Alberto Markuerkiaga: 'Marabilli aurrerarantzean biurtekoa izango da seguruenik'
2013-09-30 12:51 BarriketanAitzol Aramaio zinemagile ondarroarraren amesa zan herrian sormenaren inguruko ekimenen bat antolatzea. Bizi zala ezin izan eban holangorik egin, baina haren heriotzeak lagun eta familiakoak martxan ipini zituan. Holan abiatu zan igaz Marabilli Sormen Festibala, musikea, artea, antzerkia, jantzea eta beste makina bat osogai dituan topaketea. Bigarren edizinoa be hemen da laster, urriaren 10etik 13ra bitartean. Alberto Markuerkiaga antolatzaile lanetan dabil eta hainbat zehaztasun kontau deuskuz.
1.- Marabilliren bigarren edizinoa prest daukazue. Martxea hartu dozue zuek!
Hasieran apur bat kostau jakun erabagia hartzea, baina arrakastea ikusita, jarraipena izatea pentsau genduan. Aurten egingo dogu, baina aurrerarantzean seguruenik biurtekoa izango da. Lan asko eskatzen dau, igual hoba da gure indarrak apur bat gordetea. Erakutsi nahi genduan egiteko gai ginala. Oraindino erabagi barik dago, baina seguruenik...
Igaz be ez geunkan argi urtero ala behin bakarrik egingo zan, baina jentearen erantzunak hainbeste harritu ginduan! Pilak topera ipini euskuzan horrek, eta aurrera egin genduan.
2.- Sormen jaialdia da Marabilli, zerk egiten dau berezi?
Diziplina asko jorratzen dituan festibala da, ekitaldi bakotxean diziplinak nahastetan ahalegintzen gara. Lehenengo egunean, esaterako, Muchachito y sus compadres taldeak kontzertua emongo dau Bide Onera zinema-aretoan. Muchachitok beti daroa pintorea emonaldietara, eta oraingoan be musikea eta pinturea nahastauko ditue.
Barikuan, Bide Ertzean izango dogu zuzenean, baina lehenago Fernando León de Aranoa eta Asier Altuna zinemagileek berbaldia egingo dabe. Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Valverdek musikea, poesia eta irudiak buztartzen dituan lan barria taularatuko dabe domekan, Jainko Txiki eta jostalari hura ikuskizunaren aurrestreinaldia izango da.
Gauza desbardinak nahasten ahalegindu gara, kale antzerkia egongo da, fanfarreak, zinema-emonaldiak ume eta helduentzako...
3.- Herritarren parte-hartzea be nabarmena izan zan lehenengo edizinoan, ezta?
Igaz artistak inork ezer esan barik urte ziran kalera, adibidez. Off-Festibala egitera animau genduan jentea, eta arrakastea izan eban. Artistak derrepente urten ziran kalera, euren koadro eta gauzekaz. Aurten egitarau ofizialean sartu dira. Beste batzuk be Off-en lekukoa hartzea nahi dogu, beste edozein proposamenegaz.
4.- Herriko eta inguruetako jente ugari batu zenduen igaz, arrakasteak harritu egin zinduen.
Jentearen harrereagaz harrituta gengozan. Balorazinoa egin genduan eta Kirmenek datu zehatzak bialdu euskuzan, 3.000 lagun pasau zirala inoen. Guk ezin genduan sinistu, hainbeste? Baina ekitaldiz ekitaldi batzen hasi ginan, eta bai, kontuak ondo eginda egozan. Ekitaldi batzuetan jentea kalean geratu zan, leku barik. Galan, berbarako, 700 bat lagunek nahi eben sartu, baina ezin, ez dago hainbestentzako tokirik eta.
5.- Aurten be lau eguneko egitaraua atondu dozue, badago nobedaderik?
Ba, aurten festibala kalera aterako dogu. Ez daukagu Kafe Antzokirik, itxita dago eta. Ha izan da Ondarroako birika kulturala urte askoan, baina aurten ezin dogu horregaz kontau. Musikea, antzerkia... dana kalera ateratea pentsau dogu. Zapatuan, Kiko Venenok, The Excitementsek eta DJ Elepuntok Plazan joko dabe, Taquikardia fanfarrea be kalerik kale ibiliko dira, kale antzerkia be badaukagu... Kaleari emon gura deutsagu protagonismoa.
Ia eguraldia lagun dogun, bestela badaukaguz alternatibak, b plana daukagu. Baina espero dogu eguraldi ona izatea, ia Aitzolek gestinoak egiten dituan hortik...
6.- Aitzol Aramaioren heriotzeak bultzatu eban festibala, ala lehenagotik be asmoren bat eukazuen?
Aitzolek beti esaten eban horrelako zeozer egin behar genduala, eta guk lekukoa hartu dogu. Guretzat omenaldi politena Marabilli antolatzea izan zan. Egitaraua egiten gagozanean be Aitzol gogoan daukagu, berari zer gustetan jakon hartzen dogu kontuan. Talde hau Aitzoli gustauko jakon? Ez, ba orduan deskarteta. Edo, kontrakoa, ez dakit nor ekarri behar dogu derrigor Aitzoli asko gustetan jakon eta.
Nik uste dot Aitzolen heriotzea katalizadore bat izan zala. Idea egon baegoan, baina martxan ipinteko asmorik ez. Egin egin behar dala esaten eban, baina... Hil zanean zeozer egin behar zala erabagi genduan. Behin antolatzea zan gure idea, baina honek karrerea hartu da, eta ez daukagu gelditzeko asmorik.
7.- Jaialdiaren izena be ia-ia berak ipinia da, ezta?
Marabilli Aitzolek sarritan esaten eban berbea da. Errautsen ekitaldia egin zanean, lagunek pankarta handi bat egin eben, Bixitxi marabilli re ipinten ebana. Esaldi hori asko-askotan erabilten eban. Eta holan erabagi genduan Marabilli ipintea festibalari.
8.- Aitzolen lagunak eta familiakoak zabilzie antolatzaile, baina tartean bada talde berezi bat, Manuelistak. Nortzuk dira?
Kar, kar, kar... Gu danok gara manuelistak. Aitzol Aste Santuan hil zan, 2011n. Azkenego parrandetako batean lagunak batu ziran, Oier, Kirmen... eta abar. Kalean Manuelegaz egin eben topo; Manuel da Ondarroako gizon bat, 60 urte edo eukiko dituana, baina beti gazte dagoana, asko gustetan jako musikea, umeak... Eta jaia be gustuko dau.
Lagunak afaltzen egozala Aitzolek Manuel euki eban gogoan, eta aurrerantzean leninistak, estalinistak edo dana dalakoa izan barik manuelistak izango garala bota eban. Hori da aldarrikatu nahi doguna, egun osoa kaelan ibiltea, etxafuegoak botatek, umeekaz eta. Alaitasuna aldarrikatu nahi dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!