Antzerkia herritarrei hurreratuko deutsie Eskena 2.0 jaialdian, urriaren 9tik 13ra

Dabi Piedra 2013-10-08 15:37   Kulturea

Amaia Ibañez Eskena erakundeko zuzendariak azaldu dauenez, Eskena 2.0 jaialdia gogoeta baten ondorioa da. Danok ipiniko dogu geure aletxua, Eskenak berak, erakunde publikoek eta, jakina, antzerki konpainiek. Beraz, alkarlanetik jaiotako ekimena da, publikoagaz harreman barriak sortzeko, alkarlana ezinbestekoa da.

Lehenengo aldiz egingo dabe, Euskadiko antzerki-konpainia profesionalen alkarteak, Eskenak, bultzatuta. Eguenean hasita eta domekara arte, Bilboko BBK Salan izango dira emonaldiak baina, aurretik, eguaztenean, Bilboko metroko igogailuan kaleko antzerkia eskainiko dau Hortzmuga Teatrok.

Amaia Ibañez Eskena erakundeko zuzendariak azaldu dauenez, Eskena 2.0 jaialdia gogoeta baten ondorioa da. Danok ipiniko dogu geure aletxua, Eskenak berak, erakunde publikoek eta, jakina, antzerki konpainiek. Beraz, alkarlanetik jaiotako ekimena da, publikoagaz harreman barriak sortzeko, alkarlana ezinbestekoa da. Holan, lehenengo aldiz eratu dabe Eskena 2.0, esperientzia pilotua da, herritarren eta sortzaileen arteko joan-etorriko harremanak sortzeko beste bide bat, dino Ibañezek. Bilboko esperientziak ondo urteten badau, beste uriburu batzuetan be antzeko ekimenak egingo ditue.

Gaur egun arte eszenikoek bizi daben egoereak eroan ditu gogoetea egin eta Eskena 2.0 antolatzera. Amaia Ibañezen arauera, gauza jakina da antzerkiak gero eta publiko murritzagoa daukala. BEZaren igoereak eta krisi ekonomikoak zerikusi handia daukie jatsiera horretan, baina Ibañezek azaldu dauenez, arazoa sakonagoa da, konsumo ohiturak aldatu egin dira, uritarrak antzerkitik urrunago dagoz, era digitalean beste entretenimendu batzuk agertu diralako. Horregaitik, Eskena 2.0ren zeregin nagusia izango da publikoagaz harremana sendotzea, nahi dogu ikuslea aktiboagoa izatea eta horretarako, produktuak ez, esperientziak eskeini behar deutsaguz; jenteak sentidu behar dau antzezlanaren barruan dagoala, haren parte dala, bizipen berezia euki behar dau.

Eskena 2.0 jaialdiaren lehenengo antzezlana Hortzmuga Teatroren eskutik etorriko da bihar, eguaztena. Aperitibo moduan aurkeztu dabe, BBK Salan izan beharrean, kale antzerki formatuan izango dalako. Holan, Teatro Intimo izenburupean, Bilboko metroaren igogailu baten sartuko dira aktoreak eta hainbat eszena labur interpretauko ditue, minutu banakoak gitxi gorabehera. Hortzmugako Izpiñe Sotok zehaztu dauenez, konsumo azkarreko ekintza teatrala da, igogailuan suertatzen diran bidaiariakaz hartuemon zuzena eukiko dogu. Publikoagaz, alkarreragina eta sorpresea bilatu nahi ditue.

Eguenetik domekara, aldiz, Eskena 2.0 jaialdiaren programazino arrunta ikusi ahal izango dogu BBK Salan, euskal konpainia askoren eskutik. Eguenean bertan, 19:30ean, Dar-Dar konpainiak eskeiniko dauen Pasado mañana obrea (euskerazko Etzi lanaren egokitzapena) izango da, agian, bereziena. Izan be, Gorabide alkarteagaz alkarlanean, ekoizpen horretan Down sindromedun gazte bat da protagonista nagusia, gazte zein nagusiei pentsau eragiteko sortua. Gorka Zufiaurre, esperientzia luzeko aktorea eta bera be Down sindromeduna, da aktore nagusia. Zufiaurrek esan dauenez, ohorea da obra honetan parte hartzea, benetan gustura nabil. Orain arte euskeraz jardun dan arren, oraingoan erderaz antzeztu behar izatea ez ei da arazoa izango, bietara ondo konpontzen naz.

Barikuan, goizeko 10etan, Pikor Teatroak S@arebegian izeneko lana taularatuko dau. Bariku iluntzean, Ados Teatroren eskutik, Figurantes ikusi ahal izango da eta, zapatuan, arratsaldeko seiretan, Vuela si puedes lana ekarriko dau Paraiso konpainiak BBK Salara. Amaitzeko, domeka arratsaldean, Hika Teatrok Ilargiaren bi aldeak ikuskizuna aurkeztuko dau, disziplina ugari batzen dituan lana. Bilbotarrei eta hurreratzen diran guztiei erakutsi gura deutsegu Eskena erakundean eta antzerki konpainietan egiten dan lana, adierazo dau Amaia Ibañezek, gure eskeintzarik onenaren hautaketea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu