'Poesia eta uria' lemapean dator urriaren 14tik 23ra egingo dan Bilbaopoesia literatur jaialdia

Bizkaie! 2013-10-08 15:48   Kulturea

Bilbaopoesia, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako literatur jaialdiak, hizkuntza forma eta estilo anitzetatik ikusita, poesia eta uria lotzen dituan egitaraua eskainiko dau aurten. Urriaren 14tik 23ra, hainbat egilek euren ikuspuntua aurkeztuko dabe, eta gai horretara hurreratuko dira sorkuntzearen zenbait alorretatik, poesiatik, musikatik edo antzezpenetik.

Bilbaopoesia, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako literatur jaialdiak, hizkuntza forma eta estilo anitzetatik ikusita, poesia eta uria lotzen dituan egitaraua eskainiko dau aurten. Urriaren 14tik 23ra, hainbat egilek euren ikuspuntua aurkeztuko dabe, eta gai horretara hurreratuko dira sorkuntzearen zenbait alorretatik, poesiatik, musikatik edo antzezpenetik. Saio guztiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte, programau diran bi kontzertuak izan ezik, emonaldi horreen prezioa 10 eurokoa izango baita.

Gabriel Aresti poeta bilbotarra izango da Bilbaopoesiaren edegiera jardunaldiko protagonista, datorren astelehenean, urriaren 14an, (1933an jaio zan egunagaz bat etorriz), poeteari eskainitako Gabriel Aresti bizsitan ikuskizuna eszenaratuko dauen Oskorri taldearen emonaldiagaz. Kontzertu ahaztezina izango da, izan be, Euskal Herriko hainbat udalerritatik igaro ondoren, taldeak bere proposamen barria estreinauko dauelako Bilbon. Natxo de Felipe Oskorriko kidea Gabriel Aresti poetearen lagun personala izan zan, eta alkarregaz igaro zituen jardunaldi ugarietan poetearen berbak eta musikarien soinuak buztartu zituan. Horregaitik, Oskorri taldearentzat, Bilbaopoesian parte hartzea oso gauza berezia da, eta are gehiago Gabriel Arestiren Egunagaz bat etorriz.

Musikeak eszenaren lehenengo lekua hartuko dau barriro urriaren 19an. Alberto San Juan aktore madrildarrak kontzertua eskainiko dau. Alberto San Juan oso ezaguna da antzezle lanetan eta aintzatespen asko jaso ditu, horreen artean Gizonezkoen Interpretazino Onenaren Goya saria 2008an. Emonaldian, ikuskizun eszenikorako musika konposizino onenari emoten jakon Arte Eszenikoen Max Sarietan 2010ean finalista izan zan Fernando Egozcue gitarra jotzaile argentinar ezaguna izango dau alboan.

Poesia garbiaren eta gehigarri bakoaren zaleek, gozamen handia izango dabe barikuan, urriaren 18an, poeten artean antolatutako alkarrizketeagaz. Partaideen artean Luis Alberto de Cuenca (Madril, 1950) lako erreferentea egongo da. Poeta, filologo, itzultzaile, saiakeragile, zutabegile, kritikari, kultur editore eta Historia Errege Akademiako kideak, hitzak eta emozioak konpartiduko ditu bertako poesian dagoeneko benetako klasiko bilakatu dan eta 2010ean Euskadi Literatur Saria irabazi eban José Fernández de la Sotagaz (Bilbo, 1960).

Bilbaopoesiako gaurik ederrenetakoa astelehenean, urriaren 21ean, izango da, Antonio Carvajalen (Albolote, Granada, 1943) 2012ko Poesia Sari Nazionalaren, partaidetzeagaz. Carvajal Filologia Erromanikoan doktore da Granadako Unibersidadean, eta bertako Letra Onen Akademiako kide. Horrezaz gan, Federico García Lorca Katedrea zuzentzen dau, eta bere berbei musika jarri deutsen musikari askogaz ibili izan da alkarlanean, eta baita artista plastikoakaz be. Antonio Carvajal, gaur egungo poesia espainiar garaikidearen barruko 70eko Belaunaldia izenekoaren erreferenteetako bat da. Andaluziako poesia tradizinoaren barritzaile azpimarragarri horrek leialtasun osoz jarraitu dau poesia barrokoaren ildoa, eta bere liburuak, azken hamarkadetan argitaratu diran indartsuenen eta personalenen artean azpimarratu izan dira. Bilbon egingo dauen agerraldian, Pablo Martínez Zarracina kazetari eta poeta bilbotarra izango dau ondoan.

Generoaren zale leialenek esku zabalik hartuko ditue programazinoak jasoten dituan lau poesia errezitaldiak. Horreen artean, urriaren 22an, egingo dana azpimarratu behar da, generoko mito bizia dan María Victoria Atenciaren (Malaga, 1931) partaidetzeagaz. Kritikaren Sari Nazionala irabazi eban 2008an, Federico García Lorca Saria 2010ean eta Espainiako Errege Akademiaren Saria 2012an. Beragaz batera Clara Janés bartzelonarra eta Jerezeko Josefa Parra egongo dira errezitaldian, ibilbide zabala daben bi poeta garrantzitsu.

Entzuleak zur eta lur itxiko dituan beste errezitaldi bat, saio berean Raquel Lanseros Jerezeko poetea eta Lorenzo Oliván kantabriarra alkartuko dituana izango da. Bi poetok hegoaldea eta iparraldea, estilo alaia eta soilagoa, kontrajarriko ditue. Errezitaldian, Pablo González Langarika poeta eta Zurgai aldizkariko zuzendariak be hartuko dau parte. Voces de dos orillas izenburuko errezitaldia Bidebarrieta Kulturgunean izango da, urriaren 16an.

Amaitzeko, domekan, urriaren 20an (19:30ean), Galatea taldeak Ciudad de la ceniza poesia-musika ikuskizuna eskainiko dau.


Hitzordu handia euskeraz

Bilbaopoesiak jasoko dauen jarduera bitxienetakoa Kafkaren aulkia izango da, urriaren 17an, arratsaldeko 19:30ean. Edertasun erretorikoz, musikaltasunez eta sensibilidadez betetako topaketea izango da, euskeraz, lehen mailako bi bertsolarigaz, Bertsolari Txapelketa Nagusia lau aldiz irabazi dauen Andoni Egañagaz eta Uxue Alberdigaz. Gainerako partaideak, Miren Agur Meabe lekeitiar poeta bikaina, 2011ko Kritikaren Saria eta 2002, 2007 eta 2011 urteetako Euskadi Literatur Saria (haur eta gazte literaturan) irabazi dituana, eta Pello Ramírez musikaria, ekitaldiaren ahozko edukia bere musikearen samurtasunez inguratzeko.


Alkarlana BAD-egaz

Aurtengo barrikuntzen artean, urriaren 23an, egitaraua Bidebarrietako liburutegitik Consonni espaziora aldatuko da, Pablo Fidalgo Lareo (Vigo, 1984) antzezle eta poetearen azken poema liburua aurkezteko. Ekitaldian egilea bera egongo da, Harkaitz Canok, 2005 eta 2012 urteetako Euskadi Literatur Sariaren irabazleak aurkeztutako ekitaldian. Jarduera hori Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiagaz – BAD-egaz alkarlanean eskainiko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu