Mintzolak bertsolaritzeari buruzko hainbat ikerketa abiatu ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan
2013-10-07 11:35 BertsolaritzeaBertsolari Txapelketa Nagusiaren olatua baliatuz bertsolaritzeari buruzko ikerketak eta jardunaldiak antolatuko ditu Mintzola Fundazinoak. Munduko Kantu Inprobisatuaren Jardunaldiak Villabonan egingo ditue, urriaren 9tik abenduaren 15era bitartean.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren olatua baliatuz bertsolaritzeari buruzko ikerketak eta jardunaldiak antolatuko ditu Mintzola Fundazinoak. Munduko Kantu Inprobisatuaren Jardunaldiak Villabonan egingo ditue, urriaren 9tik abenduaren 15era bitartean.
Mintzola Fundazinoko ordezkari Karlos Aizpuruak eta Nora Urbizu Amasa-Villabonako Kultura eta Euskera zinegotziak emon zituen zehaztasun guztiak prentsaurrekoan.
Hiru ekimen gauzatuko ditu Mintzolak Bertsolari Txapelketa Nagusia dala-eta: ikerlari eta adituen analisiak txapelketan; Munduko Kantu Inprobisatuaren Jardunaldiak; eta Kulturarteko ordezkaritzea finalean.
Hamalau ikertzailek hartu dabe parte, eta daborduko azterketako bat irakurgai dago Mintzolaren webgunean; Arkaitz Goikoetxea filologoa, itzultzailea eta bertso eskolako irakasleak idatzitako Aniztasuna Txapelketaren bertsogintzan, hain zuzen be. Hainbat gairen ganeko gogoetea egingo dabe adituok, eta euren esperientziak be azalduko ditue.
Zemendiaren 4an ondoko lanak sareratuko ditue: Emakumeak txapelketan, Jone Miren Hernandez EHUko ikerlaria; Txapelketako bertsogintzearen ahozkotasun maila, Xabier Paia ahozkotasunean aditua; eta, Kanporaketetako bertsogintzearen azterketea, Xabier Sukia kazetaria.
Txapelketa aurretik lau azterketa izango dira irakurgai: Abertzaletasuna Txapelketan, Olatz Mitxelena Komunikazinoan lizentziaduna; Txapelketan, bertsolaritzan gertatzen ari danaz, Teresa del Valle EHUko Gizarte Antropologiako katedradun emeritua; Final-aurreetako bertsogintzaren azterketea; eta, BEC, BEC, BEC, Jexux Larrañaga Antropologian doktorea.
Eta, finalaren ostean, abenduaren 19an, ganerako sei ikerketak ipiniko ditue: 2013ko Txapelketeaz, Andoni Egaña 1993-2009 artean txapelduna; Emozinoak txapelketan, Pio Perez EHUko ikerlaria; Alderdi kultural, komunikatibo eta sortzaileak Txapelketan, Pere Bescós Harvardeko (AEB) unibersidadea; Txapelketaren musikea. Katalunia eta Euskal Herriaren arteko aldeak, Anaís Falcó Musikologian aditua eta Christian Simelio corrandistea; 2013ko Txapelketearen datuen azterketea, Manex Agirrezabal informatikaria; eta Finaleko bertsogintzearen azterketea, Joxerra Garzia Komunikazino zientzietan doktorea eta ahozkotasunean aditua.
Munduko Kantu Inprobisatuaren Jardunaldiak urriaren 9an hasiko dira, Villabonako Subijana Etxean. Pio Perezek prestautako Joxe Zapirainen bertso-malkoak. Edo nola arindu arimaren sufrimenduak bertsoen bidez berbaldiak abiatuko ditu jardunaldiak. Eric Dicharry Eusko Ikaskuntzako ikerlariak Antropologo bat bertso-eskolan aurkeztuko dau, eta ostean, Eli Perez Gaztelu Deustuko Unibersidadeko irakasleak Joxepa Antoni Xenpelar izango dau berbagai.
Jardunaldiok beste sei saio eskainiko ditue. Urriaren 16an, berbarako, Miren Artetxe bertsolaritza-ikerlariak eta Iñaki Murua Bertsozale alkarteko buruak udan Mexikon egindako egotaldiaren barri emongo dabe. Abenduaren 11n, Kubako kantu inprobisatua, repentismoa aztertuko dabe hiru kubatarrek, Patricia Tápanes Suárez soziologoak, Haydée Hernández Arencibia filologo eta kultur eragileak eta Sonia Pérez Cassola musikologoak.
Abenduaren 15ean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, Kulturarteko terraza zientifikoa antolatuko dabe. BECen, terraza batean batuko doguz, Mintzolagaz alkarlanean dabilzan hainbat ikerketa erakundeetako edo kultur alkarteetako ordezkariak, ikerlariak eta bertsozaleak, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak, azaldu eben prentsaurrekoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!