'Las brujas de Zugarramurdi'
2013-09-24 11:24 Zinema kritikakZakarkeriz betetako pelikulea egin gura izan dauela dino De la Iglesiak. Hori lortu dau. Bere jarraitzaile leialek gozauko dabe. Hugo Silva eta Mario Casas aktoreak gustuko dituenek be gozauko dabe, seguruenik. Baina ganerakoek...
- Zuzendaria: Álex de la Iglesia
- Produktoreak: Enrique Cerezo, La Ferme! Productions
- Gidoilariak: Jorge Guerricaechevarría, Álex de la Iglesia
- Aktoreak: Mario Casas, Carmen Maura, Hugo Silva, Carlos Areces, Carolina Bang, Terele Pávez, Jaime Ordoñez
- Generoa: Komedia
- Herrialdea: Espainia, Frantzia
- Iraupena: 112 minutu
Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo oraintsu proiektau dan Las brujas de Zugarramurdi lelokeri bat da. Ondo egina, eszenaratze handi eta ikusgarria, txiste on batzuk (beste txiste txar askoren ondoan), asmautako karakterizazinoak eta abar... baina zorakeri handi-handi bat. Aldez aurretik jarrera benetan ona izatea beharrezkoa da pelikulea goraipatzeko. Alex de la Iglesia gizon atsegina eta maitagarria da, danok nahi dogu bere filmak gustukoak izatea. Baina nire kasuan, ezin.
Egia esan filmak daukan gauzarik onenetakoa hasierea da, parte-hartzaileen izenak-eta agiri diranean. Ostean, Torrenteren pelikulak gogoratzen dituan lapurreta absurdo bat erakusten deuskue. Eta gero, amerikarren erara egindako auto persekuzinoa; kotxe piloa apurtzen ditue, tiro-saltsa ederra, eta tartean barre eginarazo egiten deuskuen alkarrizketa surrealistak. Sexu-gerran oinarritutako alkarrizketa horreek dibertigarriak dira, filmak daukan onena.
Umoreari eutsi ezkero, ez da hasiera txarra. Baina, sorginak agertzen dira, eta sorginkeriak egiten ditue. Eta, bai, Carmen Maura eta Terele Pávez oso onak dira; lehenengoak irrintziak botaten ikasi dau eta guzti. Arazoa da puntu horretan De la Iglesiak ez dakiela zelan segidu; gidoia garatu ordez, efektu berezi eta persekuzio sekuentzia amaibakoekaz beteten dau, ito egiten dau. Dana da umekeria hutsa.
Mikel Laboaren Baga-biga-higa kantearen indarrak Zugarramurdiko koban filmautako eszenea ikusgarri bihurtzen dau, sano ikusgarri. Baina pelikulea bera lez, sekuentzia hori be lar luzatu dau zuzendariak.
Zakarkeriz betetako pelikulea egin gura izan dauela dino De la Iglesiak. Hori lortu dau. Bere jarraitzaile leialek gozauko dabe. Hugo Silva eta Mario Casas aktoreak gustuko dituenek be gozauko dabe, seguruenik. Baina ganerakoek...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!