilborocken ospatzen baita eta aurten, zemendiaren 29an izango da hitzordua.
Sariei jagokenez, talde irabazleak 2014ko Bilbao BBKLive jaialdian joko dau eta disko bat produziduko jako. Eta finalerako sailkatuko diran lau taldeek, zuzeneko kontzertu bat eskaintzeaz gan azken final horretan, edizinoko disko oroigarri bat jasoko dabe, lau talde horreen kantuakaz.
Epaimahaia musika arloko adituez osotuta dago, aurtengo taldea hau dalarik: Ritxi Aizpuru, Baga-Biga diskoetxeko arduraduna; Last Tour Internationaleko ordezkari bat; Haimar Arejita, Gatibu musika taldekoa; eta Andres Portero musika kazetaria.
Egitasmo honetan Bilboko Udalaz gan, Baga-Biga diskoetxeak eta Last Tour Internationalek parte hartzen dabe laguntzaile lanetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!