Agin Laburuk finalaurrekoetarako txartela irabazi dau, Markina-Xemeinen irabazita

Bizkaie! 2013-10-07 10:22   Bertsolaritzea

Agin Laburuk irabazi dau Markina-Xemeinen jokatu dan Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketea. Haren atzetik, hurranez hurran Jone Uria, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo Abarkas, Eneko Fernandez eta Beñat Ugartetxea sailkatu dira.

Kanporaketearen bezperan, arrazoi personalakaitik Arkaitz Estiballesek Txapelketan parte-hartzeari uko egin eta bere lekua Eneko Abasolo Abarkas iurretarrak bete ostean, Agin Laburuk irabazi dau Markina-Xemeinen jokatu dan Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketea. Haren atzetik, hurranez hurran Jone Uria, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo Abarkas, Eneko Fernandez eta Beñat Ugartetxea sailkatu dira.

Honako puntuazinoa lortu dabe bertsolariek:

- Agin Laburu 699,5
- Jone Uria 677
- Onintza Enbeita 623
- Eneko Abasolo Abarkas 599,5
- Eneko Fernandez 598
- Beñat Ugartetxea 577,5

Horrenbestez, Laburuk finalaurrekoetarako txartela eskuratu dau. Zemendiaren 16an, Oiartzunen jokatuko dan finalaurrekoan kantauko dau, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta puntuazinoaren arabera sailkatuko diran beste hiru bertsolarigaz.

880 bertsozalek ederto girotu dabe Idoia Beitiak aurkeztu dauen saioa. Antolatzaileek Markina-Xemeingo udalak eta herritarrek saioari emon deutsien laguntzinoa eskertu nahi izan dabe. Horrezaz gan, bereziki Markinako bertso eskolearen lana izan dabe gogoan, ha izan baita herrian egun osoan zehar egin dan Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunaren hirugarren edizinoaren antolatzailea.

Hurrengo kanporaketea Hendaian jokatuko da datorren zapatuan 17:30ean, Beltzenia ezker paretan. Sei bertsolari aterako dira oholtzara: Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto.

Hendaiako zein ganerako beste kanporaketetarako sarrerak dagoeneko salgai dagoz www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu